Irudia: Seijo Pintura Lanak. Marrazkia: Beatriz Anitua. |
Hona, Armintxeko arazua folio ta erdixan laburbiltzeko egin doten saiakeria. Handik eta hamendik azaltzia tokatzen bajaku, modu bizkorrian azaldu ahal izateko....
****************
Armintxe, lurpeko iraultza isila
Armintxeko
kobazuloan (Lekeitio, Bizkaia), ADES Espeleologia Elkarteko kideek labar-arte
multzo garrantzitsua aurkitu zuten 2016ean. Ikerketa honen gainean Administrazio,
arkeologo eta espeleologoen artean sortutako tirabirak agerian utzi du
kolektibo hauen arteko elkarlana birplanteatu beharra dagoela, eta ez bakarrik
Euskal Herrian.
Espeleologoena
kolektibo diskretua da; gehienak afizionatuak, bere lanek libre uzten dieten
denboran kareharrizko eremuak ikertzen eskarmentu handia dute. Ekosistema
berezi hauetan biltzen diren diziplina desberdinetan (geologia, hidrologia,
arkeologia, biologia...) espezialistekin elkarlan estuan ibiltzen dira gainera;
horregatik, ekinaren ekinez, arlo guzti hauetan aritzeko ahalmena garatu dute.
Izan ere, horixe baita profesionalen ahulezia nabarmenena: geologoak ez daki
hidrologiaz; hidrologoak ez daki arkeologiaz; arkeologoak ez daki biologiaz;
biologoak ez daki geologiaz... eta, askotan, hau lurpeko ondarearen kaltetan
izan da: biologoek aztarna arkeologikoak hondatzea, esate baterako; edo arkeologoek
kobazuloetako faunari kalte egitea, besteak beste. Espeleologoen ekarpen
nagusia horixe da, hain zuzen ere: karstaren ikuspegi bateratua, diziplina
guzti hauek batera lantzeko ahalmena. Zalantzarik gabe esan dezakegu, gaur
egunean karstaren espezialista bakarrak espeleologo afizionatuak direla.
Zorionez, profesional
gehienak honen jakitun dira eta haiekin kolaboratzen dute; beste batzuk, berriz
(baita Administrazioko hainbat erakunde ere), ez dituzte aintzat hartzen brikolajerako
eta asto-lanetarako ez bada. Haien iritzian, amateurrak izatean ezin dute
profesionalen lan talde berean aritu.
Ikus dezagun zer
ekarri duen honek lurpeko diziplina ezagunenetako batean: arkeologian. Orain
arte, espeleologo afizionatuak zerbait aurkitu dutenean, bigarren mailan geratu
izan dira profesionalen eta agintarien mesedetan. Armintxeren aurkezpenean ere
horrela izan zen; eta iraingarria bada ere, ohituak daude eta azken finean ez
zaie asko inporta izan. Lehen esan dugun bezala, espeleologoak diskretuak dira,
eta karstaren kontserbazioak gehiago inporta die ospeak baino.
Armintxeren
kasuak, baina, iraultza ekarri du: Administrazioak eta “molde zaharreko” arkeologoak
espeleologoak lan taldean onartzera behartuak baitaude, gogoz kontra bada ere;
gainera hobe dute hori bizkor egitea, bestela grabatuak betirako galduko dira. ADES-eko
kideek hemen azaldu dute arrazoia, jarraian laburbilduko
duguna.
Duela urte gutxi aldaketa
garrantzitsua etorri zen euskal labar-artearen ikerketara: arkeologo belaunaldi
berri bat orain arte oharkabean pasatutako hainbat pintura eta grabatu
aurkitzen hasi zenetik. Gainera beste gauza batekin ere konturatu ziren:
oraintsu arte ezagutzen ziren pinturak eta grabatuak kobazuloetako sarreretatik
hurbil zeuden, baina ez antzinako gizakia lurpean asko barneratzen ez zelako
(lehen uste zen bezala), baizik eta arkeologoak ez zirelako barruraino sartzen hura
bilatzera; espeleologoak, berriz, barruraino sartzen ziren baina ez zekiten
labar-artea identifikatzen... Horren ondorioz etorri den elkarlanak ekarri du
azkenaldiko labar-artearen aurkikuntza masiboa; zati handi baten espeleologoak
egina, sakontasun handiko barrunbeetan.
Praktikan, honek
esan nahi du aztarnategi hauetaraino ailegatzea konplikatua dela, eta
profesionalak ezin direla bertaraino ailegatu espeleologoen laguntzarik gabe;
ez bere burua eta aztarnategia bera arriskuan jarri barik, behintzat. Eta,
beraz, espeleologoak lan-taldeetako beste espezialisten pareko errespetua eta
lan egiteko autonomia behar dutela. Eta horixe da Armintxen eman nahi ez
zaiena. Aztarnategia kudeatzen ari diren arduradunak ez dira konturatzen,
nonbait, garaiak aldatu direla, eta espeleologoen laguntzarik gabe ezingo
dutela ikerketa osorik burutu, behar den garaian.
Izan ere, horixe
da Armintxeko beste ezaugarria: erlojuaren kontra gabiltzala. Urteetan eginiko
kontrolik gabeko obra urbanistikoen ondorioz, labar-arte multzoa arrisku
larrian baitago, urteroko uholdeen eraginez. Grabatu asko jada galdu dira, eta
arazoari irtenbidea aurkitzeko ezinbestekoa da espeleologoen laguntza karsta osorik
eta lehenbailehen ikertzeko. Espeleologoak lan hori egiteko ahalmena eta
prestutasuna dute, baina ez diete uzten. Espero dezagun arduradunak garaiz
“esnatzea”, mundu osoan famatu bihurtu
diren grabatuak betirako galdu aurretik.
***************
Info7 Irratirako, 2017ko loraillan 24a.
Gaiari buruz gehiago jakiteko :
- Armintxeko arazo hidro-arkeologikoaren aurkezpena : http://actualid-ades.blogspot.com/2017/03/armintxe-argazki-berriak-eta-mapa.html
- Arazoaren azalpen sakonagoa, eta haren konponketa eragozten ari den korapilo diplomatikoa : http://actualid-ades.blogspot.com/2017/06/armintxe-korapilo-arkeologikoa.html
- Korapilo diplomatiko horren detaile esanguratsu bat : http://saguzarrak.blogspot.com/2018/05/faktore-pertsonala-armintxen.html
- Bizkaiko Foru Aldundiaren kudeaketa erratikoa: http://saguzarrak.blogspot.com/2018/03/aldundia-planifikazioa-ala-inprobisazioa.html
- Espeleologoon “profesionaltasunari” buruz http://saguzarrak.blogspot.com/2018/01/profesionales.html
- Espeleologoon papera labar-arte santutegi sakonetan. http://actualid-ades.blogspot.com/2017/05/armintxe-lurpeko-iraultza-isila.html
- Video de la surgencia de las Escuelas Públicas de Lekeitio, que se activa cuando el nivel de agua de Armintxe sobrepasa los 17 metros. http://saguzarrak.blogspot.com/2018/07/armintxeko-limnigrafo-publikoa-2018-vii.html
- El Correo. Armintxeko uholdeei eta zaborrari buruz. https://saguzarrak.blogspot.com/2018/11/la-acumulacion-de-agua-y-basura-amenaza.html
- Réplica a la comparecencia de la Diputación sobre Armintxe. https://saguzarrak.blogspot.com/2018/11/replica-la-comparecencia-sobre-armintxe.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario