2017/06/27

Armintxe: korapilo arkeologikoa, hidrogeologikoa eta diplomatikoa

LABURPENA: Joan den hileetan Armintxeko kobak sona handia izan du, bertan aurkitutako labar-arte multzo garrantzitsua dela eta. Espeleologian, ikerketa lan guztiak partzialak badira ere (esplorazioa sekula ezin delako amaitutzat eman), kasu honetan nabarmenagoa da, abiatu eta denbora gutxira esplorazioa eten behar izan baitugu. Informazio gutxi dugu, beraz, eta batez ere hari soltez osatua. Orain arte bildutako informazioaren sintesia aurkezten dizuegu:  lan ildo nagusiak, ondorio probisionalak... Horrekin batera, arreta berezia eskaintzen diogu Administrazioarekin mantentzen ari garen liskar diplomatikoari (lan taldean, espeleologoak ez gaituzte taldekidetzat hartzen, baizik eta kualifikaziorik gabeko peoiak bezela).

(2017ko apirilean idatzitako artikulua, Karaitza aldizkariaren 24 zenbakirako). Itzulpenak: gazteleraz eta ingelesez.



Hidrogeologia   

Armintxeko koba Bizkaiko iparraldeko Antiklinorioan dago, hain zuzen antiklinal horren ipar-ekialdean, Nabarniz-Aulestiako egiturari dagokion eremuan. Arlo honetan ugariak dira pitzadurak eta tolesdurak, bai estruktura nagusiekiko paralelo doazenak zein hauekin perpendikular edo zeihar geratzen direnak. Hor zabaltzen den karstean orientazio ugariko tolesdurak eta urradurak daude.

Haitzuloa ia bere osotasunean IM-HE norabidean doa, eta antiklinalean dagoen tektonika nagusiarekin bat eginez sortu den haustura bat baliatzen du, Behe Kretazeoko fazie urgondarretako materialetan. Haitzuloaren zatirik handiena kareharri arrezifal masiboetan garatu da, nahiz eta baden kareharri paraarrezifal estratifikatua nagusitzen den sektorea ere, batez ere kobaren gaur eguneko sarreratik ekialderantz.

Kobak 600 x 200 metrotako polje txiki bat osatzen duten bi poto edo dolinatatik jasotzen den uraren kolektore moduan funtzionatzen duela ezagutzen da, baina litekeena da arro hidrografikoa iparrerago ere hedatzea. Ura substratu iragazgaitzen gainetik iristen da potoetara, eta ondoren gehiena kobaren mendebaldeko ertzetik metro gutxitara dagoen Larrotegiko ur-zuloan sartzen da. Oraingoz ez da ezagutzen haizpea zeharkatzen duen errekak handik aurrera egiten duen ibilbidea, edo non daukan urbegia, eta gauza bat segurua hauxe da, eurite garaietan uholdeek galeriaren zati handia bete egiten dutela, baina ez beti horrela gertatu delako, azken mendeetan gizakiak egin dituen jardunen ondorioz baizik.

Testuinguru geografikoa

Jendea kobetan bizitzen hasi zen garaietatik, haien jardunak eragina izan du ingurune karstikoetan, eremu horiek erraz andeatzen eta kutsatzen baitira. Karsta forma bereziz osatua dago bai lurrazalean eta lur azpian, hala nola sakonuneak, ur-zuloak, potoak eta leizeak… eta guzti horrengatik ingurune natural oso hauskorra da. Horren ondorioz, asko igartzen du edozein aldaketa, txikia izanik ere (CALÒ eta PARISE, 2006:48). Leku askotan gizakiak mendeetan zehar neurriz kanpo baliatu ditu inguru karstikoak, batzuetan arreta ezarengatik eta besteetan ezjakintasunarengatik (VAN BEYNEN, 2011:351).

Horrela, gizakien ekintzek eraldaketa eta degradazio handiak sortzen dituzte eremu karstikoetan, arroka eta mineral ustiaketaz, deforestazioaz, laborantza praktikez, eraikuntzez, haitzuloak hondakinen isurketarako erabilita, eta abar. Karstean ondorio negatiboak izan ditzakete aktibitate horiek guztiek:  kutsadura, errekurtso hidrikoak agortzea, hidrologia eta haitzuloaren berezko morfologia aldatzea, animalia espezieen desagertzea, eta abar (CALÒ eta PARISE, 2006:48).

Lekeitioko Armintxeko kobaren kasua aurretiaz esandako guztiaren adibide bikaina da. Izan ere, haitzuloa kokatzen den karstaren ezaugarri nabarmenena “karst urbanoa” izatea baita. Izaera horrek bere estruktura, morfologia eta funtzionamendua baldintzatu du eta giza ekintzek are inpaktu handiagoa eragin dute. Bere gainean nukleo urbano bat duen inguru karstikoa izanik, eraikuntza eta urbanizazio jardunek lurrean eta lur-azpian alterazio handiak eragin dituzte. Karstak transformazio sakona jasan du: topografian segidakoak izan ez diren arloak (potoak, haitz erreak edo lapiazak) bete egin dira lurzorua lautzeko eta urbanizatzeko; ur-korronteak birbideratu dira, konduktu naturalak ur sanitarioak eramateko aprobetxatu, ur arroaren goiko aldea urte askotan herriko zaborren biltegitzat erabili, kobazuloak erabilera ekonomiko ugaritarako erabili, eta abar (ADES, 2016).

Jardun hauen artean badira pare bat nabarmendu beharrekoak. Alde batetik, koba barruan, sarreratik hurbil, eta auzokideen beharrizanak asetzeko asmoz, urak biltzeko presa bat egin zen iraganean urak pilatu eta ponpatuz. Horrek kobako galerian lur sedimentuen pilaketa ikaragarria sortu du, ubideak kolapsatuz. Bestetik, ondorio bera izan dute kanpoaldean XX. mendeko erdialdetik aurrera etxeak eraikitzeko eta haien inguruak urbanizatzeko egindako lanek. Kobaren sarrera bera ere obra hondakinez bete zen garai honetan, ia desagertzeraino. Guzti horrek erabat aldatu du kobako errekaren ibilbidea, noizbehinka galeria gehienak urez ia goraino beteaz eta, besteak beste, haitzuloak gorde duen ondare artistikoaren zati bat hondatuz.


Galdutako kobaren bila

Esandako moduan, koba hau 2001 urtetik desagertua zegoen, obra urbanistikoen ondorioz. Haren berri bagenuen; hain zuzen ere, auzoko jendearen esanetan Armintxeko muinoko kobazulo guztien artean nabarmenena zen, barruan leize bat zuelako (ausartenek sokaz jaisten omen zutena), eta Larrotegi auzotik Letraukuara igotzeko oinezko bidea egitearekin batera desagertu omen zen. Deskribapen hori aurretik genuen erreferentzia batekin bat zetorren: GEV taldekoek bere katalogoan argitaratutako  796. zenbakidunarekin, hain zuzen ere.

Hurrengo hari muturra 2008 urtean aurkitu genuen. Urteak dira Lekeitioko estolderiari eta uraren sareari buruzko informazioa biltzen ari garela; herriak urarekin arazo historikoa izan du, karst batean egotearen ondorioz, eta XIX mendetik hona obra hidrauliko garrantzitsuak egin dira lurpeko galeria naturalak ere erabiliz. Horretan ari ginela, Udal Artxiboko dokumentu multzo batean, peritu batek 1796an herriko hainbat kobazulori buruz egindako azterketa aurkitu genuen, haietatik ura ateratzeko aukerak aztertuz. Besteak beste, aipu hau aurkitu genuen:
“He estado en la cueba o gruta de Arbiach, por la que al parecer corre bastante cantidad de agua, pero a una profundidad tan grande, como que desde el parage donde corre la agua, asta la entrada de la gruta, ai sobre ochenta pies de altura: ai tambien recelos de que en tiempo de grandes maretas llegan estas al mismo parage; pero aunque no lo hubiere, y aunque la agua no estubiere a una profundidad tan grande, seria preciso para sacarla della, al punto desde el qual se pudiese conducir a la Villa, hazer una Galeria, como las que se acostumbran en la Minas asta encontrar con la agua: obra a mi ber de inmenso coste, por ser aquel parage todo peñascoso, o por mejor decir una piedra caliza.”

Ohar toponimiko txiki bat eginaz, esan dezagun Lekeitio ekialdeko karehaitz muino honen izenaren aldaera desberdinak daudela. Gaur egunean inguru horri Armitxe, Armintxe edo Arbintze esaten bazaio ere, dokumentu zaharretan inguru hori Arbeatx edo Arbiatx bezela aipatua agertzen da. Mendi toponimo hauek, halere, ez dira oso ezagunak gaur egunean; are gutxiago, behinolako mendixka, artadia eta ortu txikiak etxez eta asfaltoz estali direnetik gero, gaur egungo Letraukua eta Aldamiz-Etxebarria auzuneak osatuz.

Datuak pilatzen zihoazen, beraz. 2013 urtean, informatzaileetako batek oso modu konkretuan azaldu zigun koba galdu honen kokapena, erreferentzia geografiko zehatzekin; berak seinalatutako lekuan kareharrizko multzoa aurkitu genuen, buxatutako galeria baten aztarnekin. Halere, arazo potoloa zegoen: ikastetxeetarako oinezko bide baten ondoan egonik, egunero ehunka ume pasatzen dira bertatik; segurtasun arazoarengatik, esplorazioa egun bakarrean egin beharra zegoen: ireki, esploratu, topografiatu, argazkitan jaso, laginak hartu, atzera itxi... Lan handia egun bakarrerako, kontuan hartuta artean kobari ez geniola aparteko garrantzirik eman: inguru honetan esploratzeko txandaren zain dauden dozenaka zuloen artean bat gehiago zen, besterik gabe.

Baina ordutik hona gauzak nabarmen aldatu dira: azken urteetako aurkikuntzen ostean (Garratxa I, Lumentxa mendian; Askondo; Morgota; Atxurra...), eta bereziki Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatuta arkeologoek eta espeleologook elkarlana estutu dugunetik, Lea Ibarreko kobazuloek garrantzi handia hartu dute.  Testuinguru honetan, obrek estalitako zulo galdu hark interesa hartu zuen; hain da ezen, desobstrukzioa egiteko geratu ginenean, AGIRI-ko lagun arkeologoak gonbidatu genituen zerbait azalduz gero bertan egon zitezen.


Aurkikuntza

Lan gogorra aurreikusten zen, eta beraz 2016ko maiatzaren 1ean jende asko bildu ginen laguntzeko. Egun horretakoa espeleologoen lan egiteko moduaren adibide polita da: batzuk lurra, harriak, hormigoi zatiak ateratzen hasi ziren, hondakin multzoaren goiko aldetik pausua ireki arte; handik pasatuta, galeria handi baten sabaian agertu ziren, obra-hondakinez osatutako piramide erraldoiaren erpinean; eskuin aldera joanda, leize “beldurgarri” hura ere aurkitu genuen, gazteek jaisteko erabiltzen zuten soka lodi eta guzti; ezker aldera joanda, berriz, hondakin-piramidean behera 15 bat metro jaitsiz, galeria nagusiaren hondora ailegatu ginen; handik aurrerako galeria garbi aurkitu genuen. Ordurako, taldeko kide guztien artean banatutako lanetan ari ginen: batzuk bide posibleak aztertzen, besteak hormak miatzen, besteak topografia egiten, besteak laginak hartzen, besteak argazkiak ateratzen... Beste behin ere, Felix Ruiz de Arkaute handiaren esaera frogatuz: “kate-maila ez da deus: kate osoa da beharrezkoa”.

Aurkikuntzaren unea oso bitxia izan zen, emozio nahastuekin: poza, eta ardura. Lehen unetik konturatu baikinen grabatuetako batzuk ezohikoak zirela, baita irudi multzoaren zenbait ezaugarri ere. Gutako batzuk, oso modu grafikoan, une hartan “handik korrika ateratzeko gogoa” sentitu zutela azaldu dute, lekua nolabait profanatzen ari ginela alegia. AGIRI-ko arkeologoaren bila atera ginen, eta hara eraman genuenean gure usteak berretsi zituen. Esplorazioa bertan behera uztea erabaki genuen; argazkiak atera genituen, ezer ez ukitzeko kontu bereziz, eta kanpora itzuli ginen, kobazuloaren sarrera ahal zenik eta disimulatuen lagata. Egun hartan ginen zazpi lagunetatik, gehienak ez gara gela hartara berriro itzuli.


Esplorazioa

Shockaren ostean, espeleologoen sena nagusitu zen: lanarekin kontu handiz jarraitu beharra zegoen. Aurkikuntzaren egunean bertan hainbat datu jaso genituen, momentu horretan interpretatu ezinezkoak, baina esploratu ahala esanguratsuak suertatu direnak; esate baterako, Erreka Buxatuaren Galerian (-1. maila, kobaren atea 0. maila izanik) uholde zeinuak antzeman genituen; gauza arraroa, kontuan hartuta maila horretan ez genuela errekarik aurkitu.

Maiatza osoan ez ginen Armintxera bueltatu: gogoratu dezagun koba babesik gabe zegoela, eta beraz guk egindako lanek esploratzaile furtiboak erakar zitzaketen. Ekainaren hasierarako Lekeitioko Udalak atea jarri zuen, eta momentu horretatik aurrera lehenengo eginkizunak arkeologoei lanak erraztera zuzendu ziren, Panelaren Gelarainoko pasabideak sokaz eta zurubiz instalatuz, eta espezialistak bertara lagunduz.

Lehentasunezko lan hauek bideratuta, gainontzeko sektoreak esploratu behar ziren; artean ez baikenekien kobari buruz ezer, lehenengo egunean eginiko ikustaldi txikia kenduta. Protokolo zorrotza ezarri genuen: Armintxe pertsona talde txiki batek esploratuko zuen (bihotzeko minez, ADES-eko hainbat kide kanpoan utzi behar izan genituen); esplorazio saio bakoitzaren denbora kontrolatuko zen, kobaren sektore bakoitzean pasatutako minutuak zehaztuz; Panelaren Gelara ez zen berriro inor sartuko, espezialistak laguntzera ez bazen (Armintxe esploratzen ari diren espeleologoetako batzuk oraindik ez dituzte grabatuak ikusi).

Ekainaren 25ean berrekin genion esploratzeari. Egun horretan, putzuz putzu, -2. mailaraino jaitsi ginen: zorua sedimentuz betea zegoela ikusteaz gain (lokatzetan belaunetaraino sartzen ginen), errekarik ez genuen aurkitu, bai ostera ustekabe bat: presa artifiziala. Ahozabalik geratu ginen, begi bistakoa zelako euri denboretan solairu hura, goikoa bezala, urpean gelditzen zela. Beraz, zertarako presa bat? Hari muturrak lotzen hasi ginen: gaur egunean, presa honek 1796ko txostenarekin zerikusia izan dezakeela uste dugu; eta agian baita Arabako espeleologiarekin lotura xelebrea ere.

Izan ere, Armintxe inguruan zabalik ditugun ikerketa ildoetatik bat Gasteizetik pasatzen da. 1906 eta 1924 artean, Anai Maristek Lekeition eskola bat izan zuten. Eskola hori Armintxeko muinoaren bestaldean zegoen, eta jasotako informazioaren arabera, ura ateratzeko haize-errota bat eraiki zuten leize honetan. Hori jakitea, eta Luis Heintz gogora etortzea, dena bat izan zen. Alemaniar hau, euskal espeleologiaren aitzindaria (Mairuelegorretako lehen plano-krokis famatuaren egilea izan zen), Gasteizko Maristen ikastetxeko zuzendaria izan zen urte horietan; ez da erokeria pentsatzea injeinu hidrauliko harrigarri honen diseinuan nolabaiteko esku hartzea izan zuela. Horra, Armintxen zabalik dugun beste ikerketa-lerro interesgarri bat.

Ekainaren 25era itzuliz, esplorazio lanetan ari ginela, Hondo Bako Galerian (-1. mailan hau ere, baina eskonbro piramidearen bestaldean) lehen grabatua aurkitu genuen. Zaldi bat zen, urak horman markatutako arrastoaren ertz-ertzean, eta galeria txiki baten sarrerara begira zegoen; galeria horretatik gela bat ikusten zen, topografiaren arabera Panelaren Gelaren jarraipena zirudiena. Xelebrea zen, zaldiaren posizioak gelara sartzeko gonbidapena egiten zigula baitzirudien. Baina... ez ginen sartu, eta oraindik “Gela Debekatu” hori esploratu gabe dago. Arrazoia? Bertan grabatu gehiago egon daitezkeela uste dugula, eta pasabidea oso estua ez bada ere, hormak eta zorua erraz ukitu eta desitxuratu daitezkeela. Detaile hau esanguratsua dela uste dugu, ADES Elkartearen esplorazio prozedurari buruz asko esaten baitu.

Aurkikuntza maiatzaren 1ean egin genuen bezala, hurrengo esplorazio saioak ere asteburutan eta oporretan egin genituen; honek ongi adierazten du espeleologoak ez garela honetatik bizi. Zentzu berean, gure izaera afizionatua azpimarratze aldera, Armintxen gabiltzan espeleologoen ogibide anitzak azaltzea gustatzen zaigu: adreilugilea, iturgina, sukaldaria, kazetaria, delineantea, abokatua, bi geografo, hiru suhiltzaile, hiru irakasle... besteak beste.

2016ko udan, beraz, astean behin edo birritan (gure lanek uzten ziguten neurrian), Armintxeko esplorazio lanekin jarraitu genuen: ur korronteak identifikatzen hasi ginen; uraren norabidean anomaliak detektatu genituen; aztarnategi paleontologikoak lokalizatu genituen; Maristen haize-errotaren arrastoak aurkitu genituen... baina garrantzitsuena, grabatuak arriskuan jartzen ari den arazo hidrologikoaren dimentsioaz jabetzea izan zen. Gainera, Armintxeko geomorfologia ulertzeko lehen saiakerak egiten ari ginela (Zarama Espeleo taldeko kideen laguntzaz), abuztuaren 2an grabatu berriak aurkitzen hasi ginen.

Etsipenez, Hondo Bako Galeria ere grabatuz beteta zegoela konturatu ginen. Irudi batzuk bereizteko gai izan baginen ere (gehienak zaldiak), beste irudi asko ezin izan genituen identifikatu: animali zatiak, lerro solteak... behinola erraz ikusteko moduko grabatuak izango baziren ere, ur zikinaren eraginez desitxuratuak zeuden.


Arazo diplomatikoa

Handik egun gutxira lanak geldiarazi izan behar genituen. Aurkikuntzatik 4 hilabetera , 6 aste jardun eta gero, bat batean, hainbat lan amaitu gabe utzita. Arrazoiak ez dute lurpeko mundu baketsuarekin zerikusirik, baizik eta auzi burokratikoekin. Gai honek espeleologoen artean interes handia piztu duenez, aparteko atalean aztertuko dugu.

Itxuraz, arazoaren funtsean afizionatu eta profesional kontzeptuen gaizkiulertua dago. Gainera, profesionalen kasuan, haien interesek espeleologo amateurrokin izango duten harremana baldintza dezakete (merituak, curriculuma, argitalpenak, promozio aukerak...). Ez dugu esaten hau txarra denik, noski: bai ordea espeleologoak kontuan hartu beharko dugula, haien portaera hobeto ulertzeko.

Talka

2016ko uda osoan esplorazio lanak arazo barik burutu genituen, prozedura eredugarrian gure ustez (goian azaldu duguna). Baina irailean, ustekabean, Bizkaiko Foru Aldunditik giltza eskatu ziguten. Arrazoia: esplorazioa deskontrolatzen ari omen zela, eta aurrerantzean sarrera guztiak arkeologoaren presentzian egin beharko genituela.

Gure ustez, hau ez zen onargarria. Hasteko, espezialistek ez dituzte esplorazio espeleologiko arrunt batean behar diren ezagupenak. Beste modu batera esanda: arkeologoa gurekin eramateak, gure lana kontrolatzeko balio ez izateaz gain (hura ezin baita ailegatu gu ailegatzen garen lekuetara), esplorazio lana bera eragotziko zukeelako (koordinazio arazoak, espeleologoa ez den pertsona bat kobatik zehar mugitzeko arriskua eta zama...). Gure ohiko sistema beste bat izan da: esplorazioa gure kontura antolatzea; interes arkeologikoa izan dezakeen guneak detektatzean, arkeologoak hara apropos eramatea, eta –orduan bai- haren begiradapean lan egitea. Sistema honen emaitzak onak izan dira ADES-en 30 urteko historian. Adibide onak dira Santimamiñe, Morgota... baina baita Armintxe bera ere; gogoratu aurkikuntzaren egunean geuk gonbidatu genuela arkeologoa, eta geuk hartu genituela Panelaren Gela babesteko lehen neurriak. Laburbilduz:  euskal espeleologook ondarea jagoteko kezka aspalditik erakutsi dugu (ARRIZABALAGA, 1994) eta behin eta berriro frogatu dugu aztarnategi batean berme guztiekin lan egiteko gaitasuna dugula (batzuetan profesionalena baino handiagoa). Horregatik, ADESeko kideek uko egin genion baldintza horietan Armintxeko lanetan parte hartzeari.

Harrezkero, egoera kafkiarrak bata bestearen atzetik etorri dira. Ez dugu detaile handirik emango inor ez lotsarazteko, baina aipatu gabe ezin da utzi, adibidez, Administrazioaren jarrera kontraesankorra izan dela (buruzagiek behin eta berriz guri arrazoia emanez, eta subordinatuek gure lana oztopatzen jarraituz). Edo ADES-ek bere lanen plangintza idatziz aurkeztu zuela; plan hori onartu zigutela; baina, ustekabean, lan horiek enpresa pribatu bati esleitu zitzaizkiela. Edo guri sarrera debekatu ostean (aztarnak hondatu genitzakeen aitzakian), gero sartu diren kazetariek eta zenbait espezialistek ez zituztela aztarnategia zaintzeko protokoloak errespetatu...

Espeleologoak, zokora

Larriena, halere, urrian gertatu zen, Foru Aldunditik aurkikuntzaren aurkezpen publikoa egitea erabaki zenean. Gure harridurarako, prentsa oharrean ez ziren espeleologoak behin ere aipatzen; eta hitzaldian ere, aurkikuntza Bizkaiko Foru Aldundiak egina bezala aurkeztu zen. Espeleologoen aipamen bakarra Cesar Gonzalez arkeologoak egin zuen, aurkezpenaren azken zatian.

Hau gehiegi izan zen, noski; eta imajina dezakezue lehendik pozik bageunden, portaera honek ez zituela gauzak konpondu. Kazetariak, halere, segituan konturatu ziren gertatzen ari zenaz: hitzaldi amaierako aipu horren ondorioz, hainbat komunikabide guregana etorri ziren, eta hurrengo egunetan gure ondoezaren berri eman zuten.

Puntu honetan, distantzia pixka bat hartzea komeni da. Izan ere, Armintxen ADES Elkartearekin egin nahi dutena, espeleologo guztiok Administrazioarekin izan dugun arazo historiko baten azken erakusgarria baino ez da. Espeleologoak zerbait aurkitu dugunean, ia beti profesionalen eta instituzioen itzalpean geratu gara; gehienetan ez  zaigu asko inporta izan, ez garelako loriaren bila ibiltzen; karstaren ezagutza eta babesa da gure lehentasuna. Baina guk ere gure mugak ditugu, eta Armintxeko aurkezpenean egin zigutenak muga guztiak gainditu zituen. Ez gara hori uste dugun bakarrak; beste espeleologia taldeengandik jaso genuen elkartasun handiak adierazten du hori. Beste elementu berri bat ere badago: orain arte, espeleologoen itzaltze honen ondorioak eremu pribatuan geratu izan dira (Administrazioaren eta espeleologoen artean, alegia). Armintxeren kasuan, berriz, injustizia argitara atera da; eta publikoari oso deigarria egiten ari zaio.

Prentsaurrekoaren unera itzuliz, segituan helarazi genien gure protesta Foru Aldundiko arduradunei. Egiari zor, inolako asmo txarrik ez genien ikusi. Egindakoa inertzia hutsa zirudien, “beti horrela egin delako”: buruzagiak argazkiaren erdian, eta langileak zokora. Hanka-sartzea onartu zuten.


Statu quo

Harrezkero, gauzak ez dira mugitu. Espezialistek bisita solte batzuk egin dituzte (zundaketa arkeologikoak, fotogrametria...), grabatuen Panel Nagusian; kobaren beste sektoreetan ez da ezer egin. Azken 6 hileetan Administrazioak eta arkeologoek ez dute ADES-ekoekin ezertarako kontatu.
  
Behin eta berriro esan dugunez, ADES Elkartearen aldetik Armintxeko esplorazioa amaitzeko gogoa eta ahalmena dugu. Badakigu gure ekarpena baliotsua izango dela kobaren arazo nagusiei soluzioa bilatzeko orduan. Urteak daramatzagu Lekeitioko karstean lanean, eta poliki-poliki Armintxeren egitura korapilatsua ezagutuz goaz (izan ere, grabatuen kobazulo hau  gure katalogoan “IS-100 Armintxe II” baino ez da; beste asko daude); hainbat ikerketa ildo abiatuak ditugu, eta artxiboan informazio baliotsua dugu.

Egoera konpontzeko borondate sendoa dugu; segur aski geu gara Armintxeko lanei ekiteko gogo gehien dugunak, espeleologia talde bakoitza bere ikerketa eremura atxikita baitago gauza guztien gainetik. Foru Aldundiko arduraduna ere (Kultura Ondare Zerbitzu Burua) ados agertu da gure lan egiteko modua mantentzeko eskariarekin. Halere, esplorazioak paralisi egoeran jarraitzen du, baita uholdeen arazoaren azterketa ere.

Gure jarrera

Egoera deserosoa da, baina gu optimismo kronikoz kutsatuak gaude. Arazo honetatik denok (Administrazioa, arkeologoak zein espeleologoak) lezio garrantzitsuak aterako ditugula uste dugu. Orain pultsu-jokoan elkarren kontra ari garen lehiakideok norabide berean tiratzen ikasi behar dugu.

Ez diegu guk esango Administrazioari eta arkeologoei nola jokatu, jakina; espeleologoen jarduna hobetzeko, berriz, baditugu zenbait aholku. Profesionalek gurekiko mesfidantza dute, espeleologia taldeen izaera informalak “edozein eta edonola” sartzeko aukera ematen omen duelako. Ulergarria da mesfidantza. Honen aurrean, esan dezakegu espeleologia taldeek badituztela nolabaiteko autoerregulazio sistemak. Espeleologia zientifikoa egiten dugun taldeetan (Euskal Espeleologoen Elkargoan biltzen garenak, behintzat), izpiritu eta norabide jakin bat izaten dugu; eta esperientziak erakusten digunez, izpiritu horrekin bat ez datozen pertsonak (abenturazaleak, espoliadoreak, ganberroak...) kate motzean lotzen dira, eta ez dute taldean denbora asko irauten. Gurekiko dauden mesfidantzen aurkako txertorik onena, beraz, autoerregulazio sistema hauek ongi zaintzea izan daiteke. Espeleologoon portaeran bikaintasuna lortu behar dugu: profesionalak baino profesionalagoak izan behar gara, nolabait esateko. Espeleologian biltzen diren diziplina guztietan gainera (ez bakarrik arkeologian).

Izan ere, kontuan hartu behar dugu karstaren arlo guztiak menperatzen dituen profesionalik ez dagoela. Espezialistek diziplina bakarra menperatu ohi dute, eta batzuetan honek ondorio tamalgarriak ekarri dizkigu: kobazulo batean lan arkeologikoak hastea, bertako faunari kalte izugarria eginaz; edo labar-arte panel bat azken belaunaldiko eskanerrarekin jasotzea, lurzoruko aztarnategia zapalduz eta desitxuratuz...  Espeleologo afizionatuen artean, berriz, karstaren arlo guztietako espezialistak biltzen dira; batzuk ogibidez (lehen zehaztu ditugu Armintxeko lan-taldekideen aniztasuna), eta gehienak autodidaktak. Eta norbere taldean arlo konkretu bateko espezialista falta denean, beste talde batetik etorri ohi dira laguntzera. Horrela, profesionalek ez bezala, espeleologo amateurrok karstaren ikerketa ildo guztiak batera eramateko gaitasuna izaten dugu.

Honenbestean, laster konpontzeko esperantzaz, amai dezagun Armintxeko arazo diplomatikoari buruzko atala, eta itzul gaitezen lurpeko mundu baketsura.


Arazo hidro-arkeologikoa

Atal geologiko eta geografikoetan aurreratu bezala, Armintxen gizakiaren interbentzioak lurpeko sistemaren portaera hidrikoa sakonki aldatu du; arazo hau, larria izanda, are larriagoa bihurtzen da labar-arte multzoa arriskuan jartzen duen neurrian.

Gure ustez, arazoa sortu duten faktoreen sekuentzia hau izan daiteke (altuerak metrotan emanak daude, 0 itsasoaren maila teorikoa delarik):
  • Lehenengoa, presa izan zen; oraindik ez dugu aurkitu eraikuntzari buruzko datu zehatzik, baina XIX gizaldikoa den susmoa dugu. Presa honek uraren ibilbidea geldotu zuen; inertzia-indarra galduta, suspentsioan etorritako sedimentuak errazago pausatzen hasi ziren, ubidearen zorua 12 m-taraino betez. Presa honek galeria nagusia ixten du, baina tamalez ezin izan dugu bere atzeko aldea aztertu: 2001eko obren ondorioz, hormaren atzeko aska eta galeria osoa eskonbroz beteak baitaude.
  • Presaren eraginez, Garavilla Galeria (14 m) sarriago aktibatzen hasi zen; ondorioz, sedimentuek hura ere progresiboki buxatzen hasi ziren (2008ko garajeen eraikuntzarekin zeharo blokeatu arte).
  • 1950 hamarkadan, alde batetik, HM aldeko lautadan hezkuntza eta kirol instalazioak eraiki ziren; bestetik, IM aldean Aldamiz-Etxebarria auzunea egin zen. Lan hauekin, Audijotik Armintxera sartzen zen errekastoaren ubidea eraldatu zela uste dugu; eta ondorioz Audijo galeria ur-zirkulaziorik gabe gelditu zen.
  • 1980 hamarkadan, Armintxeko E aldea urbanizatu zen. Letraukua auzoko etxe berrietako batek estolderia leize batera bideratu zuen, Garavilla Galeriaren gainean. Auzotarren arabera, leizeak ezin zuen xurgatu hamabost pisotako etxeak sortutako guztia, eta beheko solairuak ur zikinez betetzen hasi ziren, eraikinaren zutabeei kalte egiteko punturaino. Honek Garavilla Galeriaren buxadura areagotu zuen. Zorionez, azkenean ur zikinak estolderia sare komunera bideratu ziren. Leize hau lokalizatua dugu, eta une honetan esploratzen ari gara.
  • 2000 urte inguruan, Atea kaleko 22 zenbakiko garajean lurra hondoratu zen, azpiko galeria artifizial baten gangak ukat egitean. Lokaleko jabeek zuloa estali zuten, ubidea errespetatu gabe. Lekukoek esan digutenez, ordutik aurrera, euri askoko egunetan, muinoaren beste aldean uholdeak gertatzen hasi ziren (ura Audijo Galeriatik ateratzen hasi zen).
  • 2001ean, babes ofizialeko etxe multzoa eraikitzearekin batera, oinezkoentzako bidea egin zen Larrotegitik Letraukua auzora igotzeko. Obra hau izan zen Armintxeko kobazuloaren sarrera estali zuena. Gainera, bide ertzean euria biltzeko erretena egin zenean, uraren isurbidea kobara egin zen; honek sarrerako lurzorutik pasatzen den ur korronte berria ezarri zuen, potentzial arkeologikoa duen sedimentu geruza hori suntsitzen ari dena.
  • 2008 urtean, Garavilla lantegiaren orube izandakoan garajeak eraiki ziren. GEV-ek bere garaian  Garavilla II kobazuloa katalogatu zuen (ref. 1031) orube horretan, noizean behin ura botatzen zuela adieraziz; Armintxeko galerietako batek puntu horretara eraman gaituenez (Garavilla izendatu dugun galeria), kobazulo bera dela uste dugu. Badirudi galeria honek SSE-ko ubide naturalaren trop plein funtzioa betetzen zuela, garajeak eraikitzearekin batera, guztiz buxatu zen arte.

Gaur egun, galeria nagusiaren ur-zirkulazioa erabat oztopatuta dago eta urtero, euri denboretan, bere 8 m-tako altuera normaletik 20 bat m-tara igotzen da. Une horietan,  urak Audijo Galeriaren maila 5 metrotan gainditzen du eta, ubidearen berezko norabidea inbertituz, galeria hau trop plein bezala erabiltzen du, ura muinoaren bestaldera bideratuz; honen ondorioz hezkuntza eta kirol instalazioetan uholdeak gertatzen dira.

Esan beharrik ez dago, hau gertatzen denean, Hondo Bako Galeria ur zikinez beteta egoten dela, bertako irudiak (ezagutzen ditugunak, eta oraindik identifikatu gabe daudenak) lokazpean geratuz.

