2022-3-26 Zutoia, Santi
Gabika eta Oma bitarteko artadian bada Lapurlezea deitzen den inguru bat. Hala ere, izen hori daraman leizearen lekua ez da zehatz ezagutzen, hango poto bat horrela katalogatuta dagoen arren.
Orain dela gutxi ezagututako informazio batek leku horren uzian jarri gaitu berriro. Izan ere, Valentín Achurculu, XIX. mendeko kobalari pioneroaren kronika irakurtzen aritu ondoren, han agertzen den kontakizun batekin harrituta geunden. Dirudienez, Valentin antzinako idatzi bat irakurtzen ari zen, Erdi Aroko manuskrito zahar bat, eta han izan zuen Lapurlezearen berri. Bere kronikan kopiatu zituen zenbait pasarte, letra guztiak ezin zituela ondo dezifratu aipatzen badu ere. Antza, eskuizkribuaren idazleak hauxe kontatzen zuen, Oma gaineko artadian bazela gainean gotorleku bat eraikita zeukan haitz tontor bat, eta koba handi batek gurutzatzen zuela mendia banda batetik bestera:
“… tenia una torre muy inspunable y fortificada, plantada sobre una muy grande roca peñisca, y por debaxo della ba una muy grande y larga cueba hecha por donde podían caminar muy bien gentes de a caballo y de a pie grande trecho a las partes en donde salían dos bocas desta cueba, para de las partes de fuera salir y entrar en ella por debaxo de tierra ocultamante, que ponía grande admiraçión a los que bieron este terrible secreto.”
Manuskritotik jasotakoaren arabera, Erdi Aroa baino lehenagokoak izan zitezkeen garai ilunetako guduetan erauzi egin zuten dorre hori, inguru osoko gaizkileak han gordetzen zirelako:
“Esta torre fuerte duró hasta y en tanto que, respeto de los munchos malhechores que allí se acoxían y defendían, Jaun Çuria la mandó e hizo quemar y arrazar con el suelo. Y en adelante aquel lugar se llamó Lapurleçea.”
Informazio honetatik abiatuta, Valentin Achurculu inguru horren bila aritu zen luzaroan. Gabikan galdezka hasi zenean, baserritarrek artadiko arlo zabal bat izen horrekin ezagutzen zutela konturatu zen. Baita ere, artadiko gainalde bati Kobaburu deitzen ziotela. Kronikan hara joan zela esaten du, eta harrizko horma zaharren aztarnak aurkitu zituela; baita ere koba sarrera handi bat bere azpian:
“Coba andia zan. Ara jatsi nintzan, inpernubetara joango banintz leguez, baina ez eban aurrera eguiten. Bearbada, anchina sulua acharen alde batetic bestera ioian. Techua jausi eguingo zan, eta orain ecin da beste aldera irago.”
Ibarrondoko lezia. ADES
Inguru hartara joan gara, beraz, gu ere, kronikan irakurritakoak sortutako jakin-minaz. Artadi zarratuan bueltaka denbora luzean neka-neka egin ondoren, alde bateko sakonean dagoen Ibarrondoko leizearen ondora hurbildu gara. Ahotzar haren aurrean geundela, burutazio bat izan dugu: “hau ote da Valentinek Lapurlezeako kobaren sarreratzat hartu zuen haitzuloa?”
No hay comentarios:
Publicar un comentario