2026/03/22

Hot atxur system

 


20260322: Xabi, Antua, Oier.

Trakamailgo Atea (Amoroto). Irteera mañaneroak egiteko leku aproposa aurkituta (tabernatik hurre, hidrogeologia interesgarria), gaurkoan lanari teknifikaturik ekin diogu, Damazulo/Garabillako bidoia berreskuratuz. Honek lur-kentze erritmoa nabarmen bizkortu du, hiru errelebotan “atxurra caliente” sistemaz gain. Halan, 2,5 ordu inguruan, pasabidea 1,80 m luze eta 0,60 m zabaleko eremuan handitu dugu, 1,08 bat m3 lur aterata beraz.

Kanporakoan, Trakamailgo presa ikustera joan gara, ur gutxiagoko jarioarekin azken puntua ikuskatzeko asmoz. 10 bat l/s zetozen, eta ondo ikusten zen: galeria artifizialaren morfologiarekin bat, meatze-tunelazioa amaitutako puntuan, ura 40x30 bat zmtako laminadore batetik zetorren , laja horizontalen artean kokatutako sifoi batetik. Lehorte batean berrikusteko moduko lekua, inondik ere.

2026/03/17

Grebalariak mailu-burdinez

 

20260317: Autonomo 1, Autonomo 2

Trakamailgo Atea (Amoroto). Greba Orokor egun honekin bat eginez, Autonomo 1ek eta Autonomo 2k lan produktiboa alde batera utzi dugu; espero dezagun inork guri kargurik ez hartzea, geratu zaigun denbora librean mailu-burdinak hartuta gehien gustatzen zaiguna egitearren!

Lekeitioko udal-iturginaren krokisa, 1921. Iturria: LUA.

Ordu bi ta erdi inguru egin ditugu, 60 cm3 inguru aterata. Egin berri den galeriak baditu 3 bat metro sakon eta jada lanik handia ez da lurra kentzea, baizik eta kendutakoa kanporaino eramatea. Autonomo 1ak -puntan lan egin duenak- makilarekin egindako zundaketetan, ez du oraindik hutsune argirik, ezta gutxiago haize korronterik sumatzen.

Kanporakoan, 1888ko tunelari ikustaldi bat egin diogu. Gaurkoan ate ondoko jarioa oso gutxitua etorri da (0,05 l/s, herenegungo 15 bat l/s-en aldean), eta barruan, presaraino iritsita, haren aurrean dagoen harlangaitzezko rezinto karratuaren aztarnei erreparatu diegu. Orain aktibo dagoen presaren aurrekaria?

2026/03/15

Atia zabaltzen

 

20260315: Gotzon, Antua, Oier.

Trakamailgo Atea (Amoroto). Goiz euritsu bat pasatzeko, zer hoberik aterpeko biharra baiño? Loterixa Nazionalian baiño Premio Gordo posibilidade gehixagokin gaiñera. Gaur beste 0,8 cm3 inguru, galerixa gero eta illunaguan, eta lur nabarmen hezeaguan. Baiña... !


2026/03/08

San Martin eta Atxikarre

20260308: Antua, Gotzon, Oier.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Ondare Zerbitzuaren eskariz, Malaxen (Aulesti) izan gara, Jose Angel Fernandez arkeologoaren zuzendaritzapean, Goi Erdi Aroko populazio gunearen indusketan agertutako leizea ikuskatzera.

San Martin baseliza osteko zelaian ginela, bertako jabea (...) ere ezagutzeko aukera izan dugu, baita bertatik pasa diren auzotar batzu ere. Seguraski industutako gunean duela 2000 bat urte bizi izandakoen ondorengoak! Ricardorenak bai behintzat, aita Errezildik etorritakoa, baina ama auzokoa bertakoa baitzen, Ispillaundi etxekoa.

Gaurko asmoa gunea ikustea eta beharko genuen materiala kalkulatzea baino ez zen. Baina azkenean, pasua libratu eta leize osoa esploratu ahal izan dugu: 8 m sakonekoa, lapiazaren arrakala baten fabore irekitakoa, eta aztarna arkeologiko ebidenterik gabe, sarrera inguruan berau artifizialki blokeatzeko eta horma bat eraikitzeko harri-lanak kenduta. Argazkitan jasoa, eta topografia eginda.

Behin lan nagusia amaituta, Ricardok esan digun beste zulo bat ikusteko aprobetxatu dugu: Atxikarre izeneko parajean (aintzinako artadia, kortafuego elektriko bat egiteko jota), leize bat. Telemetroak 10 m eman digu eta hobeto begiratzeko modukoa izango da, duela urtebete inguru bertara eroritako asto baten gorpua hobeto desegiten denean.

Egun produktiboa beraz, aurkikuntza handirik gabe bada ere, indusketa lanak behar bezala amaitzeko, eta BFAren KOZarekiko lankidetzari berrekiteko aukera eman diguna. Urte askotarako izan dadila!

2026/03/01

Paleo Trakamail

 

Trakamail (Amoroto). Iraillan 22xan hasittako desobstrukziñuan segidu dogu, itxuraz barruko jarraipena izateko lekurik probablienien. Pare bat orduko jarduna izan da, nun 70 bat zm3 kendu doguzen, ate formako pasabidian aurrera. Leku erosua biharrerako, momentuz, eta gero euki leikian premixuan tamañuak animauta.

 

2026/02/23

Trakamail


 20260222: Antua, Oier.

Trakamail (Amoroto). Atzoko ikustaldixakin animauta, paraje interesgarri (eta lurpeko erreka misteriotsu) honen ingurua miatzeko gogua sartu jaku. Menderik mende batan bestian gaiñian egindako obren funtsa ulertzen saiatu gara. Hipotesisa: kontakto baten fabore datorren ur korriente iraunkorran billa trintxera txiki bat egin zeben, potzu batekin (1800?); potzu hori trintxera haundixakin zabaldu zeben, presako galeria artifiziala zulatuta (1888?); ur horren kanpoko urteeria kaptau, eta azken arketara bideratu. Zalantza barik, LUA hobeto arakatzia mereziko dau, egitturon planuen billa.

Lezate

Destrukzioaren aurretik.

 

20260221: Antua, Oier.

Lezate (Aulesti); Trakamail (Amoroto). Goiz hutseko disponibilidadia genkala ikusitta, Lezaten aspaldi egin nahi genduan biharrerako aprobetxau dogu: lehelengo pasamanuetan, paraboltak sartu eta aluminiozko mosketoi hondatuak, altzairuzko mailloiekin ordezkatu.

Ostian, Trakamailera juan gara martitzeneko urjauzixan lekua ikustera. Askoz be ur gitxiago zetorren (0,1 l/s) baiña argi ikusten zan nundik: ez harlanduak eta lurzoruak bat egitten daben puntutik (nik pentsau neban legez), baizik eta ezkerreragotik, marga itxurako harri moltzo baten barruko arrakala batetik. Bideuan hartuta, martitzenian hartutako ikuspuntu beretsutik. 

Gaur inguruari gehixago erreparau detsat, eta deigarrixa da: harlanduzko arkua trintxera baten fonduan dago, uran billa industurako sakonune artifiziala, bistan da; arkuan eraikiñan gaiñian, beste eraikin atedun txikixago bat dago, behekua baiño zaharragua itxuraz; eta ondiok gorago, lehenago surjentzia izandako itxuradun galeria freatiko kolmataua; arkuan eraikiñetik barrurako galerixiak be itxura artifiziala daka. Horren barruan, ur korrontian nundik norakuak misterio bat diraz. Benetan interesgarrixa da, oin dala 500 urtetik leku honetan egindako eraldaketen historixia berregittia.

2026/02/18

Abitarako luizia

Abitara (Amoroto). Duela bi egun egoniko luiziaren gunera joan gara, gertatu dena ikuskatzeko. Lehenik kontrako hegian gora joan gara, Iokogana, lekuaren panoramika bat ikusteko. Ostean, Abitarako etxeetara jaitsi eta luiziaren gorengo punturaino igo gara.

Ondorioa: isuriak ez du interes espeleologikorik. Learen meandroak inguratutako mendi-muturraren material nagusia tupa iragazgaitza da. Inguru horretan azken hileetan egiten ari diren baso-lanetan, mendi bizkarraren gainean, ur-baltsa bat egin da, 15 m luze x 3 m zabal x 1,5 m sakon (=67,5 m3), herenegun ertz bat higatu eta bat-batean hustu dena. Beherako bidean, ur/buztinak hegian goitik beherako ildo nabarmena laga du, Abitarara igotzeko bidearen zati bat azpian hartuz eta errepidea lokatzez betez. Hor gelditu da luizia, beheko oinezko bidera eta ibaira iritsi barik.

