2025/12/27

Piszina olinpiko pare bat

 


20251227: Antua, Galder, Gotzon, Oier.

XXX (Gizaburuaga). Sarrera akuatikoaren topoa osatzeko inkurtsioa. Behin presatik datorren ubidea jaso eta gero, lehen lakuaren osteko bide akuatikoa topografiatzea falta zen (goiko pasamano-bide azpikoa); bere garaian Ritxarrek baino ikusita ez zeukana.

Lehenengo inspekzio bat egin dugu, eta hortxe amaitu da kontua; izan ere, bide horren sarrera eta irteera puntuak ezagututa, tartean dagoen 100 m inguruko bidea igerian egin dugu, 2 eta 0,8 m arteko zabalerakoa, eta puntu batean bloke mineralizatuzko uharte handi batek blokeatuta (Ritxarrek sokaz igo eta jaitsi zuena). Horrenbestez, eta topo zehatza egitearen zailtasuna ikusita, CRGGB 3 gradutako krokis bat egiteari nahikua iritzi diogu. Bestalde, datu interesgarri bezala, ubide osoan ez dugu korronte-seinalerik ikusi; are, azken zatian ur azala hautseztatua egon da, uraren gelditasunaren adierazgarri. Honekin, XXXko erreka (gorago agertzen dena) punturen baten urmaelaren azpian injektatzen dela ondoriozta dezakegu, eta hor ezezaguna zaigun galeria edo sektore interesgarri bat egon daitekeela.

Argazki batzuekin, eta kanpoan eginiko prospekzioarekin borobildu dugu eguna.

2025/12/26

Zubiburua, saguzarretan

 

20251225: Tomas, Oier.

Zubiburua (Lekeitio). Neguko saguzarren kontaketa. Ohi bezala, eta Zubiburuan lanean dabilen arkeologia taldearekin lehen aldiz koordinaturik -gauza pozgarria-, bertako saguzar koloniaren egoera ikustera sartu gara 17:45etan.

(...)

Kanporakoan Tomasi laga diot bidea bilatzen, eta lanak izan ditu goiko sarrerara igotzeko bidea aurkitzen; beraz, arkeologoek fototrampeo kameraren aurretik gutxienez 4 bider pasatzen ikusiko gaituzte; agian aireko suspentsio hauts-detektorean ere igarriko da. 19:00etan kanpoan geunden.

2025/12/17

Ventalaperran

20251214: Galder, Oier.

Ventalaperra (Karrantza). Polboriñian biharrian dagon ekipuak gonbidatuta, aztarnategixa ezagutzeko aukeria izan dogu Asier Gomez Olivencia eta Mónica Villalba de Alvarado irakaslien eskutik. Gaiñera, CD Eibarreko Aitor Suinaga eta Iñigo Arizaga be ezagutu doguz, eta seiron artian udazkeneko kanpainan bildutako sedimentu-zakuak eta materixalak jasotzen jardun dogu, 25 mtako ranpia eta 7 mtako potzua gaindittuta. Laboratorixuan bahetutakuan gauza interesgarri asko agertu daixezela!

Asier Gomez Olivencia ikerketaburua —eskuinetik lehena— 'Andere' deitu duten neandertalaren fosilak aurkezteko ekitaldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU 

 

2025/12/06

Urpekoa ur gainetik


 20251206: Gotzon, Antua, Oier.

XXX. Espeleourpekariek aldi ezberdinetan egindako beharra osatzeko (1988, 2001 eta 2025an, barrena), sarrera akuatikoaren topografia berregin beharra dago. Horretarako gaur lehenengo ikustaldia egin dugu, lan honek beharko dituen baliabide bereziak kalkulatzeko baliatuz. Hasteko, urpekari-jacketak ez dirudite egokienak, bertikaltasuna eta eskuen askatasuna mantentzeko zailtasunengatik. Hori kenduta, kanpoko hariraino iristeko zailtasun handirik ez dagoela dirudi; eta gainera, goiko leku baten desob egitea merezi du, ea Oskarrek bere garaian aurkitutako sektore itsu horretara airetik pasatzerik dagoen. Honenbestean, eta sektoreko zenbait argazki hartuz, amaitu dugu goizeko jardun labur hau.