2016/12/31

Lezate Jendez Bete (2016-12-12 Lezate Urte Amaiera Irteera)

Part: ADES zati eder bat: Santi, Zutoia, Pana, Gotzon, Idoia, Josu, Unai, Xabi, Martin (Urrutia), Martin (Ibarrola), Iñaki (Kobero), Iñaki (Bonberoa), Jon Ander, eta ahaztu zaizkidan guztiak...


Jendez bete da Lezate. Ez zegoen ur gehiegirik, baina hala ere konpondu gara buzoak garbitzeko (batzuen buzo eta arnesek falta ederra zuten!). Umorea nagusi, urtero bezala, barre algaraz eta "parida"z bete da koba. Dena ez da izango zientzia ere! Eta han batu gara, ADESen "variopinto"tasuna erakutsiz: esploradore gogor eta ez hain gogorrak, mendian zulo bila ibiltzea "hobby" bezala dutenak, arkeologi zaleak, urte amaierako Lezateko irteera sekula galtzen ez duten klasikoak,...

Hainbeste jenderen frontalak filan jarrita, ederki argitu da koba, baina badakizue, Lezaterekin, argi asko eraman arren, ez da sekula nahikoa. Eguzkia bera koba barruan sartzea lortuko bagenu, oraindik ezagutzen duguna baino ikusgarriagoa egingo zitzaigun.

Jentilek han jarraitzen dute, geldirik, petrifikaturik kaltzitatan, euskal mitologiako izaki ezagunak. Eta Lezaten erreka entzuten da. Mozkorti, Jentilen gela eta beste tarteko gela guztiak gurutzatzen ditugun bitartean, bloke artean paseatzen, bloke azpitik datorren errekaren orruak laguntzen gaitu. Bai, errekaren zarata, ia mitologia bihurtzeko puntuan egon zaiguna, azkenengo Iñubija II-ko aurkikuntzengatik izan ez balitz...

700 metro poligonal baino aurrerago joaten uzten ez digun erreka bera, Paltzuaraneko basoen usaina ekartzen duen erreka bera,...

Sifoira heldu eta gero, "Ondarrutar bat" bainatu egin zaigu. Imajinatuko duzue zein. Pena bat izan da bustitzeko beldurragatik kamara ez dugula eraman hain barruraino momentu hori grabatzeko!

Buelta, batzuek behetik errekatik egin dute, eta beste batzuek goitik egin dugu. Grabazio probak egiten ibili gara, eta baita Argazkigintzakoak ere. Baina oraindik urruti dago National Geographic-erako Lezateren bideo-dokumentala. Ikusiko ote dugu egunen baten?

Eguzkia koban sartzen badugu seguraski bai. Baina, Jentilak esnatzen baditugu eta korrikan ihes egiten badute? Arazo hau konpontzeko, "Micro Casting" bat egin dugu kandidato berri batzuekin. Zuek ikusi zein aukeratu!!

2017 Urte Berri On! Eta osasuna denontzako, eta galeria handi eta luzeak tartean badaude, are eta hobeto oraindik!




"Jentil-Casting"




Bazkaria

2016/12/18

Ha Chu Lo (Ba Qi Xo)













161218: Rober, Antua, Unai, Xabi, Iñaki Irigoien, Oier.

Txinatik etorri barri dan Unaien adoria aprobetxauta, Atxulo (Bakio), aurreko egunian topautako zuluak topografiatzera eta geolokalizatzera. Esan bihar da ez dogula lortu jakitzia zein espeleologia talderen zonia dan hori; baiña konsziente gara gure “intrusismuaz”, eta artxibauko doguzen datuak eurei pasatzeko prest gagoz (jasotako kokuak, ohi legez, EHU-ko Zoologia Departamentuko Carlos Prieto irakaslian bilduman jasoko dira).

Lehelengo, aurreko egunian lokalizautako “leihatilla” horretara juan gara: sartzera giñoiazela, sigla bat pinttauta zekala konturatu gara (B-1). Espero genduan lez, segiduan allegau gara beheko sarrera ondora; horti barrura, aurreko egunian begiratu barik lagatako galerixak begiratu doguz; haize korriente punto ugari zeguazen, baiña ez dirudi interes haundikuak; sarrerak argazkixan jasota, eta geolokalizauta; topografia eginda.

