2022/05/18

Zubiburua zabalik

41:00 minutuko hipposideros-festa.


220517: Oier.

Zubiburua, udaberriko trantsizio garaiko laginketa.

Ilunabarra 21:29. Sargoria.

Oharra: kobazuloaren sarreraren gaineko superbisioa bertan behera laga dugu. Batetik, Udalak "out of sight, out of mind" politika nahiago du: ez du begi onez ikusten jendea kobazulora sartzea -hortik burdinsarea-, baina era berean ez du bisitariak kontrolatu nahi; tokea eman ziguten jendea giltza eskatzera joaten hasi zitzaionean, eta horregatik kendu genuen kartelean haiei eginiko erreferentzia. Eta bestetik, zarradura behin eta berriro konpondu arren, behin eta berriro hausten dute. Hau ikusita, nekatu gara: kartel informatiboa kendu dugu, eta hemendik aurrera ez dugu atea gehiago konponduko, edota bisitariek egiten dutena gainbegiratuko; haitzulo honen beste kudeaketa eredu bat bultzatzen ez den artean, behintzat. Horrenbestez, koba barruan materiala duten beste espezialistek (gurekin hitz egiten ez, baina blog hau fin-fin irakurtzen dutenak 😘) kontuan hartu dezatela zuloa irekia dagoela, inkontrolatuen bisitekin.

Gaur Pettersson gailuarekin egiten dudan lehen laginketa "serioa". Zalantzak nituen, nola kontabilizatu aktibitatea. Ikusi dudanez, y ardatzean (maiztasuna) gauzak klaru daude, zein espezie pasatu den; eta x ardatzean (denbora), berriz, rafaga luzeak badira ere, animali bakoitzak egiten duen pasada bakoitzean pultsu bat bereiz daiteke; beraz, lehengo "tiruliru"ekin homologatu dezakedala pentsatu dut, grafikan agertzen den pultsu bakoitzeko gurutzetxo bat eginda. Bestalde, une batzuetan 4-5 animali batera hegan egon dira; eta, ikusi dudanez, denek batera grabatzean bakoitzaren "ahotsa" bereiz daiteke, pultsuak aparte kontatzeko aukera emanez. Deigarria egin zait beste gailuekin hain sarri detektatzen nituen 40 kHztakoen ausentzia; hau da, hegan ikusten nituen (kanpotik) baina Petterssonak ez ditu errejistratu, zalantzazko kasu bat kenduta. Ematen du beste mikrofonoa urrunetik pasatzen ziren animaliekiko sentsibleagoa zela, eta hau berriz fokalagoa. Azkenik, gailuak 45 minutura etena automatikoki egiten du, beste grabaketa bat hasita; beraz, ordu beteko ohiko laginketa 45+15 bi grabaketatan jasota gelditzen da.

Grabaketa 21:16etan hasi dut (lehen grabaketaren 00:00). 05:45 eta 07:50etan maiztasun anplitude oso handiko seinaleak (espektro osoa) jaso ditut, eta ez nekien zer zen; kotxeak edo hegaztiak, ez zait argi geratu (horrelako seinaleak behin baino gehiagotan errejistratu ditut laginketan zehar). 12:40 minutuan 1º Rh. ferrumequinum detektatu dut (zuzenketa: grabaketa errebisatzean, lehenengoa 00.06 segunduan pasatu dela ikusi dut, nahiz eta momentu hartan ni konturatu ez) 15:50an berriz, 1º Rh. hipposiderosa (zuzenketa: errebisioan, 05:42 minutuan aurkitu dut bat, 15 segundutan 10 pasada egin dituena, fondoko soinuarekin batera alegia ) . Lehenik pasatzen ikusi dut, baina "isilik" (gailuak ezer errejistratu barik); segituan, ostera, "kantuan" hasi dira. Hau behin baino gehiagotan ikusi dut laginketan zehar ("isilik" pasatzen ziren saguzarrak). 17:20 minutuan, nahasketa interesgarri bat: fondoko soinu handi hori, lehen esan dudana, eta hipposideros bat, biak batera izan dira; eta grafikan ikusi dudanez, erraz bereiz daitezke. 33:35 minutuan animaliak inguruan hegan ibili zaizkit, 10 bat segundotan, baina isilik (grabaketa hobeto begiratu dut, eta konfirmatuta: hegan bai, ekolokalizatzen ez). 36:40 minutuan 40 kHz mailako soinu bat errejistratu da (hobeto begiratu eta gero: askotan pasatu dira, adibidez 27:07tan, 28:12tan, 30:00tan ere pasatu dira, Miniopterus schreibersii txantiloiarekin bat datorrena, baina gehienetan oso baju, -32 dB, agian kanpotik hegan? baina beste batzuetan hurre. ez dakit zer pentsatu). 38:35an berriro hegan eta isilik, zati luze batean. 42:00an 4-5 batera ibili dira hegan, luze. Handik gutxira bigarren grabaketa hasi da, 15:00 minutuan amaitu dudana, 22:16etan.

Oro har, pozik nago prozedura berriarekin. Lehengo fidagarritasun maila apala mantenduz (aktibitatea baino ezin dut neurtu, ez animali kopurua), zerbait hobetu dudalakoan nabil, grabaketek datu objektiboagoak ematen didatelako (belarrimetroaz harantzago), eta oraon Miniopterus/Myotis bereizketa egin dezakedalako.

(...)

No hay comentarios: