Mostrando entradas con la etiqueta zubiburua. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta zubiburua. Mostrar todas las entradas

2026/05/03

Saguzarretan


 

Udabarriko transiziñuan ikustaldixa. Illunabarra 21:13. Hego haizia, sargori.

21:10etan grabatzen hasi naiz, hippo aktibidadia zeguala. Oro har, juan dan urteko aldian, ohiko 3 espezieen aktibidade gehixago neurtu dot; baiña egualdixan, eta intsektuen ugarittasunan eragiña izan leike.

Kontrolak: detektatutako frekuentziak, aktibitate mailia, pantallan x: 5 segundo eta y: 110-50 kHz ikusgai dagola.

2026/04/21

Zubiburua esploratzen

 

 

20260411: Tomas, Oier.

Artadi kantabrikuan dabizenak, azkenian, naturzale bihurtzen diraz eta, ezinbestian, kuebekin topo egitten dabe. Halan, Tomasen kuadrillakuak (Ibai, Eki, Aitor) Kakueta inguruan dabizela eta, Zubiburura sartzeko gogua zeuken. Hantxe juan gara ba, karstaren zientzien inguruko azalpenei adi-adi (geo, arkeo, bio) eta pare bat lekutan esploratzeko zirradia asetzeko aukeria emonda. (...). Ikasle formalak eta arduratsuak, plazerra da halako pertsonak lurpeko munduan gidatzia! 

2025/12/26

Zubiburua, saguzarretan

 

20251225: Tomas, Oier.

Zubiburua (Lekeitio). Neguko saguzarren kontaketa. Ohi bezala, eta Zubiburuan lanean dabilen arkeologia taldearekin lehen aldiz koordinaturik -gauza pozgarria-, bertako saguzar koloniaren egoera ikustera sartu gara 17:45etan.

(...)

Kanporakoan Tomasi laga diot bidea bilatzen, eta lanak izan ditu goiko sarrerara igotzeko bidea aurkitzen; beraz, arkeologoek fototrampeo kameraren aurretik gutxienez 4 bider pasatzen ikusiko gaituzte; agian aireko suspentsio hauts-detektorean ere igarriko da. 19:00etan kanpoan geunden.

2025/09/04

Puro relajo murcielaguero


       Zubiburua, saguzarren monitorizaziñua udazkeneko trantsiziño sasoian.

       Illunabarra 20:43. Laiñua, epela. Plazan, "Puro Relajo" taldian kontzertua entzutzen zan, baiña ez da disturbio haundixa izan (ez behintzat, 23:00etan programauta dagozen txapliguak beste).

       Ohi bezala, detektatutako frekuentziak eta aktibitate maila neurtu dugu, (ordu laurdeneko tramoetan).

2025/06/15

Zubiburuan, kumaldi sasoiko laginketia

 


20250613: Oier.

Zubiburua, kumaldi garaiko laginketia. Illunabarra 21:53, sargori.

Dana normal, intzidentziarik ez. Mikro grabaketiari kaso gitxi egin detsat, modu kontenplatibua praktikatzen, zerura eta animalixeri begira. Mikrofonua, kornetilla barik eta erdiko leihatillan zentrauta.

Detektatutako frekuentziak, eta aktibidade maillia errejistrau dogu; honenbestian udazkenera arte, oi gure lagun uletsuak!

2025/04/20

Zubiburuan, saguzarretan

 https://blogger.googleusercontent.com/img/b/R29vZ2xl/AVvXsEiU27N54GWLH4wi7VlCYKqiifAFboKGz2HpaDcFVMX10fdHWshrivoG2doSfUVlkHzaY0BitmLhMyt7lTAim1XwyUzrpFC4y9G5DL1Jwyde07BeTo1UIqMsofizXzq3nMcg215_O1zihGWsG76Z6NUEE43rix1st3FLhs8sYmNeiRBDPWhKoKBA85pyY_4/s400/count-von-count.jpg

Bart, urtian 4 aldiz egitten dogun bisittetatik bat egin gentsen gure lagun kiroptero troglofilueri, zehazki, neguko hibernaziñotik udako kumaldira arteko trantsiziño-garaiko laginketia egitteko. Ohi moduan, bertan bizi dirazen 3 espezixien presentzia eta aktibidadia neurtu genduan, 2016tik hartzen gabizen datu serixian jarraipena bermatuta.

2024/12/22

Ogoñon eta Zubiburuan

Asteburu honetan, ADES Espeleologia Elkarteko kideok Ogoñon (Elantxobe) eta Zubiburuan (Lekeitio) lan egin dugu.


 Lehen kasuan, Bizkaiko Foru Aldundiaren baimenarekin eta Rafa Garaita ornitologoarekin elkarlanean, zotina kentzeko moduko labarren sektore ezezagunetan prospektatzen aritu gara, haitzulo berriekin batera zenbait ekatxori eta ubarroien kabi berriak ere katalogatuz.

 Zubiburuan barriz, neguko saguzar kontaketia burutu dogu. X ale bakarrik ikusi doguz: sarrerako galerian, X; eta gela haundixian, X. Xrak Rh. hipposideros itxuraz. Datuok, beraz, juan dan urtian seinalatu genduan ildo beretik doiaz; 2022ttik hona, motiboren batengaittik, Zubiburuan hibernatzen zeben saguzar kolonixian tamaiñua nabarmen jaitsi da.

(...)

 

2024/09/12

Udazkeneko trantsiziño laginketia

 

20240911: Oier.

Zubiburua, saguzarren monitorizaziñua udazkeneko trantsiziño sasoia. Illunabarra 20:26. Euri lanbrua, epela. Une batzutan euri nahikotxo egin dau. Animalixen portaeria zeozer aldatuko zala begittandu jata, baiña emaitzak ikusitta ez, itxuria. Gabonetan ikusiko gara barriro, lagunak!

2024/06/23

Zubiburua, udako kumaldiko laginketia


 240621: Oier.

Zubiburuan (Lekeitio), saguzarren ikustaldixa. Gure gaü-ainhara familixak zer portaera ete daka udako kumaldixan? Lezatera, Atxurrara juaten ete dira, narrutan egin eta buelta? Bertan egitten ete dabe? Galdera asko erantzun barik, baiña gu gurera: han egin dogu gure datu bilketa saiua, juan dan 8 urtian eten barik mantentzen dogun datu serie apala osatzeko.

2023/12/30

Saguzar gutxi Zubiburuan


231230: Oier.

Neguko ikustaldia. Laburpen errazekoa, (...) baino ez baititugu ikusi: (...) gela handienean, eta (...) azken gelara igarotzeko estuasunaren sarreran. (...). Putzuetan ura aurkitzeak harritu nau, ez baita azkenaldian eguraldi bereziki euritsua egiten ari; bertan estigobio bila aritu naiz, baina ez dut alerik aurkitu, putzu estazionalak direlako seguraski.

Deigarria egin zait hain saguzar gutxi egotea; laginketa jarraitua egiten ari garenetik (2016) ez ditugu sekula hain gutxi topatu sasoi honetan (hibernazio garaian (...) artean detektatu izan ditugu; jeitsiera beraz %75 gutxiagokoa izango litzateke, gutxi gora behera). Goizegi da jakiteko kobazuloaren erabilpen arkeo/didaktikoak zerikusirik duen; baina kontuan hartzeko da gaur sarrerako galerian (2021etik arkeologoek probak egiteko erabiltzen ari diren horretan) saguzar bakarra ere ez dela egon, beste urteetan hibernatzen ari ziren ale gehienak hortxe aurkitu izan ditugunean.

2023/04/25

Zubiburua

 

 230425: Oier.

Zubiburua, saguzarren monitorizaziñua udabarriko trantsiziño sasoian. Txiri-txiri, gure neurrixan, bagoiaz kueba honetako saguzarren jarraipena egitten. Rinolofiduen kolonixa apala da, ados: baiña datu serie luziak, hain bisittaua dan kueba baten, badaka bere balixotxua.

Sartu garanian, (...) paraboltak ikusi doguz; ondo eginda. Kueba honek papel garrantzitsua jokatzen dau espeleologian interesa dakan jentian hastapenetarako, eta urte asko dira horretarako erabiltzen dogula; beheko sarreria itxi dabenak horrekin "ahaztu" egin dira kontizu. Beraz, gure neurrixak hartu biharko doguz ikasliak goittik behera ez jausteko....

Laginketiari buruz, oiñ artekuekin ikusi da Pettersson/Batscanner konbinaziñua fidagarrixa dala, eta eskuz egindako kontaketian pareko emaitzak emoten dittuala. Beraz, gaurkuan bisualki gurutzetxuak egitteko bihar astunari uko eginda, grabaketa hutsa egin dot, kontaketia gero etxian egitteko. Hori bai, 15 miñittuko 4 zatittan, bestela kargatzen denpora pillua emoten dau-eta.

2023/01/07

Errekatxu, Zuluka, Karobigaine eta Zubiburua


 230107: Martin U, Gotzon, Oier.

Eguna Errekatxuri buruz berbetan hasi da. (...) neure kotxian batzar berezixa eginda, ikusi dogu ez dagozela baldintzak ADES saltsa horretan sartzeko (...) ados jartzen badira, orduantxe deittu gaitzatela.

Gaurko plan nagusixa, Zuluka; sektore barrixan dagozen potzu beherakarixetan behera segitzia. Nik silfideak desobstrukziño gunera lagundu dittudaz, justu kuku bat egin eta hortik pasatzeko gogorik ez dakatela baieztatzeko (ohar mentala: gogoratu ADESen ondo pasatzeko nagola!).

Beraz, lagunei agur esan eta ni neurera: katalogo biharra, mendixan gora dagozen zuluetan falta dirazen datuak biltzera. Kasu honetan, objektibuak I-090 Karobigaine eta I-091 Harrizulo izan dira. Lehelengua errez topau dot, baitta izena emon detsan karabixia be (Orue-Etxeberriaren talderako be datuak jasota). Zulua bera ez da gauza haundixa (ez neban besterik espero) baiña esplorau eta topografiau biharra badaka, ni pasatzen atrebidu ez naizen leihatillatik aurrera. Krokis eta deskribapen probisionala, eta sarrerako argazkixa jasota.

I-091akin, ostera, ez dot suerte bera euki. Jotako baso sail baten dago, ez bereziki zikiña, baiña GPSak lagunduta bertaraiñok punturaiñok allegau banaiz be, 20 m inguruan emondako buelta eta bueltetan, ez dot galerixa aztarnarik topau. Makiñak tapauta? Enbor moltzoren baten azpixan? Ideiarik bez.

Azkenik, eta bestiak ondiok barruan zeguazela ikusitta, Lekeittiora bidian Zubiburuko neguko saguzar ikustaldixa egitteko aprobetxau dot. Kontaketa erreza (...).

Oharra: Zulukako bikotiak, gero pasau daben ohiko informiaz gain ("grandes descubrimientos"), badirudi beste pixkat jaistia lortu dabela, Lezatera bidian.

2022/09/22

Zubiburuan, saguzarretan

 220920: Oier.

Zubiburua, udazkeneko trantsizio garaiko laginketa.

Illunabarra 20:10. Eguraldi freskoa, oskarbi.

Grabaketa 15'tako zatietan egin dut, geroko kodifikazioa errazteko (45'tako artxiboak astunegiak dira > haiek irekitzen denbora asko, eta blokeoak). Gainera, tripodearen aukerak baliatuz, mikroa haitzuloaren 3 sarreretarantz 45º inguruko inklinazioarekin jarri dut, barruko saguzarrak hobeto hartzeko; honek agian kanpotik ibiltzen diren Miniopterus gutxiago detektatu izanaren eragina izan dezake.

Mikroa 20:00etan ireki dut. (...) Aldaketa klimatikoa dela eta, beste garaietan egiten ari garenarekin parekatuz, laginketa hau ere aurreratu dugu (iaz arte urrian egiten genuen). Iazkoarekin konparaturik, aktibitate profilak (...).

2022/07/18

Zubiburua, kumaldi garaian

Irudia: Jim Henson.

 

220712: Oier.

Zubiburua, udako kumaldi garaiko laginketa.

Illunabarra 21:50. Eguraldi oso beroa eta lehorra.

Zubiburuko saguzar koloniatxoaren karakterizazioarekin jarraituz; jadanik datu-serie apal baina luzea jasoa dugu. Azkenaldian kobak duen bisita-presio handia kontuan hartuta (sarrera aurreko espaloiaren lokatz-aztarnak begiratzea baino ez dago), interesgarria izango da kiropteroetan duen eragina neurtzeko. Gaurkoan, tripodea baliatuz estazio eroso eta praktikoa osatu dut, prozedura finduz.

Grabazioa aztertu aurreko oharretan (harkatzez orrian hartuta) esan dezaket aktibitate nagusia, diferentziaz, kanpoko saguzarretan detektatu ditudala (Miniopterus schreibersii); hortaz gain, Rh ferrumequinum batzuk detektatu ditut, eta Rh hipposideros gehiago.

Grabaketan deigarriak egin zaizkit:
    • 00:14:42 Rh ferrumequinum "kantu" ozena, 120 kHz eta 40 kHztan erresonantzia bezalakoekin (ez dirudite hipposideros eta schreibersii, ferrumequinumaren kantuaren iraupen eta forma bera baitute)
    • Min schreibersiiren seinale batzuk, anplitude oso handikoak (50 kHztatik 100ra): 00:19:08 , 00:29:12, 00:31:24
    • 00:23:47 Rh ferrumequinum, 50 kHztan erresonatzen (forma bera)

Oharrak:
    • Etorkizuneko ikerlariei oharra: azken ordu laurdenean azazkalak mozten egon naiz, eta grabaketan agertzen diren artefaktuak giltzen hotsak dira; ez dute irakurketa eragozten, halere.
    • Grabaketaren transkripzioa, eta paperean harkatzez hartutakoa bat datoz, gutxi gora behera.

(...)

2022/05/18

Zubiburua zabalik

41:00 minutuko hipposideros-festa.


220517: Oier.

Zubiburua, udaberriko trantsizio garaiko laginketa.

Ilunabarra 21:29. Sargoria.

Oharra: kobazuloaren sarreraren gaineko superbisioa bertan behera laga dugu. Batetik, Udalak "out of sight, out of mind" politika nahiago du: ez du begi onez ikusten jendea kobazulora sartzea -hortik burdinsarea-, baina era berean ez du bisitariak kontrolatu nahi; tokea eman ziguten jendea giltza eskatzera joaten hasi zitzaionean, eta horregatik kendu genuen kartelean haiei eginiko erreferentzia. Eta bestetik, zarradura behin eta berriro konpondu arren, behin eta berriro hausten dute. Hau ikusita, nekatu gara: kartel informatiboa kendu dugu, eta hemendik aurrera ez dugu atea gehiago konponduko, edota bisitariek egiten dutena gainbegiratuko; haitzulo honen beste kudeaketa eredu bat bultzatzen ez den artean, behintzat. Horrenbestez, koba barruan materiala duten beste espezialistek (gurekin hitz egiten ez, baina blog hau fin-fin irakurtzen dutenak 😘) kontuan hartu dezatela zuloa irekia dagoela, inkontrolatuen bisitekin.

Gaur Pettersson gailuarekin egiten dudan lehen laginketa "serioa". Zalantzak nituen, nola kontabilizatu aktibitatea. Ikusi dudanez, y ardatzean (maiztasuna) gauzak klaru daude, zein espezie pasatu den; eta x ardatzean (denbora), berriz, rafaga luzeak badira ere, animali bakoitzak egiten duen pasada bakoitzean pultsu bat bereiz daiteke; beraz, lehengo "tiruliru"ekin homologatu dezakedala pentsatu dut, grafikan agertzen den pultsu bakoitzeko gurutzetxo bat eginda. Bestalde, une batzuetan 4-5 animali batera hegan egon dira; eta, ikusi dudanez, denek batera grabatzean bakoitzaren "ahotsa" bereiz daiteke, pultsuak aparte kontatzeko aukera emanez. Deigarria egin zait beste gailuekin hain sarri detektatzen nituen 40 kHztakoen ausentzia; hau da, hegan ikusten nituen (kanpotik) baina Petterssonak ez ditu errejistratu, zalantzazko kasu bat kenduta. Ematen du beste mikrofonoa urrunetik pasatzen ziren animaliekiko sentsibleagoa zela, eta hau berriz fokalagoa. Azkenik, gailuak 45 minutura etena automatikoki egiten du, beste grabaketa bat hasita; beraz, ordu beteko ohiko laginketa 45+15 bi grabaketatan jasota gelditzen da.

Grabaketa 21:16etan hasi dut (lehen grabaketaren 00:00). 05:45 eta 07:50etan maiztasun anplitude oso handiko seinaleak (espektro osoa) jaso ditut, eta ez nekien zer zen; kotxeak edo hegaztiak, ez zait argi geratu (horrelako seinaleak behin baino gehiagotan errejistratu ditut laginketan zehar). 12:40 minutuan 1º Rh. ferrumequinum detektatu dut (zuzenketa: grabaketa errebisatzean, lehenengoa 00.06 segunduan pasatu dela ikusi dut, nahiz eta momentu hartan ni konturatu ez) 15:50an berriz, 1º Rh. hipposiderosa (zuzenketa: errebisioan, 05:42 minutuan aurkitu dut bat, 15 segundutan 10 pasada egin dituena, fondoko soinuarekin batera alegia ) . Lehenik pasatzen ikusi dut, baina "isilik" (gailuak ezer errejistratu barik); segituan, ostera, "kantuan" hasi dira. Hau behin baino gehiagotan ikusi dut laginketan zehar ("isilik" pasatzen ziren saguzarrak). 17:20 minutuan, nahasketa interesgarri bat: fondoko soinu handi hori, lehen esan dudana, eta hipposideros bat, biak batera izan dira; eta grafikan ikusi dudanez, erraz bereiz daitezke. 33:35 minutuan animaliak inguruan hegan ibili zaizkit, 10 bat segundotan, baina isilik (grabaketa hobeto begiratu dut, eta konfirmatuta: hegan bai, ekolokalizatzen ez). 36:40 minutuan 40 kHz mailako soinu bat errejistratu da (hobeto begiratu eta gero: askotan pasatu dira, adibidez 27:07tan, 28:12tan, 30:00tan ere pasatu dira, Miniopterus schreibersii txantiloiarekin bat datorrena, baina gehienetan oso baju, -32 dB, agian kanpotik hegan? baina beste batzuetan hurre. ez dakit zer pentsatu). 38:35an berriro hegan eta isilik, zati luze batean. 42:00an 4-5 batera ibili dira hegan, luze. Handik gutxira bigarren grabaketa hasi da, 15:00 minutuan amaitu dudana, 22:16etan.

Oro har, pozik nago prozedura berriarekin. Lehengo fidagarritasun maila apala mantenduz (aktibitatea baino ezin dut neurtu, ez animali kopurua), zerbait hobetu dudalakoan nabil, grabaketek datu objektiboagoak ematen didatelako (belarrimetroaz harantzago), eta oraon Miniopterus/Myotis bereizketa egin dezakedalako.

(...)

2022/01/22

Mandoia eta Zubiburua


 

220122: Javi, Antua, Oier.

Mandoian; gaurkoan, Lemoako lurretan (uste dut) karst txiki honen karakterizazioan hainbat detaile hartu beharra zegoen, eta 3,1 kmtako ibilaldia egin dugu (nire OruxMaps berri flamanteak esan dit), basurdeen bide eta sasi artetik, noski, Javik eta Antuak kareharriaren mugen eta distribuzioaren zuzenketak egiten ari zirela, mapa gainean. Nik neuk, nahikoa izan dut haien atzetik batzuetan (paisaia ikusten) eta aurretik bestetan (sasi-bideak irekitzen) ibiltzearekin. Eta lekuaren edertasunaz gozatzearekin.

Gero, haiek beste sektore batean lan berean aritzera joan diren bitartean, nik Lekeitiora egin dut, Zubiburuan egin beharra zegoen saguzarren neguko ikustaldia egiteko. Ikustaldiaren emaitzak:

  • Sarrerako lehen galerian, 5 saguzar. Tamainarengatik Rh. hipposideros (lozorro totalean zeuden; ez ditut molestatu nahi izan argazki edo mikrofonoarekin). Lehenengo katazulotik aurrera, ez dut bakar bat ere ikusi.

  • (...)ren gauzak daude: sarrerako gelan, 5 zaku zabor (...). 3 termometro Hobo (sarrerako galerian 2, lehenengo trepadan beste 1). Eta osteko destrepean, soka 1 (kendu egin dut, eta zabor zakuen gainean utzi).

Espero dezagun gure ikerlari prestuek ez dezatela poltsa horiek eramatea ahaztu. Hurrengo laginketan (maiatzean) ikusiko dugu. Grazia izango bailuke, ez-dakit-nongo Institutuari eta ba-dakit-nongo Unibertsitateari abisatu behar izatea, zer eta haien kide batzuek zaborra erretiratu dezaten!

2017/02/25

Garratxa III eta Zubiburua



170225: Carlos Prieto, Oier, Xabier G.

Lehelengo, Carlos eta bixok Garratxa III-era juan gara. Ordu eta pikuko jardunaldixan, bio lagin ugari hartu doguz: Quaestus, Oxychillus, Zospeum, masmak... eta Neobisium. Pseudoeskorpioi pillua. 6-7 ale jaso doguz, ohizko lekuetan (sabai eta kolada zurixak), eta deigarrixa egin jaku gorputz zurixka zekela.

Gaur publikua izan dogu. Etorkizuneko espeleologuak.

 Gero, basuan zihar, Zubiburura jaitsi gara. Han Xabi eta bere lagunak topau doguz, ikastolako ume talde batekin erakustaldi didaktikuan. Euretako batzu juan dan martitzeneko hitzaldixa entzundakuak ziran, bistan da interesa dakela. Gure ikustaldixan lagundu gaittue, eta Carlosen azalpenak entzutzeko aukeria be izan dabe.
  • Katazulotik kanpora 5-6 saguzar bakarti ikusi doguz, Rh. hipposideros batez be, eta Rh.ferrumequinum. Katazulotik barrura beste Rh. hipposideros bat (aurreko egunian ez genduan alerik ikusi). Azken ikustaldixan ikusittako aldian, beste lekuetan zeguazen; uste eze hibernaziñua amaittu dabela. Sartu garanian mobitzen egon badira be, kanporakuan geldi xamar; ez dira esnatu.
  • Bio lagiñak: Quaestus, Lithobius, masmak, marraskilluak. Lur lagiñak akaruak billatzeko.

2017/02/13

Karakosta eta Zubiburua



170212: Oskar, Oier.

