Mostrando entradas con la etiqueta historia. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta historia. Mostrar todas las entradas

2026/05/21

Dzingili-dzangala


Fiti, Zulua tabernako ugezabakin. EZ aldizkarixa banatzera juan naizela aprobetxauta, tabernian atzia erakusteko eskatu detsat. Korredore estu bat dago Zulo-Maite-BBVA artian konpartiduta, BBK atziakin angulo rektuan amaitzen dan rektangulua, ranpa formako bi urteerakin (neure kontsulta pareko aldapa barrenera, eta Rufo Atxurra plazara doian kaletxora). Fitik kontau destanez:
    • Zoru naturala (lokatz/lurrezkua, “Maria Errota” tipokua, Fitin esanetan) patixo rektangular horren maillan dago; ez dago beherago doian drenaje biderik. 
    • Azken obran, taberniari alturia emon behar izan zetsen, insonorizaziño kontuengaittik. Horretarako, azpixa jan zeben, lokatzetan sakonduta; horretara, gaur egun dagon maillan geratu zan (kanpoko patixo rektangular horretatik 3 eskaloi beherago).
    • Zulua tabernan, beraz, ez dago drenaje “bajanterik”; horren ordez fosa septiko bat eraiki zeben, “piscina invertida” tipokua (trintxera perimetral bat), kanpora bonbeatzen dana. Ulertu dotenangaittik, jarixua eten bakua da. Hain zuzen be, Fitiri deigarrixa egitten jako komuna luzaruan erabilli barik dagonian, jarixua ur garbikua bihurtzen dala.
    • Obretan, kale aldera begira, ezker alderantz, arku formako egittura bat agertu zan (“zubi bat”, Fitin esanetan). Ez dakitt zer izango zan, kontuan hartuta kalia bera zoru orijinaletik 3-4 metro jasota dagola, rellenuekin beteta. Alkantarillen gangekin lotutako egitturaren bat?
    • Oin dala urte batzuk, Zuloko “porreruak” txarto ikusitta zeguazen herriko jentian partetik. Uste eze baiña, obra honetan hainbeste bihar egitten ikusitta, euren gaiñeko iritzixa aldatu zala, eta inguruko “viejuak” hurreratu jakezen, aholkuak emotera-eta. Baitta harremana estutu be. Eurak esanda daki Fitik, esate baterako, zona horretako hidrodinamikian barri (ura Uriarte aldetik datorrela, eta bertan biltzen dala); edo bertan aska bat zeguala “Dzingili-dzangala” izenekua (umiak bertara salto egin eta urtetzian onomatopeia). 
    • Azken hau entzunda, automatikoki datort burura 1735ko Deskribapen Anonimoko “Zingi Zango” potzua, Dendari-Gerrikabeitia bidegurutzian zeguana, metro batzuk gorago. Egittura berangaittik gabiz? “Idoaldegiko” zingira-potzu gune haundixari esateko izen generikua ete?


 

2026/05/16

GEVekoekin

Argazkia: GEV.


Azken bizpahiru urteetan GEVeko beteranoek argazki-digitalizazio lan itzela egin dute, Euskal Espeleologoen Elkargoaren Argazki Artxibora pasatu direnak. Bereziki aipatzekoa da Jesus Luis Pascualek eginiko beharra, diapositiba kaxak berreskuratuz eta haiek kalitate onean digitalizatuz: ez bakarrik ezin konta ahala ordu sartu dituelako, baizik eta artxibo analogiko zaharren anabasa txukuntzeko eginiko ahaleginarengatik. Ezin dugu esan, gainera, lan hori amaitu denik: gaur bertan, pendrive baten beste remesa bat ekarri digu, oraindik ikuskatzeko aukera izan ez dudana!

Edonola ere: haitzuloetan bezala, esplorazioa amaitu ez dela jakin arren, lana egin daiteke, eta horixe egin dugu gaur. Orain arte klasifikatu ditudan GEVen 1.349 argazkien artean, 300 irudi ingurutan identifikazioak egitea falta zitzaidan, eta telematikoki jendea zorabiatzen ibili beharrean, Enrique Martinezek bere etxean biltzea proposatu zigun, pantaila handi batean proiektatuz egun-pasa egiteko. Eta horixe egin dugu gaur: Sopuertako inguru ederrean, Bizkaiko Espeleologia Taldearen garra gordetzen duen baserri dotore honetan, taldearen esperientzia eta memoria bizi-bizi duten Jose Luis Serrano “Petit”, Jesus Luis Pascual, Jose Mari Salbidegoitia, Enrique bera eta ni neu bildu gara, jardunaldi oso produktiboan: goiz osoa argazkiekin pasatu eta gero, Blanki etxekoandreak otordu goxoa eman digu, bazkalostean kontu-kontari luzatu dena. Oso pozgarria izan da haien arteko konplizitatearen lekuko izatea, koba barruko hainbat kontakizun entzunez, adibidez “La venganza de Don Mendo”ren bertso umoretsuen errezitaldiena (zeinean Ernesto Nolte nabarmentzen omen zen!), eskaletan eginiko jeitsialdi/igoera luzeak entretenitzeko.