Bio: barruan Trichoniscoides? eta miriapodo baten exoeskeleto zatixak, Pseudosinella? (gaiñera ez dakitt potian sartu dan edo ez) eta Lithobius 1. Sarrera inguruetan (%90 illuntasuna) masma pare bat, opilioi zuri bat, Trichoniscoides?, hiru marraskillo txiki. Kanporakuan saguzar bat ikusi dogu goiko gelatxo inakzesible baten (Rhinolophus euryale).

Behiñ honekin amaittuta, batzuk itsasoko tunelian be ibilli dira (ez dakitt katalogatzen edo ez), eta prospekziñuan Iñakik leza bat topau dau, B-2 siglekin markauta; 5 bat metroko destrepian, Antua tramo horizontal txiki batera allegau da, eta hortik behera asko bajatzen zan baiña oso estu. Ez dakitt geolokalizau daben, imajinatzen dot baietz.
(...)

2016/12/08

Piztia Esnatzen

Part.: Gotzon, Idoia eta Josu

Halako batean, Iñubija II-ra bueltatu da ADES. Konkretuki Gotzon, Idoia eta Josu-ren eskutik. ADES-eko beste talde bat Gaztelugatxe azpiko kobak esploratzera joan den bitartean, hiru hauek Iñubija-ra bueltatu dira. Asmoa, udaran joateakoa zen, baina eskuartean izan ditugun komeria guztiak tarteko, erabat ahaztua geneukan, eta aste honetako euri faltagatik, aproposa iruditu zaigu bueltatzea. Neguan ezinezkoa izango da...

Oroimenean, meandro desfondatu + blokera antzeko puntu batean utzi genuen esplorazioa. Estuazun batean. Gure helburua, eztuasuna pasatzea haizeari jarraiki.

Baina irteera ez da erreza izan, sartu bezain laster, erdi galduta ibili gara, Iñubija II-ko eztuasun mitikoa aurkitu arte. Behin pasata, lakua gurutzatzea tokatzen zen, baina azkenean denok (gehiago edo gutxiago) busti gara. Eta ondoren, eztuasunaren bila, hemen ere erdi galduta ezin aurkituta... Gotzonek aurkitu duen arte (eskerrak). Itxura.... txarra, haizea .... ez asko, miseria.... soberan, inkomodoa... soberan ere...

Hiru bat orduko desobstrukzioaren ondoren ordea, blokera pasatu eta beste aldeko galeriara heldu gara. Galeria hau, fraktura descendente bat da errekara bidean... Zenbat eta beherago, orduan eta erreka zarata handiago... azkenean gutxienez 8m dituen putzu batek gelditu gaitu.

Esplorazioa zain dago... putzuak errekara eramango gaitu... eta haizea ere bertan dago... Galarregiri begira gaude...

2016/11/23

Brindis al aire

Part.: Idoia, Unai, Gotzon eta Josu

Larunbatean bigarren astez jarraian Olabarrira bueltatu ginen. 4 pertsona, 2 taldetan, 2 helburukin. Alde batetik, Idoia eta Unaiek, instalazioa errebisatu eta berrekipazio batzuk egitea. Bestetik, Gotzon eta Josu, puntako desobstrukzioa egitera. Kotxetik bertatik banatu, talde bakoitzak bere lanari ekin genion. Gotzon eta ni puntan egon ginen indar guztiak gastatu genituenearte. Desobstrukzioari begira "hau... brindis al aire bat da..." esaten genuen. Oraindik lan nahiko geratzen da, baina 2m aurreratu dugu, eta beste horrenbeste ikusten da. Haizea modu bortitzean joaten da arrakalan barrena... eta beraz, dudarik gabe bueltatuko gara.

Gauzak batu eta kanporutz egin genuen Idoia eta Unaien bila. Errekaren gelan laurok batera bazkaldu eta kanporutz bakoitza bere erritmoan. Olabarri gure zain dago... baina argi eta garbi merezi du!

2016/11/13

Lezabizkarreko perkantziak



Pantin usado como puño de fortuna 1
Pantin usado como puño de fortuna 2



Pantin usado como puño de fortuna 3


161112: Ruben Takomano, Unai, Josu, Idoia, Martin, Oier.

Lezabizkarra (lehen Olabarri lez ezagutzen genduana), Aulesti. Helburuak: “Hemendik Ez” putzu inkognitua argitzia; puntako haizian desobstrukziñua.

Eguneko lehelengo emaitzia toponimikua izan da. Unaiek Olabarriko gizona topau dau Zarrabentan, eta honek konfirmau detsa: lezia dagon paraje horri (basuak, beresixak...) Lezabizkarra esaten jako. Detalle gehixagorako Unaieri galdetu.

Biñaka distribuidu gara, lehelengo talde bixak objetibo banatara zuzenduta, eta azkenekuon misiñuak hónek ziran: Athletic Txapeldun gelaraiñok jatekua karriatzia eta kamariakin bideo probak egittia. Pertsonalki, neure funtziño garrantzitsuena zera zan: bestiei traba haundirik ez egittia (partzialki lortu dotena; zapaldutako buru, sorbalda eta lepo guztiak lekuko); gaur behintzat ez nenguan bio lagiñetarako: Homo sapiens espezimen hau onik eta osorik urtetziakin, nahikua.

“Hemendik Ez” putzura jaitsi dan taldiak jarraipenik ez dakala baieztatu ahal izan dau; desobstrukziñuan biharrian jardun dabenak, barriz, 4 espatula kolpe emon ahal izan dittu taladrua hondatu aurretik.

Izan be, gaurko eguna izan doguzen perkanziengaittik gogoratzeko modukua izan da. Taladruan arazuaz gain, nere aldetik, uste eze Fernand Petzl jaunaren fantasmia atzetik izan dotela, ekipua barriztatzeko mezuak bialtzen: lehelengo, oposiziñuan bideo toma batzu egitten genguazela, puñua meandrotik behera jauzi jata, betirako galduta; gero, estuasunetan, bularreko arnesa hautsi dot: eta azkenik, pantiñakin egin doten “puño de fortunan”, sokia bere lekutik urtenda enpotrauta geratu da, ez aurrera ez atzera. Zorionez lehelengo potzu txikixian izan da... Jakizue ba, astion material eskarixa egingo dotela Expen; bidalketia aprobetxau nahi badozue, bialdu mezu bat. Momentuz hauxe eskatukot nik:
-          Dynema: pedalerako, eta eukitzeko
-          Bularreko arnesa.
-          Basic.
-          Mosketoiak: kabuetarako eta pedalerako 3, auxiliarrak 1, normalak 1
-          Pantin?
-          Guantiak (2)

22:00ak inguruan danok beheian genguazen. In extremis (eta ugezaban errixetia entzunda) Zarrabentan afari legia egin dogu, kontuan hartuta Rubenek bidai luzia zekala etxera bueltan. Hain zuzen be, Rubenek esandako gauza bat azpimarratuko neuke: (...) eziñezkua da.
Entsaladia, okelia patatekin, edarixa, ogixa, postria, kafia, 20na €. Zapatu gaberako ez dago txarto!

2016/11/07

Erreka baten gora-beherak: Ordu gehiegi Rebollar IIn

Part: Takomano: Kuka, Ruben, Isra, Karlos, Iñaki eta Mikel,  eta Josu (ADES)

Nire plana Ruben eta biok Rebollar II-ko meandroa esploratzen jarraitzea zen. Baina, azken orduko aldaketa baten ondorioz, bi topografia talde egin eta Sala de los Espejos-etik sifoira arteko galeriaren ejea genuen helburu. Motibazioa batez ere, kotak alderatzea zen. Gure datuen arabera, meandroan aurkitutako sifoia, Hayal de Ponatako sistemaren sifoi terminalaren azpitik 7m-tara aurkitzen da (zerbait gaizki egon behar du).

Behin barruan geundela, ADES-ek eramandako laser-a deskalibratuta zegoela konprobatu dugu, eta ondorioz, topografia talde bakarra antolatu eta beste bat talde bat inkognitak eskalatzera joan da. Behar bada, Rebollarreko meandroa batuko zaigu nonbaiten?

"El paso de los abuelos" pasatu ondoren, bloke-kono bat jeitsiz hasi gara, eta laster batean errekara heldu gara. Beno, honek egiten duen bidera, ez baitzuen ur tantarik ere! Errekan beherutz jarraitu dugu, eta falla bidegurutze erraldoi batean, galeria desfondatu eta 20m-ko kaskada batera heldu gara (hau ere urik gabe). Jeitsi eta sifoiruntz jarraitu dugu.

Gure asmoa 19:00ak aldera kanporako bidea hartzea zen, baina 18:00etan bapatean konturatu gara (bai topo taldea eta esplorazio taldea), errekak zeramatzan urak egundoko gorakada egin duela. 15minututan, 70cm inguru igo da (igual gehiago). Urduritu eta kanporako bidea hartu dugu laster batean. Baina orain gerrirarte bustitzen. Erreka kargan sartu da...
Bloke kono txiki bat igo dugu uretatik irtetzeko eta topografia taldea aurkitu dugu bertan. Beraiek ez dira busti, garaiz konturatu bait dira. 

Kaskadako sokaruntz egin dugu, baina heldu aurretik, argi geratu da zerbait aldatu dela... Ez zen gure soka ikusten, eta horren ordez kaskada izugarri bat erdian. Harridura aurpegiak nonnahi. Urduritasuna ere. Ezinezkoa goruntz egitea. (18:10etan gertatu da hau). Hau ikusita, errekan beheruntz egin dugu, leku lehor baten bila. "Orduak pasatuko ditugu hemen..." esan du baten batek. Bertan taldea bitan banatu dugu: bustita daudenak, puntu bero bat prestantzen hasi dira denontzako. Hormak eraiki eta lurra leuntzen hasi dira.. Beste taldea, uraren maila neurtzera joan da. Oraindik goruntz doa? ala gelditu dagoeneko? zer espero behar genuen?

Ur emaria ikusirik, gure plantemanedua, egun bat baino gehiago pasatzeko txoko bat prestatzea izan da. Puntu beroaren teilatua soka eta 6 manta termikorekin itxi dugu. Bertan sartu gara, eta lasaitasuna mantenduz kalkuluak egiten aritu gara zenbat denbora tardatuko zuen urak joaten... joango baldin bazen. Lehenengo helburua denok lehortzea izan da, eta janaria erreserbatu egin dugu afaltzeko ordura arte.

16:00etan errekak ez zuen urik, eta 18:30 bere puntu maximoa hartu du (70cm >). 
19etan ura jeisten hasi da pixkanaka... eta 23etarako ia nibel normalera buelta egina zegoen. Baina kaskada aldiz, ez. Ur asko ematen zuen oraindik. Goizaldeko 1etan konturatu gara, kaskadaren ur emaria ez zela gehiago jeitsiko, eta bagenuen ertzetik sokan gora igotzea (erabat bustiz noski). Goizeko 3rak arte itxoin dugu, eta orduan gorutz. Gutako batek frakzionamentu bat gehiago ere sartu du, kaskadatik gehiago ateratzeko. Goizaldeko 4etan kaskadaren goian denok, eta 7:30etan lehenengoak kobazulotik irten dute. Eguna egiten zegoen, oso nekatuta irten dugu guztiok. 19-20 orduko sarrera.

Kotxera heldu garenean, 112 martxan zegoen, eta David Takomanoko beste kideekin lehenengo koordinaketak egiten hasia zen. Garaiz, heldu gara inor mugi ez zedin. Baina gaupasa bat baino gehiago eragin dugu. Oraingoan bai, gure errua izan da, eta prebisiblea zen. Baina nor pentsatuko zuen erreka erabat lehorra 15minututan metro bat igoko zenik. Ezinezkoa zirudien.

Datu plubiometrikoen arabera, larunbatean 18 litro jausi dira 6:00-16:00 bitartean. Kontuan izanda, ur gutxi dela, eta barruan izan duen eragin beldurgarria... benetan euria serio egin izan balu, anekdota hau korapilotsuago amaituko zen. 

Beti bezela badago zer ikasi.

2016/11/01

ADES eta bere ADNa

Ez nuen espero inolaz ere gaur goizean Gotzonek lehenengo, eta beranduago Antuak esan didatena. Eta aitortu duten hori da, idatzi honen arrazoia.

Ez geunden seguru, zer nahi genuen egin, eta azkenean Hirukobal errebisatzea erabaki dugu. Baina kotxean gindoazela Gotzon eta biok, Gotzonek zera aitortu dit: espeleologikoki bixka bat deprimituta dagoela, benetako kobazulo bat aurkitu behar dugula esploratzeko,  gure nahiak asetzeko ahalmena duen bat. Arrazoi du, nik ere sentsazio hori konpartitzen dut, behar bada horregatik gabiltza ADES-eko kide batzuk aspaldian euskal herriko leza desberdinetan kolaboratzen. Zerbait horren bila.

Ildo horri jarraituz, ADES-ek dituen inkognita nagusiak zenbatu ditugu: Iluntzar (Iñeritze-Paltzuaran-Lezate-Oiñiz-Atxabrin), Atxarre eta bere ubegia,... eta nola ez Galarregi (Andramari, Iñubijak, Etxetxu, Urgitxi).  Lehenengo saihakera 1984an, eta azkena 2015ean. Tartean 1992an, 1995ean eta 1997an ere sakonera gehitu zitzaion, pasadan urtean -202m-tara utzi genuen arte. Zergaitik ibili gara hain temati? Zergaitik Lekeitio eta Gernika arteko bidea egiten dugunean, beti begiratzen diogu G-001-eko sarreran dagoen zuhaitzari? Beharbada, ADES-en historia eta taldearen izaera definitu dituen leza izan delako. Eta batzuoi espeleologo egin gaituelako. "Entrareis cuando seais hombres...." esaldi famatu hura esan zuenak, bazuen arrazoirik. Suposatzen dut ADESen ADNan dagoela Galarregi, eta horregatik behin eta berriz agertzen dela gure elkarrizketetan.

Horregaitik gaur, Gotzonek ADES Galarregira bueltatu behar dela aitortu didanean, ia kotxearekin pinudian behera egin dudan arren, nire barruan, proposamen ona iruditu zait. Eta Antuak ere baietz esan du. Baina zergaitik? Azkenengo saihakera gogorra izan zen arren, guztia gainditzen du han behean ikusitakoak: 3m-ko arrakala bat, 15cm zabal eta bi metro sakon... eta etengabeko haizea... Iñubija-ra eramango gaituen bidea zabaldua izateko zain dago. -400m-ra helduko den leza bat Lea-Artibain...

Baina horretarako, buruarekin jokatu eta taldekide guztiak modu seguru batean sartzeko prestatu behar da leza. Eztuasunak zabaldu, bereziki Zona Cn, instalazioak birraseguratu (duplikatu kabezera batzuk), pasamanosak hobetu, puntu bero batzuk utzi, eta abar... Hau da, ADES-eko guztiok fondora heldu ahal izateko moduan utzi dena.

Antua, Gotzon, eta Josuren proposamena 2017ko udaberrian bueltatzea da. Ordura arte, badugu malda horretan dauden zulo guztiak errepasatzeko hilabeteak. Zer iruditzen zaizue? Taldekideek nahi badute bakarrik egingo da, eta horregatik, zuon eritzia jasotzea da idatzi honen helburua (erabili komentarioak horretarako).

Bide batez, ADES-ekoa ez den beste espeleo batek kronika hau irakurtzen badu, eta irteera batean parte hartu nahi badu, animatu dadila, ondo pasatuko duela ziurtatu genezake bakarrik.

Antua, Gotzon eta Josu

2016/10/30

Lezaten, saguzar kontaketan


4a argazkia


161030: Gustavo, Oier.

Lezaten (Aulestia), saguzar kolonia monitorizatzen udazkeneko trantsizio garaian. Gaurkoan Takomanokoen bitartez etorritako Gustavo izan dut lagun, Aiaraldean dabiltzan naturalistetako bat, bertako saguzarrak estudiatzeko teknikak ikasteko asmoz.

Asteburu honetan bertan izandako ordu aldaketarekin, ilunabarra 18:00ak inguruan tokatzen zen eta hori dela eta 17:15ak inguruan bertaratu gara, sarrera toldo eta pertikekin aurreragokoan baino hobeto ixteko asmoz. 17:30ak inguruan, lehen gelara sartu gara pixka bat, Gustavori erakusteko, eta bertan dozena pare bat saguzar ikusi ditugu zintzilik, 3 bat metroko alturan; argazkiak atera dizkiegu (1abc,2, 3abc), eta Rhinolophus hipposideros eta euryale iruditu zaizkigu.

17:40an lehen saguzar bakartia agertu da sarrerako gelan, Rhinolophus hipposideros. 17:55an bi edo hiru gehiago, eta hortik aurrera progresiboki Rh. hipposideros eta Rh. ferrumequinum gehituz joan dira, beste espezierik ez dugu detektatu 18:18ak arte; orduan agertu da lehenengo Miniopterus schreibersii, hortik aurrera ugalduz. 18:40etan 105 kHz-tako “kantua” detektatu dugu estrainekotz, Rh. hipposideros edo euryale izan zitekeena; 18:30etatik aurrera Rh. hipposideros jeisten hasi da, guztiz desagertu gabe, eta Rh. ferrumequinum eta Miniopterus schreibersii nagusitu dira; 18:47etan, halere, lehen “isilune” luzeak detektatzen hasi gara, saguzarrik pasatzen ez zela alegia; eta orduantxe, 18:49etan, detektatu dugu lehen Rh. euryale argia (101 kHz). Ordutik aurrera gehitu egin dira, 18:54etan seinaleak eten gabe jasotzen ari ginen, eta ez zuen gutxitzeko itxurarik; laginketa 20:05etan amaitu dugu, oraindik mobimendu handia zegoelarik. Barrura sartzean, toldoa desmuntatu aurretik, ezkerrera-gora dauden ganga txiki batean 4ab) 5-6 saguzar ikusi ditugu, Rh euryale?, eta goragoko arrakala desberdinetan 20-30 gehiago ikusi ditugu (5ab), zintzilik edo hegan, nahiz eta urrunegi zeuden zein espezietakoak ziren zehazteko. Detektagailuaren arabera Rh. ferrumequinum, euryale eta hipposideros nahastean zebiltzaten.

