2024/08/19

Speleoak bortüetan


20240803-18: Martin U, Oier.

Aurtengoan, ADESeko bi kidek parte hartu dugu Larrako kanpainan, EEE-ren kanpalekuan, ARSIP elkartearekin koordinaturik.

Martinek lehenengo astean egin du berea, eta nik bigarrenean. Ez dugu elkar ikusi beraz, baina kideen komentarioen arabera, inpresio ona utzi du Martinek bortüetan. Kontatuko digu zerbait, elkartzen garenean.

Nire aldetik, lehen urtea izan da. Illaminako Sistemaren esplorazioari duela 13 urte berrekin zitzaion, gure haurren hazkunde bete-betean geundela, beraz orain arte ezinezkoa izan zait etxean denbora asko faltatzea. Hemendik aurrera hori aldatuko dela dirudi, beraz adinak eta forma fisikoa lagatzen duen neurrian, udako hitzordu honetan parte hartu ahal izango dudala uste dut.

Lehen urte honetan, nire helburuak apalak izan dira: kanpalekuaren martxa ezagutu -ez dut sekula horrelako gauza batean parte hartu-; kideei trabarik ez egin; ahal diren gauzetan lagundu; eguzkia biluzik hartzea; eta basa ahaideak ahoz gora kantatzea. Dena lortu dut!

Hortaz gain, bizipen intentsua izan da noski. Jendearekin ordu asko, lan astunetan pasatzean horixe gertatzen baita, edozein girotan. Lehen astean, eta nire bigarren aste honen hasieran, beroari eta ur faltari jazarri behar izan diogu, arrazionamentua, pilula potabilizadoreak eta egositako ura erabiliz. Hori txingorra eta euriarekin aldatu da, bigarren aste honen erdian izan duguna, urarekin nekatzeraino: egun eta erdi osorik, ia denda nagusitik irten ezinda egotea ez da gozoa! Zorionez, astea amaitzeko eguraldiak bakea eman digu, eta azken bi egunak goxoki pasatu ditugu, izarren azpian lo egin ahal izateraino. Desmontaje gogorra hobeto egin ahal izan dugu, horrela!

Espedizioaren kontakizun zientifikoa dakitenei lagako diegu, noski: ohi bezala, hilebete batzuk barru emaitzen sintesi txukun eta oso bat emango digute. Nire aldetik, aurtengoaren briztada inpresionista batzuk ematearekin konformatuko naiz:
    • Mezuak bidali/jasotzeko mendi punta batera igo behar izatea bizarroa da. Oso. Eta eguraldi/ egin beharreko lanen arabera, egun asko pasa daitezke komunikatu ahal izan arte.
    • Garbitasunaren kontzeptua asko aldatzen da, zibilizaziotik urrun dagoen kanpaleku batean. Eta kontzeptu bietan eroso bizi daiteke.
    • Bustita egotea, eta egoera hori kudeatzea, zibilizazioan lehortzeko ditugun baliabiderik gabe. Galtzerdiak esterilla azpian. Arropa bustia lo-zakuaren barruan. Jaima komunetik lo egiteko denda kanpainetareko bidea, euriaren azpian, euritako arropa guztiak hantxe dituzunean. Erronka politak. 

Ea datorren urtean itzultzeko aukera dudan, ahal dela bio arloari bultzadatxo bat emateko.

2024/08/01

Ereñoko Arroilaren aurkikuntza


  20240731: Oskar E, Gotzon, Antua, Oier.

Basondoko Potoa. Juan dan zapatuko aurkikuntzan ostian (Olaldetik gorako 5 sifoia gaindittuta, galeria haizedun barrixak 100 metrotan), gaurko helburua sifoian topografixa zehatza, eta parte haizedunian zirriborro poligonala egittia izan da. Urpekari baten ekipua eruateko justo xamar, baiña allegau gara lekura; eta hurrengo ordu luziak planifikau doguz: ordu 2 sifoia topo, ordu 1 exploraziñua, ordu 1 bueltarako. Han juan da Oskar, eta konturatzerako Gotzon "espora fasian" sartuta zeguan, tela erreflexiboz estalittako eskiña baten. "Kabroia!" pentsau dot nik, "honek egin jok bere txokua eta bestiok hor konpon!". Baiña ez, itxuria: espazio minuskulo horretan, hirurok egotia aurreikusitta zekan! Ahal danik eta pegauena noski, eta etanol kandela batekin. Halan egin dogu ba, bi izter-urkulu eta hirugarrena bizkarka, hiru ordu gitxienez eta biharbada lau egoteko mentalizauta. Hotza gogorra izan da (kanpoko bero asfixiantiakin gogoratuta, hobeto eruaten zan) baiña txarrena ez da hori izan, ez bada eze posturia mantentzia -aldatu bihar zan bakotxian, zafarrantxo itzala zalako-. Azkenian Oskar uste baiño lehenago itzuli da, ordu bi ta erdira; albiste onekin gaiñera: ixa km 1 topografiau dittu, eta beste galeria haundi bat topau dau, Ereño aldetik datorren laterala, topografiau barik geldittu dana (gitxienez beste 200 m). Lastarrikerako norabide nagusixan, ostera 6garren sifoi bat topau dau. Bata zein bestia, hurrengo baten urpekari gehixagokin lagunduta ekin biharko jakon esploraziño ezin interesgarrixagua... 

Gaiñera, Ereñotik datorren adar barri honek aurreikuspenak hausi dittu, kota diferentzial haundixak (ixa 200 metro!) hipotesis erakargarrixeri bidia zabalduta... Hain da eze, adituak hasi dira esaten aurkikuntza hau, bere garaian Paltzuaran errekia topau izanan parekua izan leikiala. Eta hori asko esatia da, gero!