Eskerrik asko, laguntza handia izateaz gain, horrenbesteko ohorea izan baita zuekin eguna pasatzea. Izan zaretelako gara!

Argazkia: GEV,

 

2025/05/26

Busturiko beheko pisua

20250524: Iker, Koldobika, Galder, Oier.

Amezti II handiegi gelditzen zaigula eta, gazteok Busturi aldera jo dugu. Izan ere, Galderrek etxe bueltako zillo batzuen barri jaso zuela eta, eurak begiratzeko aprobetxatzea pentsatu dugu.

Lehenengo, Galderren etxetik pasatu gara, informatzaile nagusiarekin egoteko (...). Bilobari esandakoak berretsi, eta beste barik zilloon bila joan gara.

Lehenengoa, zaharren egoitzaren atzean, (...), Sagarminaga baserriaren terrenoan. Zelai lau batean egindako desplome bat da, metro 1'5 sakon, 2*3 mtako depresio borobila. Paretak lurrezkoak, hondoan hondakinak eta zuhaitz garau bat. Galderren arabera, Petrusek dio inguruan "manantial" bat dagoela. Inpenetrablea. (...). Sarrerako argazkia eta krokisa.

Bigarrena, handik hurre, "Txakurren Kanposantue" esaten dieten lekuan. Sasitza inpenetrable bat da, baiña Begoñaren arabera bizpahiru leza zeuden bertan, tapatu zituzten arte. Euretako bat 40 mtakoa (sic). XX puntu modura katalogatuko dugu, (...). Sasitzaren argazki bat hartuta.

Hurrengoa, Gordoizpe baserri ondoan dolina bat. Hara jeitsita, hondoa lokatzez blokeatuta dago; baina haren lateral batean, arrakala bat zabaldu da haize minimo batekin (1/10 gradu Beaufort-Etxebarria eskalan). 1980 hamarkadako uholdeetan, dolina hau urez asko bete ei zen, harik eta bapatean hustu zen arte. (...). Sarrerako argazkia eta krokisa.

Ostean, kotxea mugitu barik, Kurtzegana aldera egin dugu oinez. Bertan, itsasadarraren aldera jeisten den lautada batean (...) gaztetako olgeta-leku batera iritsi gara, "Enanituen" basoa, leize edo depresio bat ikusteko. Hau ere desplome "berri" bat da, urak terrenoan eginiko azpi-janaren ondorioa. Bidezidorraren zati handi bat hartzen du, gutxienez 8*3*2 m inguruko torka bat (sasitzak ez du izten osorik ikustea). Bertara jaitsita, azpi-janak etenik ez duela erakusten duen beste depresio txikiago batera iritsi gara, torkaren hondoan, 1*1*1 m ingurukoa. Lurrak pasabidea osorik oztopatzen du. (...). Argazki prekario bat (anguloak ematen zuena) eta krokisa.

Ostean, Iker eta Koldobika batu zaizkigu eta, Galder gidariari jarraituta -parajea ondo ezagutzen du, mutilak- Moruzillo ondoko errekazuloan gora egin dugu, Galderrek ura galtzen den hobi bat detektau ei du, eta Moruzillo barruko ur-korrontearekin zerikusia izan dezakeelakoan, erakutsi nahi digu. Errekazuloan sartu bezain laster, konturatu gara ur-emari handiagoa zetorrela (aurreragokoan Galderrek siku topatutako lekuan). Horretara, beste hobi bat detektatu dugu, kamino ondoan bertan, 4 bat l/stako emari bat irensten ari zena. Hobia bera harri txintxarrez beteta dago, baina ondoko motan, hormako frakturen fabore, bi arrakala zabaltzen dira, haize korrontearekin (2/10º BE), eta euretako bat penetrablea desobstruitu ezkero. Ez dakigu merezi duen, zeren eta Moruzilloarekiko konexioak argia dirudi. Edonola ere, katalogatzeko modukoa iruditu zait: (...). Sarrerako argazkia hartuta.

Hortik aurrera, errekazuloan gora egin dugu, Galderrek esandako hobi hori detektatu nahian. Puntu zehatza ezin izan dugu identifikatu, bistan da (ura goian-behean zetorrelako). Bai ostera, aurreko puntutik 30-40 metro errekan goran, emari aldaketa nabarmena: puntu horretara arte errekan 4 bat litro bazetozten, hortik gora 8 l edo gehiago izan dira; beraz, hobia hor inguruan egon behar dela ondorioztatu dugu. Izan ere, zona horretatik gora segitu dugu (arroila polit-polita da), eta emarian ez dugu berriro horrenbesteko aldaketarik ikusi.

Hortik gora segituta, ADESek lehendik katalogatuta zituen zilloak ikustea pentsatu dugu, Atxapunta/Apartola kaskoari buelta ematearekin batera, beste aldetik jeisteko. Horrela, lehenengo AB-008 Apartolara iritsi gara. Bertan, haize korronte nabarmena igarri dugu (3/10º BE), eta fitxa ikusita desobstruitzeko/esploratzeko pendiente dagoela ikusita, B plan polita izan daitekeela ikusi dugu, beste plan handirik ez dugun egunetarako.