Gurpil zoro honen amaiera, ageri denez, kolapsoa izaten da.  Beste sektoreetan jada gertatu den bezala, pasabideak buxatu ahala, urak bide berriak irekiko ditu, ustekabeko ondorioekin (uholdeak, luiziak, lekuz kanpoko isurketak...).  Ondareari buruz, berriz, uraren arazoari aterabidea aurkitu ezean hondatze prozesua etengabea izango da: uholde maila azpitik dauden artelanak ur zikinetan murgilduko dira urtero; eta sedimentuen pilaketa progresiboak uraren maila jasoko du. Agian aurtengo euriteetan Zaldi Bakartia (iaz uholde mailaren ertzean aurkitu genuena) ur zikinak hondatuko zuen, eta ura Gela Debekatuan eta Panel Nagusian sartzen hasiko zen. Ez dakigu. Oraindik ez baitugu Armintxera sartzeko baimenik, euri egunetan urak duen portaera aztertzeko.

Lan ildo nagusiak

Zalantzarik gabe, Armintxen garrantzi gehien duen ikerketa eremua arkeologikoa da. Gauza gutxi aurreratu dezakegu, prozedura ezohikoa izaten ari delako; normalean aztarnategietan aurkikuntza > ikerketa > aurkezpena orden honetan egiten badira ere, hemen aurkikuntza > aurkezpena > ikerketa sekuentzia jarraitzen ari da. Beraz, emaitza fidagarriak izan arte denbora asko pasa daiteke, eta bitartean esan dezakegun guztia espekulazio hutsean geratuko da.

Esan beharra dago, grabatuen ezohiko irudiez gain (klabiformeak, lehoiak...) aurkikuntza hau bereziki ikusgarria dela bere kalitatearengatik. Izan ere, azken urteetan aurkitzen ari diren grabatu gehienak begi hutsez ikusteko gaitzak izaten dira: zeharkako argia behar da, batzuetan programa informatiko berezien laguntza... haiek ikusteko trebetasun berezia behar izaten da. Armintxekoek, berriz, ez: irudi asko erraz ikusten dira. Esangura arkeologikoari garrantzia kendu gabe, zalantza barik faktore honek eragina izan du aurkikuntzaren zabalkunde handian.

Labar artearen arloan, kontuan hartu dezagun orain arte foku nagusia Panel Nagusia deritzogun horretan jarri dela; baina Hondo Bako Galerian katalogatu gabeko arte gehiago dago. Hori aztertzeko momentua etortzen den arte egin daiteken gauzarik onena indarrak uholdeen prebentziora zuzentzea da; zentzu horretan, besteak beste, Armintxeko karstaren hidrografia lantzen ari gara. Bistan denez, koba barruko zoruaren indusketak ere garrantzia hartuko du, grabatuen egileek utzitako aztarnen bila; badakigu jada arkeologoek zundaketa batzuk egin dituztela, besteak beste GAES-ekoen laguntzaz; geologiaren esleipena hartu duen enpresakoek ere zenbait interbentzio egin dituzte. Halere, azken lan hauei buruz ez dugu detaile handirik, irailetik hona ADES-ekoek ez baitugu parte hartu Armintxe barruko zereginetan (ez gara gauzak txarto egitearen zale).

Arkeologia eta hidrologia arloez gain, Armintxe barruan aritu ginen 6 asteetan ohiko eremuak jorratu genituen: argazkiak, geomorfologia  (Zarama Espeleo taldeko kideen laguntzaz), historia (hau ohikoa ez bada ere, Lekeitioko karsta ikertzean ezinbestekoa da), eta bioespeleologia. Azken honi buruz, esan dezagun Armintxen jasotako lagin biologikoak GAES-eko Carlos Prietoren esku jarri zirela. Determinazio guztiak oraindik egin gabe badaude ere, aurreratu dezakegu ohiko espezie troglofiloez gain (Meta bourneti, Oniscus asellus), zenbait espezie troglobio ere identifikatu ditugula: Quaestus (Quaesticulus) noltei, Neobisium (Blothrus) sp., dipluroak (Campodeidae) eta kilopodoak (Lithobiidae).

Ondorioa

Urari aterabidea lehenbailehen emateko, eta beraz labar-arte multzoa jagoteko, ezinbestekoa da Armintxeko muino osoaren portaera hidrologikoa ulertzea. Horretarako, ADES Espeleologia Elkarteak bere lana antolatzeko autonomia behar du; horrela adierazi zitzaion Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondare Zerbitzu Buruari eta honek, gure eskaerari zentzuzkoa iritzita, baiezkoa eman zigun. Urtaroak aurrera doaz, ordea; eurite bakoitzean hormetako zaldiak urpean gelditzen dira; eta artikulu hau idazten dugun unean (2017ko martxoaren 19a) agindu hori ez da oraindik gauzatu.

Espeleologoak, Profesionalak eta Administrazioa elkar ulertzera “kondenatuak gaude”; ez dago beste aukerarik. Baina lehenbailehen konpontzea, edo arazoa luzatzea... hori bai da gure aukera. Eta kontuan har dezagun gure erabakiek labar-artearen kontserbazioan eragin zuzena izango dutela.



Bibliografia

•    ADES ESPELEOLOGIA ELKARTEA. 1982-2017. Esplorazio egutegiak. Argitaratu gabeak.
•    ADES ESPELEOLOGIA ELKARTEA. 2016. Informe sobre las aguas de Larrotegi. Argitaratu gabea.
•    ÁLVAREZ, Ángel. 1986. Informe hidrológico de las dolinas de Larrotegi. GEV. Bilbo. Argitaratu gabea.
•    ARRIZABALAGA, Alvaro. 1994. Algunos apuntes sobre la toma de datos de interés arqueológico en la actividad del espeleólogo. Karaitza (Euskal Espeleologoen Elkargoaren aldizkaria)3:15-22. Oñati.
•    CALÒ, F. eta PARISE, M. 2006. Evaluating the human disturbance to karst environments in southern Italy. Acta Carsologica 35/2. Ljubljana.
•    GEV. 1985. Catálogo de cuevas de Vizcaya. Bizkaiko Foru Aldundia, Bilbo.
•    GIGSA. 1986. Informe geológico sobre el municipio de Lekeitio. Argitaratu gabea
•    LEKEITIOKO UDALA. 1786-1894. Informes sobre Aguas de Lekeitio. Argitaratu gabea.
•    OCAMICA Y GOITISOLO, Francisco. 1965. La villa de Lequeitio. Ensayo histórico. 2º edizioa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 1966.
•    VAN BEYNEN, P. 2011. Karst management. Springer.