Karakosta (Aulestia). Helburua: Campillo eta Oskarrek egindako desobstrukziñuan azken puntutik aurrera jarraitzia. Sarrera eskalofriantian ostian, gelatxo bat bio biztanle ugarikin: Meta masmak eta saguzar txiki bat (...). Hortik aurrera, boyaux tipoko katazulo doble eskalofriantia; neretako proba gogorra izan da haren barruan sartu, eta txorixo baten modura enbutiduta desobstruitzia eta, batez be, handik atzeraka eta aldapan gora urtetzia. Puf! Baiña egin dot. Campillo-terminusa 1,5 m inguru aurreratu dogu, eta koladia pare bat espatula kolpien faltan geratu da, gainditzeko. Haize korrientiak aldaketa kuriosua izan dau: kobara allegau garanian txupatzen ziharduan, eta barruan genguazela puzka hasi da; kanporakuan, hego haizia etorri dala konturatu gara. Biharbada presiño aldaketiak eragingo zeban?

Bio laginak: Meta bi.



Oharra, Martin liburuzainarendako. Gaur ARSIP-eko azken argitarapenak eraman ditut lokalera, a saber:

  • ·         Arsip bulletin 16 (1989 arte), bere topografia eta mapa gehigarriekin
  • ·         Arsip Info. Especial 2014. Las travesías de la Pierre Saint Martin. (monografikoa, espainolezko edizioa
  • ·         Arsip Info. Hors-série 2016. Jonction Tête Sauvage – Pierre Saint-Martin. 30 août 1966. Une aventure des Basaburu. (50 urteurreneko ale berezia
Horrekin batera, etxean nituen ADES-eko mapa geologiko zahar bi (Eibar eta Ondarroa).

(...)

Ilunabarrean, Zubiburura (Lekeitio), hibernazioko kontaketa egitera:

(...)

2016/10/15

Zubiburuan, saguzarretan


Rhinolophus euryale, gaur Zubiburuan.


 161015: Javi M, Xabi G, Oier.

Saguzarren monitorizazioan, udazkeneko transizioaren lehen neurketak egin ditugu. Oraingoan “Elekon” scanner automatikoa erabili dugu, egia esan, askoz ere erosoagoa da Petterson manuala baino.

Arratsaldeko 16:00ak inguruan Zubiburuara joan gara (Lekeitio). Hainbat saguzar bakarti aurkitu ditugu:
  • Lehenengoa sarrerako galeria nagusian zegoen, 7 bat metroko alturan. Lotan zegoen, scannerrakin ez dugu soinurik kaptatu (une baten 26 kHztako seinalea hartu dugu, baina interferentziaren bat izan dela uste dut). Argazki bat hartu dugu (1), baina oso txarra. Handia zen.
  • Bigarrena eta hirugarrena lehenengo trepadaren gelan aurkitu ditugu, lotan hauek ere. Argazkiak egin dizkiegu: bata handia zen (2a,b,c), bestea txikia (3a,b). Argazkiei begira Rh. hipposideros iruditzen zaizkit.
  • Laugarrena gela handienean aurkitu dugu, 15 bat metroko alturan, beraz argazkian (4) ez da pitorik ikusten. Txikia iruditu zaigu halere.
  • Bostgarrena azken gelan zegoen, kobaren amaieran. Txikia hau ere. Argazkia atera diogu (5) eta honek ere Rh. hipposideros dirudi.
  • Kanporako bidean, sarrera bien arteko gurutzean bi saguzar hegan aurkitu ditugu (jada arratsaldeko 17:30ak ingurua izango zen). 106 kHztan ari ziren, beraz Rhinolophus euryale edo hipposideros. Gero, leku berean, beste batzu 110 kHz eman digute, beraz Rhinolophus hipposideros.
  • Goiko sarrerarantz egin dugu, eta galerian 3 saguzar aurkitu ditugu, zintzilik baina esna. Argazkitan ginela hegan hasi dira (6a,b), baina nire ustez haietako bi Rh. euryale dira.
  • Galeria honen gainean dagoen arrakala estuaren gorengo aldean, 5 bat metrotako alturan, beste bat ikusi dugu, zintzilik eta geldi. Urrunegi zegoen argazkia ateratzeko.
 (...)

2016/07/28

Zubiburuan eta Lezaten, saguzarretan




160717: Niko, Tomas, Oier.

Zubiburura (Lekeitio), saguzarren kontrolan lehelengo saiua egittera atzo etorrittako materixalakin. Traiekto osua burutu dogu: sartzerako orduan, pareta eta zulo guztiei begira, isilik eta indar haundiko linternekin lagunduta; alerik be ez dogu ikusi. Urteeran, US detektoria martxan izan dogu: denpora guztian maiztasun dibisiño sisteman, eta gela haundixetan sistema heterodinuan barriduak eginda badaezpada; ezer ez dogu entzun.

Lithobius bi jaso doguz.



160728: Oier.

Lezaten, saguzarren 1º laginketa (kumaldian).

21:10etan ailegatu naiz bertara, eta presaka ibili naiz lonekin sarrera estutzen, ilunabarra bazetorrelako. 21:45ak ingurua izango zen zelata postuan kokatu naizenean, eta segituan “entzun” ditut lehenengo ale solteak (R. ferrumequinum eta beste izaki bi, bata 42 khz eta bestea 26 khz). Bost-hamar minutuan ez dut ezer entzun (zelata postuan izan naizen denbora guztian diala gora eta behera mugitzen izan naiz, eten gabe) eta errezeloa izan dut agian sasoi honetan Lezaten ez zela saguzarrik izango, baina... Laster etorri da gaü-ainharen festa; progresio exponentzialean, mota guztietako espezieak ateratzen hasi dira, (gehienak diferentziarekin R. euryale) eta trafiko handia ordu erdi luze batean mantendu da, 22.40ak ingururarte. Konturatu naizenez, “pertsonen sarreratik” saguzar asko bazetozen ere, gehiago ziren nire bizkarrean zebiltzanak; gero ikusi dudanez, lona tapakian leihatila bat utzi dut konturatu barik; zalantza dut hemendik etorri ote diren, edo beheragotik, errekako zulotik. Epe honetan ikusitakoak ehundaka saguzar izan dira, ezin dut asko zehaztu baina 100-150tik gora seguru; agian 200-300 ere bai. Une batzuetan saguzarrez inguratuta nengoenez, argazkiak ateratzeko ere aprobetxatu dut (ia ezinezkoa zen argazkian saguzarrik EZ ateratzea...). 22:40etatik aurrera saguzar kopurua jeisten hasi da progresiboki, guztiz desagertu gabe; neurtu ditudan azkenak M. schreibersii, R. euryale eta 33 khz eta 92-97 khz inguruan zebiltzan izakiak izan dira. Koba barruan saguzar batzu hegan ikusten nituenez, sarrerako gelan zehar buelta bat eman dut; gelaren gorengo arrakaletan 20-30 saguzar ikusi ditut, denak hegan, kanpora ateratzeko gogo handirik gabe itxuraz; US gailuarekin R. euryale eta 96 kHz-tako beste bat kaptatu ditut, baina gehienak urrunegi zeuden mikrofonoak harrapatzeko.

Hemen dago US detektagailuarekin kaptatutako frekuentzien zerrenda osoa. Esandako moduan, denbora ia osoan diala alderik alde zeharkatzen erabili dut, eta “kantu” bat aurkitzen nuen bakoitzean gurutzetxo bat markatu dut:
·         Miniopterus schreibersii (50-55 kHz) ++++++
·         Rhinolophus ferrumequinum (76-85 kHz) +++++
·         Rhinolophus euryale (100-103 kHz) +++++++++++++++++
·         Rhinolophus hipposideros (107-116 khz) ++++
·         42 kHz +++
·         26-33 kHz +++++
·         92-97 kHz +++

23:05 inguruan amaitu dut laginketa, aparatuak itzali eta bartulo guztiak jasotzen hasteko.