Marautze aldera igotzen segitu dugu gero, baina mendi lepora iritsi baino lehen, sorpresa: oraindik Apartolako isuri aldean, bide bazterrean desplome handi bat gertatu da. 8*6*3 mtako torka bat, bidearen zati bat barruan hartu duena, eta hondoan kare harrizko sustratoa agerian itzi duena. Dena lurrez betea eta blokeatua dago, noski (Koldobikak miatu dituen zuloak zuhaitz handi baten sustraiaren artean gelditutako pasabide faltsuak baino ez dira izan). Halere, fenomenoaren neurria ikusita, katalogatzeko modukoa iruditu zaigu. (...). Gunearen argazkia hartuta.

Ordurako berandutxo zenez, AB-006 Marautze eta AB-005 Kañaneko zilloen ondotik pasatu gara, baina bertara sartu barik. Beherantz egin dugu, bizkor xamar, eta Amunategin zer, eta familia osoa aurkitu dugu bertan; haien artean (...) gure 2005eko informatzailea. Denak etorri zaizkigu, nagusi eta ume, berbetarako gogoz, eta noski, hortan jardun dugu zati batean; ADESen ikerketak, azpitik dituzten galerien informazioa, aerotermia sistema, txakolinaren ekoizpena, haien kobazuloa hobeto aztertzeko duten gogoa (AB-011, Koldobika eta Iker egon dira han)... gustura egon gara baina alde egin beharra genuen gu.

Erretirada bidean, beraz, oraindik Galderrek beste zulo bat erakusteko astia hartu du, Lekosaezondon (katalogoan AB-001 Lekuondo bezala katalogatua duguna). Hau neuri interesatu zait gehien, kokapena eta dimentsioak bio laginketarako oso egokia bihurtzen dutelako. Beste egun baterako!

Gaur atentzioa deitu didaten detaile etnografiko bi:

- Galderren arabera, San Pedro haitzuloaren izena ez da desegokia (nik uste nuen legez) baizik eta koban egoten diren kakalardoengaitik emana ("sanpedruak" = kakalardoak ei dira Busturin). Kontrastatu eta berretsi.

- Amunategikoen arabera, Jaun Zuriaren itsas-espedizioa San Pedro koban gelditu zen ur geza hartzeko. Horren erreferentzia zehatza aurkitu.

Horrenbestez amaitu dugu eguna. Ez da gutxi! 5 zillo berri eta XX puntu bat katalogorako, eta lehendik ezagutzen genituenen artean errebisatzeko beste zillo bi.

PD: beteranoen taldea ere ez ei da geldirik egon. 😁Arratsalde erdian irten dira Amezti IItik, eta hau izan da emaitza.

 


2025/03/16

Amezti II eta Simposiuma


 20250315: Koldobika, Iker, Galder, Aitzol, Gotzon, Antua, Xabi, Oier.

Amezti II. Afluentzia masibua, leza honetan behera zabaltzen gabizen bidia esploratzeko gogoz. Zorionez, bateren batek meteo partia ondo begiratuta ekarri dau, eta leza sarreran denda kanpaña eta guzti jardun dogu jo ta keia, etorri dirazen eguzki/euri txandetatik babestuta. Emaitziak merezi izan dau: leihatilla bildurgarrittik aurrera eginda, Gotzonek eta Antuanek pasamanos bat instalau eta behera egin ei dabe, harri-erorketetatik aldendutako bide paralelo baten, eta 40 bat metrotan zundatu daben potzo baten kabezeran geldittu diraz. Norutz? Ezin jakin, bertatik datorren korriente lurruntsuak topografia instrumentala erabiltzia eragotzi dau-eta; halan be, Lezate baiño Lezandipe usaiña daka honek. Txupinazo gelian usaiñ ederra, zihetzago esanda.

Mendittik erretiradan, "speleo de salón" momentua etorri da. VdHKk antolatuta (Alemaniako speleo federaziñuak) eta UISen Historia Saillan babesakin, "Speleology in Authoritarian Regimes" simposiumian parte hartu dogu. Bertan, I Mundu Gerratik hona izan dirazen liskarretan Euskal Herriko espeleologuen nundik norakuak jarraittu doguz, eta gero VdHKko lagunak Benno Wolf bioespeleologuan bizitzia ohoratu dabe, Theresienstadt kontzentraziño esparruko zurrunbilluan galdu zan arte. Jardunaldi zirraragarrixa izan da, leku askotako kidiak jarraittu dabena (Grezia, Italia, EEBB, Frantzia...) eta, itxuraz, akulua izan leike mundu oso espeleologuendako, euren herrixetan bizi izandakua azaltzeko. Izan be, tamalez, diktadurak ugarixak diraz munduan, eta lurpeko munduko pakia nahi baiño gehixagotan endredatzen dabe.