2017/06/11

Iñeritze I eta II, inkognitak argitzen.



170610: Idoia, Unai, Josu, Jose, Antua, Gotzon, Petrus, Oier.

Jose “Sator malagarrak” bisitatu gaittu, eta suerte ona izan dau: gure zulo esanguratsuenetako baten sartzeko aukeria izan dau eta. Izan be, Iñeritze I-ra juan dirazenak, talde bittan banatuta, eskalada bi egin dittuez: Edificio en Ruinas osteko gelako inkognitan eta frakzionamendu “bolauan” gaiñian. Batian zein bestian, txarto ez badot ulertu, gaurko objektibuak burutu dira eta jarraipenik ez dakela ikusi da, baiña beste inkognita bi identifikatu dira.

Iñeritze II-era juan garanok, ostera, leza “txiki” honen punta baiño lehentxuagoko beste eskalada bat egittera juan gara. Bertara allegau garanian, sorpresa desatsegiña: bertan egon bihar zan 20 metrotako sokia, falta. Eskerrak gutako batzuk tecnicas de fortuna ondo menperatzen dittuezela, eta biajia alperrikua ez izateko, aurreko potzuko sokia moldatu ahal izan dabe gaurko helburua lortzeko: jarraipenik ez. Han inguruan beste aukera posible bat dagola esan dabe (nik ez dakitt zein), baiña guk oingoz esploraziñua amaittutzat emotia erabagi dogu, hurrengo belaunaldixandako lagata. Lezia osorik desinstalau dogu, sarreria blokiekin itxitta (topau genduan modura).

Bio aldetik: koko bakarra ikusi eta jaso dot (pseudoniphargus?).

Bixamonian, kronikia idazten nabillela, sorpresa politta jaso dot: Martinek izperringian idatzittako erreportaia. Espeleologua izatian, halako “pertsonajiak” elkarrizketatzeko aukeria daka (normalian kazetarixei iges ibiltzen dirazenak), eta egindako reportajiak kalidadekuak dira, lurpeko asuntuen muiñera sartuta, sentsazionalismo merketik aldenduta. Txalo bero bat!



2017/06/04

La lucha por los diez metros

Antua, Gotzon, Martin, Xabi (eta Oier Juniran)



Después de enterarnos de la muerte de nuestro compañero, no teníamos el cuerpo para grandes exploraciones. El PC del EEL comunicó que en Galdames sobraba la ayuda, por lo que decidimos invertir el sábado en la revisión de incógnitas de una de las cuevas más insignes de la zona ADES: la caverna de Abita. 

También hablamos de José Gambino. Yo no tuve ocasión de conocerlo personalmente, pero conseguí dibujar un retrato suyo a través de los recuerdos del resto: un hombre de temperamento incendiario, siempre dispuesto a decir lo que pensaba, apasionado de la técnica y puntillista en el espeleosocorro, amigo, leal, honesto, discreto, estricto… y con un hambre voraz de mundo y de libertad. Un espeleólogo, en definitiva.

El olor a tierra húmeda de Abita actúo como un bálsamo contra nuestros pensamientos sombríos y los cuatro cueveros nos adentramos animados en busca de incógnitas. La primera se escondía en una grieta lateral a media altura de la rampa inicial. Después de un buen trabajo de maza y cincel, ensanchamos las paredes lo justo para que los pulmones pudieran expandirse un par de centímetros. Pasamos y… la galería se colmató al de diez metros. Gruñidos. La segunda incógnita era un meandro colgado sobre las cornisas más elevadas de la galería principal. Igual que la anterior, tras diez metros de curvas sinuosas, la grieta se volvía intransitable. Insultos. La tercera incógnita, otro meandro ubicado en el piso inferior, cerca del goteo. Una agonía con lajas como cuchillos. Recorrimos, ¿cuánto?, unos diez metros, supongo. La cuarta incógnita consistía en un laminador taponado que descubrimos al explorar el piso superior de los grafitis carlistas. Comenzamos a cavar y… dimos con una burbuja más o menos cómoda, ¡ah, emoción!, seguimos cavando y superamos otra estrechez, ¡redoble de tambores!, nos arrastramos por una gatera y… una diaclasa donde podíamos incorporarnos, ¡nerviosismo general! Al de diez metros… fin. ¡Mierda! «Bueno –relativizamos– cuatro nuevas galerías de 10 metros cada una».

Cuando José Gambino sufrió el accidente trataba de encontrar una conexión con el sistema Atxuriaga, un laberinto de más de 50 kilómetros de desarrollo. Perseguía ese aire que solo perciben los espeleólogos y que algunos confunden con el suspiro de las sirenas. José nunca llegó a saber si se encontraba a unos pasos de la conexión o si la gatera terminaba diez metros más adelante. Tampoco creo que le hubiese importado. Por lo que cuentan sus amigos, exploraba con la misma meticulosidad a mil metros de profundidad en Picos de Europa, en lo recóndito de la selva en Papúa Nueva Guinea o en la punta de cualquier cueva de las Encartaciones. 

Durante el rescate participaron amigos del EEL, de Asturias, de Portugal e incluso un mejicano. Sus compañeros del Burnia han llevado esta tarde un ramo de flores a la boca de entrada. Era un símbolo. La MT-45 ha dejado de ser una cavidad de catálogo para convertirse en un panteón subterráneo. 

Quizá sea la mejor tumba para un espeleólogo.


Barne bilatzailea