2024/09/29

Gabilaren eta karrabasoen eremuan

 


20240929: Xabi, Urtzi, Gotzon, Antua, Oier.

Lekeitio-Ispasterko labarrak. BFAko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailaren baimena eskutan abiatu dugu datorren denboraldian garrantzi gehiena izango duen kanpaina hau. Babestutako hegazti espezieak direla eta (Falco peregrinus eta Phalacocrorax aristotelis), irailetik abendurako tartea baino ez dugu labarretako haitzuloen prospekzio eta esploraziorako; epe labur horretan, ezarri zaizkigun baldintzen, meteorologiaren, itsasaldien eta geure disponibilitatearen limitazioekin -gogora dezagun ADES Espeleologia Elkarteko kide guztiak bolondresak garenez, gure denbora librean aritzen garela- kostaldeko zati honen ezagutza-maila ahal bezainbeste handitzen saiatuko gara.

Lehen jardunaldi hau Antzoriz lurmuturrean hasi dugu, bi taldetan banatuta: Urtzik eta Xabierrek E aldera egin dute, Santa Katalina ermita azpiko Antzoriz I eta II ikuskatzera (aztarnategiaren babesa egoera onean dago) eta gero gauza bera Solope I eta II zuloekin.

Beste hirurok M aldera egin dugu, ikustaldia interes karstikoko zonaren azken puntutik hasteko: alegia, duela urte batzuk identifikatutako Otoioko Urbegitik. Behar bezalako katalogazioa duen puntua da: ur-iturri iraunkorra, (...) erreferentziazko puntua izango zena zalantza barik. Beraz bertara abiatu gara; iristeko bidea ez da erraza, baina azkenean segurtasunez egiteko moduko zidorra identifikatu dugu. Bloke handien artean, eta marearen ordua gogoan, kare/tupa harrien arteko kontaktua utzi dugu, atzoko euriekin aktibo zegoen urjauzirantz. Bertara iritsita, haitzuloa eta bertatik ateratzen den ur emaria (gaur 0,5 l/s) ikusi dugu, eta gunearen estratifikazioaz eta haitzulo gaineko diaklasaz aritu gara, ur-errejimena ulertzeko seguraski gakoa izango dena. Bueltarakoan, behinola identifikatutako aterpe interesgarriaren bila ibili gara, (...), baina ez dugu aurkitu. Bidean zehar, pare bat hegazti espezie ere ikusi ditugu, baina une honetan ez dugu haiek identifikatzeko gaitasunik; interesgarria litzateke gida/tutorial erraz bat eskuratzea.

No hay comentarios: