2022/05/28

Artzeagaganeko meatzeetan

220528: Javi, Antua, Oier.

Mandoia, Artzeaga mendiko ipar aldeko arrakalak ikusten; ni 2020ko abenduan izanda nintzen bertan, baina itxura denez orain arte gure superesploratzaileek ez dute bertara jaisteko astirik hartu. Gaur izan da eguna, bada. Zornotzako Geltoki tabernan bapo armozatu eta gero, hara abiatu gara. 

Leizeak harritu gaitu: gauza handirik ez genuen espero, baina Antuanek ondo aurreikusi bezala, lerrokatutako hiru leizetxoek bat egiten dute azpian, 15 x 4 x 25 bat metrotako gela bakarra osatuz; ikusgarria, goizeko eguzkiaren azpian, Atlaseko begien estiloko argi izpiekin. Argazki batzuk hartu ditugu, bai leize barrukoak, bai kanpoko meatze-lanen terraplenenak.

Gela honek jarraipenak ditu, punta bietan eta erdian. Azken hau perpendikularki irekitako galeria artifiziala da, itxuraz, kanpoko galeria desplomatu-terraplen-plataforma horienganantz doana; metro gutxira lur desplome batekin blokeaturik dago. Punta bateko jarraipenetako bat laburra da, eta kolada politez apaindutako gela batean amaitzen da; bestea, berriz, interesgarriagoa da: failaren fabore irekitako galeria artifiziala da (zati batean faila-ispilu eta guzti), eta pare bat lekutan desplomeak ditu; haietako batean 15 metro jaitsi da Antua, eta materiala amaitu zaio; hortik behera beste 17 m neurtu ditu Distoarekin. Ez genuen horrelakorik espero, eta explorazioarekin jarraitzera itzuli beharko gara.

Bio laginketaren emaitzak:
- Gune ilunean: armiarma txiki 1, 5 Trichoniscoides, 8-10 Pseudosinella, Lithobius 1.
- %95ko iluntasunean: Oxychillus 2, Meta 2, armiarma txiki 2, Ischyropsalis 2.

2022/05/21

Kareagako laminadorearen ostean


 220521: Petrus, Antua, Gotzon  Oier. 

Kareaga (Bedia). Gaurko helburu nagusixa  bypassian desob amaitzia, ostian entzutzen dan errekara allegatzeko.

Haitzulokueri abiso pertinentia emonda, Zornotzan trenak ekarrittakuekin bildu eta armozau dogu, Bedia aldera juateko. Entzundakuak entzunda, nik neuk ez nekan esperantza haundirik bypassa zeharkatzeko. Halan be, kueba hau ederra eta zati haunnnndi baten eroso ibiltzeko modukua izanda, banekan gogua etortzeko. Etortziarren, eta bere galerixa polittetan ibiltziarren, beste barik.

Izan be, azken urtietan ulertu dot neretako garrantzitsuena lurpian ondo pasatzia dala. Zorionez, ez dago espeleologo profesionalik (hau da, bere ingresuen % nagusiña espeleologiatik etaratzen dabenik), eta zorionez, horrek bakotxari gustatzen jakon arlua askatasunez lantzeko aukeria emoten detsa: batzuk ondo pasatzen dabe estuasunetan aurrera eginda; beste batzuk, harrixak aztertzia gustatzen jake; beste batzuk animalixen aztarna fosillak estudixatzia -artia, hazurrak-; eta beste batzuk, nere modura, bizidunak billatzia, bestien atzetik juanda. Estuasun bat zeharkatzen txarto pasatzen badot, zertarako sartuko naiz? Ni ondo pasatzera nator, eta badakat zeregiña. Nik egitten ez dotena beste batek egingo dau. Gero, danon artian egindako bihar-pieza guztiak bilduko doguz, txikixak eta haundixak, eta lortutako emaitzia ekipo osuak ospatuko dau. Hori da espeleologia.

Digresio filosofiko honen ostian: Antua eta Gotzon aurrera juan dira, bypass katazulo famoso horretatik, eta atzetik Petrus. Aurrera egitteko izan dittuan zailtasunak "entzunda", saiatzeko gogo guztiak kendu jataz: eta kuriosidadia kentzeko, ur lokaztuetan sartu eta katazuĺua luzeran ikustera sartu naizenian be, nere asmua berretsi dot: "Ni ez noia hortik eztaaaaa....! Agur, ni hamen gelditzen naiz".
Hortik aurrera, pare bat orduan, nere bolara ibilli naiz, oso gustora egixa esan. Bakarrik ibiltziak -betidanik- burua aklaratzeko asko balixo dau; azken asteko zurrunbillo editorialakin eskertzen dan gauzia da hori. Behiñ marmittan bustitta, hotzittu aurretik sifoian sartzeko aprobia egin dot, eta arraixua! Ez da bakarrik urpian sartzia (horrek ez nau asko ardura): gaiñera, harri txintxarren pillaketia haundixa da eta urpeko tramo horrek oso zingo txikixa dau, 30-40 zm asko jota. Agur horri bebai (ondo pasatzera nator, ondo pasatzera nator, ondo pasatzera nator). Bio lagin gehixago hartu dittudaz, tartian oin dala aste 2 hartu ez nittuan espezie batzuk: 7 masma, Lithobius 2, 2-3 Pseudosinella (Carlosek emondako pintzelakin oso ondo), beldar 1, ganba 1. Karramarro batzuk be ikusi dittudaz, baiña hartu barik: gaur euren medixuan zelan ibiltzen dirazen begira egoteko eguna izan da.

Azkenian, marmitta-bypass sektorian hainbeste buelta emon arren, hotzitzen hasi naiz eta bestiak ondiok etortzeko trazarik ez zekela ikusitta (seiñale ona), kanpora abixau naiz. Kanpuan beste ordubete inguru egon naiz, eguzki gozuan, melautako arropak pixkat sikatzen; baiña bestiak ez zetozela ikusitta (onenian, zeozer topau daben seiñale) 14:30etan etxerutz urten dot. 

Gero jakin dot 16:00ak inguruan urten dirazela, eta baietz: 200 m barri aurreratu dirazela galeria nagusi haundixian zihar, eta lateral asko begiratu barik laga dittuezela. Oso ondo! Ez dot uste, halan be, nik neuk sektore hori ezagutuko dotenik. Petrusek laminadore horretan juateko eta gero etortzeko kontau dittuezenak entzunda...! Eskerrak ondiok esploratzaille intrepiduak dakaguzela.

2022/05/18

Zubiburua zabalik

41:00 minutuko hipposideros-festa.


220517: Oier.

Zubiburua, udaberriko trantsizio garaiko laginketa.

Ilunabarra 21:29. Sargoria.

Oharra: kobazuloaren sarreraren gaineko superbisioa bertan behera laga dugu. Batetik, Udalak "out of sight, out of mind" politika nahiago du: ez du begi onez ikusten jendea kobazulora sartzea -hortik burdinsarea-, baina era berean ez du bisitariak kontrolatu nahi; tokea eman ziguten jendea giltza eskatzera joaten hasi zitzaionean, eta horregatik kendu genuen kartelean haiei eginiko erreferentzia. Eta bestetik, zarradura behin eta berriro konpondu arren, behin eta berriro hausten dute. Hau ikusita, nekatu gara: kartel informatiboa kendu dugu, eta hemendik aurrera ez dugu atea gehiago konponduko, edota bisitariek egiten dutena gainbegiratuko; haitzulo honen beste kudeaketa eredu bat bultzatzen ez den artean, behintzat. Horrenbestez, koba barruan materiala duten beste espezialistek (gurekin hitz egiten ez, baina blog hau fin-fin irakurtzen dutenak 😘) kontuan hartu dezatela zuloa irekia dagoela, inkontrolatuen bisitekin.

Gaur Pettersson gailuarekin egiten dudan lehen laginketa "serioa". Zalantzak nituen, nola kontabilizatu aktibitatea. Ikusi dudanez, y ardatzean (maiztasuna) gauzak klaru daude, zein espezie pasatu den; eta x ardatzean (denbora), berriz, rafaga luzeak badira ere, animali bakoitzak egiten duen pasada bakoitzean pultsu bat bereiz daiteke; beraz, lehengo "tiruliru"ekin homologatu dezakedala pentsatu dut, grafikan agertzen den pultsu bakoitzeko gurutzetxo bat eginda. Bestalde, une batzuetan 4-5 animali batera hegan egon dira; eta, ikusi dudanez, denek batera grabatzean bakoitzaren "ahotsa" bereiz daiteke, pultsuak aparte kontatzeko aukera emanez. Deigarria egin zait beste gailuekin hain sarri detektatzen nituen 40 kHztakoen ausentzia; hau da, hegan ikusten nituen (kanpotik) baina Petterssonak ez ditu errejistratu, zalantzazko kasu bat kenduta. Ematen du beste mikrofonoa urrunetik pasatzen ziren animaliekiko sentsibleagoa zela, eta hau berriz fokalagoa. Azkenik, gailuak 45 minutura etena automatikoki egiten du, beste grabaketa bat hasita; beraz, ordu beteko ohiko laginketa 45+15 bi grabaketatan jasota gelditzen da.

