2016/12/31

Lezate Jendez Bete (2016-12-12 Lezate Urte Amaiera Irteera)

Part: ADES zati eder bat: Santi, Zutoia, Pana, Gotzon, Idoia, Josu, Unai, Xabi, Martin (Urrutia), Martin (Ibarrola), Iñaki (Kobero), Iñaki (Bonberoa), Jon Ander, eta ahaztu zaizkidan guztiak...


Jendez bete da Lezate. Ez zegoen ur gehiegirik, baina hala ere konpondu gara buzoak garbitzeko (batzuen buzo eta arnesek falta ederra zuten!). Umorea nagusi, urtero bezala, barre algaraz eta "parida"z bete da koba. Dena ez da izango zientzia ere! Eta han batu gara, ADESen "variopinto"tasuna erakutsiz: esploradore gogor eta ez hain gogorrak, mendian zulo bila ibiltzea "hobby" bezala dutenak, arkeologi zaleak, urte amaierako Lezateko irteera sekula galtzen ez duten klasikoak,...

Hainbeste jenderen frontalak filan jarrita, ederki argitu da koba, baina badakizue, Lezaterekin, argi asko eraman arren, ez da sekula nahikoa. Eguzkia bera koba barruan sartzea lortuko bagenu, oraindik ezagutzen duguna baino ikusgarriagoa egingo zitzaigun.

Jentilek han jarraitzen dute, geldirik, petrifikaturik kaltzitatan, euskal mitologiako izaki ezagunak. Eta Lezaten erreka entzuten da. Mozkorti, Jentilen gela eta beste tarteko gela guztiak gurutzatzen ditugun bitartean, bloke artean paseatzen, bloke azpitik datorren errekaren orruak laguntzen gaitu. Bai, errekaren zarata, ia mitologia bihurtzeko puntuan egon zaiguna, azkenengo Iñubija II-ko aurkikuntzengatik izan ez balitz...

700 metro poligonal baino aurrerago joaten uzten ez digun erreka bera, Paltzuaraneko basoen usaina ekartzen duen erreka bera,...

Sifoira heldu eta gero, "Ondarrutar bat" bainatu egin zaigu. Imajinatuko duzue zein. Pena bat izan da bustitzeko beldurragatik kamara ez dugula eraman hain barruraino momentu hori grabatzeko!

Buelta, batzuek behetik errekatik egin dute, eta beste batzuek goitik egin dugu. Grabazio probak egiten ibili gara, eta baita Argazkigintzakoak ere. Baina oraindik urruti dago National Geographic-erako Lezateren bideo-dokumentala. Ikusiko ote dugu egunen baten?

Eguzkia koban sartzen badugu seguraski bai. Baina, Jentilak esnatzen baditugu eta korrikan ihes egiten badute? Arazo hau konpontzeko, "Micro Casting" bat egin dugu kandidato berri batzuekin. Zuek ikusi zein aukeratu!!

2017 Urte Berri On! Eta osasuna denontzako, eta galeria handi eta luzeak tartean badaude, are eta hobeto oraindik!




"Jentil-Casting"




Bazkaria


Barne bilatzailea