Mostrando entradas con la etiqueta gema. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta gema. Mostrar todas las entradas

2020/09/07

La Triunfante

200906: Antua, Oier.

Gaur GEMA zonara hurreratu gara, Antuak bere garaian ("un bombero y un francés" talde ospetsu harekin) Atxondo inguruan ikusittako meatze-zulua hobeto ikustera; bistan danez, bertako speleo kidiak jakiñan gaiñian ipiñi doguz eta bertako Antxonio eta Burniako Urtzi izan doguz lagun.

Izan be, meatzien kontuak badaka mamiña: bere garaian ondo ikertuak, injeniarixak-eta planuak ederto jasoko zittuezen, baiña behiñ ustiaketia amaittu eta gero galerixak eta "soplauak" bertan behera geratu ziran, bere horretan, ezelako mantenimendu edo klausura barik. Gaur egunian, planuak-eta industria arloko noaki ze artxibotan egongo dirazen, eta ezagutzen dan gauza bakarra basuan galdutako aho illun eta urez betetakuak diraz. Iñork ez daki zehazki zer dan hor barruan, eta jakitzeko interesa be, ez da haundixa; espeleologuak kenduta, jente gitxik daka meatze-kontu hau ikertzeko gogua -eta gure ahalmenak mugatuak dira-. Baiña mereziko leuke egun baten ondo jasotzia, beste herrialde batzuetan egitten dabizen estiluan: egittura hauekin zer egitteko erabagi ahal izateko, lehelengo ezagutu behar dirazelako.

Tunel-sare hau Otsabita mendittik zihar zabaltzen da, itxuria; nik ez dot lekua ezagutzen, baiña lagunak komentau dabenez relaziñua euki leikien hainbeste puntu identifikauta dagoz (hobi bat, beste meazuluak...). Bildutako informaziñuan arabera (EEE-ren mapak), "La Triunfante"barrutiko ahuetako batetik ("Túnel Boca") hauetako "soplao" batera allegau leike; halan be, gure informatzaillien arabera bidia luizi batek blokeauta dago. GEMA-kuak eurak be oin dala urte batzuk hortik aurrera egitteko saioren baten baieztatu zeben hori.

Tunel Bocatik barrura sartu gara, beraz, topografia egiñez (burdin-meatzia izanda, halan be, emaitzak ez dira oso fidagarrixak izango: bertan kalibrau arren, metalak Distuan brujulan eragiña izango dau; meatziak topografiatzeko teknikiari buruz inbestigau beharko da...). Tunel ikusgarrixa, zuzen-zuzena, 450 bat metro barneratzen dana; bide horretan, garrantzi gitxiko dibertikulo batzuk, eta gorakako galeriaren bat (aireztatzia?) pasau doguz, bifurkaziño garrantzitsu batera allegau arte. Ezkerreko bidiak kanpora ei daroia, beste sarrera batetik (nik ez dot ikusi, bide beretik bueltau naiz); eta eskumakua, ostera, luizi haundi batek egindako "presa" efektuan eragiñez, ur/lokatzez ixa goraiñok betetako galerixa bat da, haize korriente nabarmenakin. Hortik aurrera segitzeko uretako materixala beharko da.

Lagunak ezkerretik kanpora juan diraz, eta gero kanpo aldetik ibilli dira beste sarreraren bat ikuskatzen. Nik, ostera, neure zeregiñari heldu detsat, eta fauna lagin batzuk bildu dittudaz: diptero 2, zapatari txiki moduko 2, masma txiki 1, 3 miriapodo oso txiki, Lithobius 1, subelandara 1, karabido 1, Meta 1, Ischyropsalis 1.

Plazer bat izan da, espeleologikoki ixa ezagutzen ez doten zona ikusgarri honetan egindako jarduntxua; 081220xan hatxen goi aldeko ha ez dakat ahaztutzeko, baiña gaur hatxen barrenian egindako honetakua be, paisaje ikusgarrixa. Bertan, lagunak zuzenian emon deskue egitten dabizen esploraziño interesgarrixen barri. Eskerrik asko!


 

  


2016/09/25

Gaztelu Mitikoan

Part.: Unai eta Andonio (GEMA), Urtzi (Burnia), Raul (LET) eta Josu (ADES)

Abuztuan Lin-ek (AMET) Gazteluko urzuloarekin burua berotu zigun Zurizako kanpinean. -520m..., leza garbia..., hainbat inkognita erreka aldean..., 80ko hamarkadan esploratuta azkenengoz... Nahiko aitzakia ziren horiek UEV-eko interklub batekin Gaztelu biresploratzeko.

Arazo bakar bat du, euria egiten badu adios... Erreka oso bat sartzen da lezan, eta -500m arte daude hostoak eta enbor zatiak.

Lehenengo asteburu honetan, bi sarrera egin dira. Ostiralean, Andoni-k (GEMA) eta Urtzi-k (Burnia), -250m arte instalatu zuten. Dena berria, putzuetan uraren bidetik aldentzeko. Larunbatean jende gehiagorekin sartu ginen. Goizeko 12etan Unaiek (GEMA), Raulek (LET) eta Josuk (ADES), -500m arte geratzen zena instalatu genuen (45 espitinox inguru). Unaiek instalazio erakustaldia bai eman ere! ADES-eko taladroak ere lan ederra egin zuen, bateria bakar batekin sartu baitziren anklaje guztiak!

Errekara heldu bezain laster (19:00ak aldera),  lehenengo inspekzio bat egin genuen sifoiak lokalizatu eta inkognita apuntatzeko asmotan.

Bien bitartean, 18.00etan Urtzi eta Andoni sartu ziren beheraino, gurekin bat egin eta errekaren maila sakonago begiratzeko. Lehenengo taldea nekatuegi zegoenez, hauek gorako bidea hartu zuten. Urtzi eta Andonik ordea errekan beherako sifoiaren bila egin zuten geratzen ziren 3 espitinox eta soka apur batekin. Errekan goraka dagoen sifoiak ez bezala, beheko sifoiak buzeagarria ematen du, eta beraz, datorren asterako planetako bat hori izan daiteke.

Gainera, pare bat eskalada eta topo zaharrean agertzen ez diren pare bat meandro ere pendiente daude. Horrez gain, putzuetan frakzionamendu batzuk ere bikoiztu beharra dago pendulo handiak baitaude. Beraz badago lana!

Leza oso garbia, putzu zabalekin, azkar jeitsi eta igotzekoa. Hirukoteak behetik 2:30 eman zuen igotzen. 23-23:30etarako kanpoan. Bikoteak, horren azpitik, gauerdirako irten zuen.

Zein ederra den Gaztelu... Oso gomendagarria.... Zelako leza duten AMET-ekoek...

2010/06/06

Sifoia eta aintziria

100605: Iñaki, David, Jesus, Antua, Ritxar (GAES), Trotixa, Antxonio, Iker (GEMA), Oier.


Otsabidepagozabalaganekoaxpean, karriuetan laguntzen. Oinguan, helburua “Gorbea” gelatik “Soplo negruan” zihar behera doiazen galerixetan, errekian aporte lateral baten buzeatzia zan. Antuak egin dau, eta Iñaki ta ni handik hurre dagon aintziria argiztatzen egon gara, farol modura bidian laguntzeko; halan be, 15(¿) bat metro behera-aurrera egin eta gero, bueltia egin dau eta ez dogu alkar ikusi. Ulertu dotenangaittik, hurrengo baten aintziria bera buzeatzia mereziko dau, eze, gune horretako hidrodinamikia nahikua berezixa da, eta ondiok ez dabe guztiz ulertzen. Bide batez, turismo pizkat egitteko aprobetxau dot (errekan gorako sifoira, ITX-200kin jarraitzen dana)


Nere partetik, oso eroso ibilli naiz gaur. Nahiz eta 11 ordutako ekittaldixa izan dan, fisikoki ederto topau naiz (energixa-kudeaketa egokixari eta entrenamenduari esker) eta sorbaldiak be sorpresa politta emon desta, molestia oso oso gitxikin. Gaurkuan 1968ko exploradorien bidietatik aurrerago sartu gara, GAES-ekuak topautako galerixetan, eta gehixen gustau jatana “Soplo negro” pasabidia bera izan da, bigurrixa, estua eta dibertigarrixa. Ezin siñistekua: 40 urte baiño gehixago pasau dira leza honen esploraziñua hasi zanetik, eta ondiok ez da amaittu.