Grabaketa 21:16etan hasi dut (lehen grabaketaren 00:00). 05:45 eta 07:50etan maiztasun anplitude oso handiko seinaleak (espektro osoa) jaso ditut, eta ez nekien zer zen; kotxeak edo hegaztiak, ez zait argi geratu (horrelako seinaleak behin baino gehiagotan errejistratu ditut laginketan zehar). 12:40 minutuan 1º Rh. ferrumequinum detektatu dut (zuzenketa: grabaketa errebisatzean, lehenengoa 00.06 segunduan pasatu dela ikusi dut, nahiz eta momentu hartan ni konturatu ez) 15:50an berriz, 1º Rh. hipposiderosa (zuzenketa: errebisioan, 05:42 minutuan aurkitu dut bat, 15 segundutan 10 pasada egin dituena, fondoko soinuarekin batera alegia ) . Lehenik pasatzen ikusi dut, baina "isilik" (gailuak ezer errejistratu barik); segituan, ostera, "kantuan" hasi dira. Hau behin baino gehiagotan ikusi dut laginketan zehar ("isilik" pasatzen ziren saguzarrak). 17:20 minutuan, nahasketa interesgarri bat: fondoko soinu handi hori, lehen esan dudana, eta hipposideros bat, biak batera izan dira; eta grafikan ikusi dudanez, erraz bereiz daitezke. 33:35 minutuan animaliak inguruan hegan ibili zaizkit, 10 bat segundotan, baina isilik (grabaketa hobeto begiratu dut, eta konfirmatuta: hegan bai, ekolokalizatzen ez). 36:40 minutuan 40 kHz mailako soinu bat errejistratu da (hobeto begiratu eta gero: askotan pasatu dira, adibidez 27:07tan, 28:12tan, 30:00tan ere pasatu dira, Miniopterus schreibersii txantiloiarekin bat datorrena, baina gehienetan oso baju, -32 dB, agian kanpotik hegan? baina beste batzuetan hurre. ez dakit zer pentsatu). 38:35an berriro hegan eta isilik, zati luze batean. 42:00an 4-5 batera ibili dira hegan, luze. Handik gutxira bigarren grabaketa hasi da, 15:00 minutuan amaitu dudana, 22:16etan.

Oro har, pozik nago prozedura berriarekin. Lehengo fidagarritasun maila apala mantenduz (aktibitatea baino ezin dut neurtu, ez animali kopurua), zerbait hobetu dudalakoan nabil, grabaketek datu objektiboagoak ematen didatelako (belarrimetroaz harantzago), eta oraon Miniopterus/Myotis bereizketa egin dezakedalako.

(...)

2022/05/07

Kareaga


 220507: Gotzon, Antua, Javi, Oier.

Kareaga Erreka Urzuloa (Bedia) (...) "Haitzulo" espeleologia taldeko lagunekin koordinaziñuan (kortesia dohan da, eta arazo asko ekiditen dittuz...). Mandoiako karstian Javiren gidaritzapian egitten gabizen biharrak aurrera doiaz, poliki-poliki. Lehelengo, tabernan buruzagixakin bildu gara: 3D inpresiñuak, argitalpenak, diruak... Gauzak ondo egin bihar diraz, eta egindako bihar hori etorkizunian ez da galdu bihar. Gero nik ezagutzen ez neban errekazulo honetara abixau gara. Zelako leku ederra; zeozelan, Elizburuko Zubitxuta gogoratzen zestan, morfologiaz eta materialez. Gaur zeregiñez lepo gentozen: topo, foto, explo, bio. Ni neuria egitteko aurreratu naizen bittartian, Gotzon eta Antua topografian eta argazkixak egitten etorri dira atzetik. Explorau biharreko lekua marmittarik haundiñan gaiñeko aldian egon da; ez leku gozua, estua eta lokatzez eta urez blai egoteko bestekua... Neoprenuak jantzitta etorri dira, eta hara sartu baiño lehen hondoko sifoiraiñok juan gara danok; ura gorago egon ei da, aurreragokuan baiño.  

Bio aldetik: betiko legez, laginketia flojo hasi da. Baiña ezer topauko ez dozula pentsatzen hasten zaranian, bat-txo; bestetxo bat... eta azkenian, potuak ondo beteta ekarri dittudaz etxera. 1 Elona quimperiana, 1 Oxychillus itxurakoa, 4 masma txiki, 4 Trichoniscoides?, 1 ibai-karramarrua. Bestalde, potzu isolatuetan 10 koko jaso dittudaz, bestiak beste: 1 Echinogammarus?, 2 kukurutxa oskoldun illun, 1 txitxara zuri laburra, 1 txitxara gris luzia, 2 kakalardo luze gorriska.

Bestiak exploratzera juan dirazenian, ni kanpora. Gerora informau dabenez, 250 m aurrera egin dabe, eta sifoian beste aldeko errekara allegau dira; desob txiki bat biharko da, baiña jarraipena argixa dirudi. Ondo!