Orokorrean, esan dezakegu gaur saguzar asko ikusi ditugula, baina ez uztailean beste.

Hona detektatutako saguzar zerrenda osoa, haren ugaritasunaren estimazioarekin:
  • 50-55 kHz (Miniopterus schreibersii) +++
  • 76-85 kHz (Rhinolophus ferrumequinum) +++++++++++++++++++++
  • 100-103 kHz (Rh. euryale) BAT ERE EZ
  • 104-106 kHz (Rh. euryale edo hipposideros) 106 kHz-tako baloreak pare bat aldiz detektatu ditugu.
  • 107-116 kHz (Rh. hipposideros) +++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++ +++++

Ohi bezala, beste baloreak ere neurtu ditugu, baina ez dugu uste saguzarrak zirenik:
  • 26-31 kHz +++++++++++++
  • 37-40 kHz ++++++

2016/10/22

Osolo eta Alperdo



161022: bilogía.

Goizian, Osolora (Markina-Xemein). Bildu gara: Jose Satorrak, Gotzon, Oskar, Josu Z, Martin I, Oier.

Sifoian danok ondo espabillau ostian, talde bittan banatu gara; lehelenguak sektore bustira egin dau, desobstrukziñua amaitzera; ha pasauta, sifoi bateraiñok allegau dira, goixan haize korrientedun eskalada txikixa egitteko aukeriakin. Bigarrenak, barriz, Gallardon sektorera juan da, eta katazulo estu zikin baten errez desobstruitzeko pasua dagola dirudi, haize apurrakin. Ni lehelengo taldekuakin juatekua nintzan, baiña konfundiduta bigarrenian sartu naiz, lokatz festan argazki batzu hartuta behintzat.

Bio: kokorik ez dot ikusi. Sifoittik kanpora, barriz, saguzar bakarti bi zeguazen (Rhinolophus hipposideros, uste dot).

Arratsaldean, Alperdora (Aulestia), saguzarrak monitorizatzera udazkeneko transizio sasoian. Niko eta Oier.

19:12etan (eguzkixa 19:10etan sartu da), lehelengo mobimenduak detektau doguz: Rhinolophus hipposideros bat sarrerako gelan bueltaka, kanpora urten barik. Hortik aurrera, tarteka banakako batzu agertzen ziran, beti kanpora urten barik (igual sarreratik hurregi kokatu gara?), beti Rhinolophus hipposideros, 19:30ak arte. Ordu horretan pillo bat bildu dira sarrerako gelan; eta kanpora urtetzen hasi dira. 19:45etan detektau dogu lehelengo Rhinolophus ferrumequinum; hortik aurrera bestiekin nahastian agertu da, eten barik laginketian amaierara arte. Saguzar dozena batzu izango ziran guztira, harik eta 19:55etatik aurrera gero eta bakanago detektatzen hasi garan, ixa guztiz isildu arte. 19:10etan amaittu dogu laginketia.

Hona detektatutako saguzar zerrenda osoa, haren ugaritasunaren estimazioarekin:
  • 50-55 kHz (Miniopterus schreibersii) +++
  • 76-85 kHz (Rhinolophus ferrumequinum) +++++++++++++++++++++
  • 100-103 kHz (Rh. euryale) BAT ERE EZ
  • 104-106 kHz (Rh. euryale edo hipposideros) 106 kHz-tako baloreak pare bat aldiz detektatu ditugu.
  • 107-116 kHz (Rh. hipposideros) +++++++++++++++++++++++++++++++++++++++++ +++++
Beste baloreak ere neurtu ditugu, baina ez dugu uste saguzarrak zirenik:
  • 26-31 kHz +++++++++++++
  • 37-40 kHz ++++++


Barne bilatzailea