2008/12/21

Marijen kobie

Fitxategi:Cueva de Mari entrada 1.JPG


08-XII-20: Alex, Iker, Antxonio, Bikain eta Oier.


Gaurkuan azalpen teknikuak GEMA-kuak idatziko dittuez bere errejistruetan. Bikain eta bixok pribilejixozko bisittarixak izan gara-ta, Abadiñoko lagunak Marijen koban egitten diharduen biharren lekuko. Gaurko kronikan beraz, dato teknikuak gitxi eta sentsaziñuak ugari.


Gure betiko eremutik urtetziak beti suposatzen dau jardun intentsuagua: dana da barrixa, kontu gehixagogaz ibilli bihar, danari erreparatu nahi... eta gehixago, Anbotoko Damian bizilekuan sartziak dakan karga sinbolikua gehittu ezkeriok.


Turismo masibua inguru horretan sartu izatia arantza mingotsa da, duda barik. Oiñ arte lau katuk ezagutzen zeben inguruan gero eta jente gehixago dabil, sign o´times. Keiñu eszeptikuakin ikusi doguz hara juandako jentian kandelak, idazkixak eta erramuak... Indar bereziko lekua da, duda barik. Gatxa da epaitzia.


Esploraziñuari buruz, sorpresa haundixak emondako kobia da berau. Hasteko, aurretik ezagutzen zan desarrollo txikixa (200 bat metro?) 1500 ingurukua izatera pasau da, eta dana 2007xan hasittako errebisiño batekin. Meandruak, gaterak eta potzu bertikalen laberinto haundixa agertu ei da. Gu potzu nagusittik egin dogu bera, eta bertako bolumena (zabaleria eta sakoneria) harrigarrixa zan guztiz, oso ederra. Eta beheian sorpresak. Izan be, GEMA-kuak arrasto paleontologiko garrantzitsuak eta ikusgarrixak topau dittuez, baitta guri erakutsi be. Badaezpada ez dogu detalle larregirik emongo, eurak hobeto azalduko dabe dana egitteko daken argitaralpenian. Lezian formia be berezixa da, eta atentziñua deitzen dau zona batzutako legortasun extremua. Eta beti pasatzen jatan moduan, faszinantia begittantzen jata pasa dan urtian hónek lekuak esplorau zittuenen azalian sartzia, hónek galerixak lehelengoz zapaltzen nabillela irudikatzia...


Aproximaziño latza daka Marijen kobiek. Gorutzkua gogorra egin bajata be (¡taldeko zaharrena ta lodixena!), urten dogunian diferentia izan da. Illuntzixa zan, eta parian genkazen Udalaitz eta Aizkorriko tontorrak gorrittuta. Argi gitxi geratzen zala bagenkixan arren prisarik ez dogu hartu, begiradia hango edertasunakin lotuta. Behin pasamanua eta bestelako sokak desmontauta, amildegiko bide arriskutsu horretan gora egin dogu, edur artian, eta askoz be errezago heldu naiz tontorrera. Tontorrian illuntasuna abaildu da (luma galdu bat bezala), eta hortzmuga gorri guztia mozkortzeko modokua zeguan. Bittorixako pantanuak dirdirka, eta pizkaka herrixetako argixak ixotzen eta baitta izarrak be. Handik beherakua nasaixagua izan da, ez zeguan-eta hiltzeko arriskurik (ipurdiko buztana kraskatzekua bakarrik...).


Eskerrikasko GEMA-ko lagunak egun eder honengaittik.