Luizia eragin duen fenomenoak, beraz, ez du interes espeleologiko handirik. Bai ordea, bertara iristen ari ginela inguruan behatutako beste zenbait gauza:
    • IS-042 Trakamail (barruan presa duena). Harlanduzko fatxadaren ezker-goiko ertzean, 15 bat l/stako jarioa. Bideoan jasota.
    • IS-043 Abitara III. Atzo, aurretik pasatzean, errepidetik bertatik urjauzi bat ikusten zen, arbola artean. Gaur bertaratu garenean, ingurua lehor aurkitu dugu, baina ura isuri izanaren zeinu argiekin (argazkian jasoa). Hau ezohikoa omen da, zulo honetatik normalean ez baita urik ateratzen.
    • Isuria gertatu den lekuan bertan (539177 4798673 100), harlanduzko arketa, ur-kondukzioaren elementuekin. Altuerarengatik, Tellerijeko ur-ekarrerarekin lotua dela esango nuke.

2026/02/15

Atxoste


 20260215: Garai, Gotzon, Antua, Galder, Koldobika, Oier.

Atxoste (Ereño). Garaiek lokalizatu barri dittuan leza bi eta kueba bat ikuskatzen. Ni neu ez naiz sartu, baiña ulertu dotenangaittik lehelengua (Atxoste 1 ...) galtzerdi maillara be ez da allegatzen. Bigarrenak, ostera (Atxoste 2 ...) entidade gehitxuago dau, eta topo / argazkixak hartzera bueltau biharko da; lauhankako hazurdura bat eta saguzarren bat be ikusi ei dittuez. Hirugarrengo kuebarutz abixau dirazenian alde egin dot nik, beraz bestiak kontau beharko dittuez kontau biharrekuak.

2026/01/19

Andrabide

 

20260117: Gotzon, Antua, Oier.

Andrabide (Ereño), Errekan gora begiratzeko falta ziran adarrak konprobatzera.

Sarreran, etnografikoki oso interesgarrixa izan dan pasarte bat izan dogu. (...) Baiña benetan interesgarrixa izan da, Joxemiel Barandiaranen Eusko-Folklore kuestionarixo bat oso-osorik betetzeko beste.

Juan gara ba behera, eta neoprenoz jantzitta errekan sartuta gora egin dogu, oin dala hille batzuk Galder eta bixok allegautako bifurkaziñoraiñok. Laminadoretik barik, bestetik aurreratu gara; ez erreparo barik, gaur ur gehitxuago zetorren-eta, eta sifonatzen dirazen galerixak dirazenez. Metruak eta metruak aurrera eginda, ixa beti uretan, baiña oso leku ederra, fosilletarako igoeria egin dogu; hor bueltan zeguan begiratu biharrekua. Gotzon eta Antua jardun dabe horretan, nik nahikua nekan han egotiaz gozatziakin. Bide akuatikora jaitsi naiz gero, bestiak eskatuta, komunikaziño bisual/akustiko bat egitten saiatzeko, eta kanporutz egin dot. 14:00etarako kanpuan nenguan, eta bestiak 15:25etan emon dabe abisua; ikusittakua kontauko dabe, euren kronikan!

2026/01/06

Iñeritze eta Paltzuaran, saguzarretan

 




20260106: Gerardo, Oier.

JEEIko Inazio Garinekin, neguko saguzar ikustaldixa. I-004 Iñeritzen eta I-040 Paltzuaran Urzuloan egon gara, aurretik detektautako kolonien egoeria ikustera: (...)

9:30etan Nabarnizen geratuta bagenguazen be, eurixa, edurra eta izotza zala eta, azken momentura arte ez dogu jakin igo ahal izango giñan edo ez. Azkenian bai.

Zabaletan gora, Inazion kotxia errebuelta baten laga (ez gara ausartu itturriraiñok igotzen) eta hortik aurrera oiñez egin dogu Iñeritzerutz. Bidian suertia izan dogu, aterri xamar egin desku-eta; justu Iñeritzera allegatzian hasi jaku edurra, eta gu barrura. (...)

Kanpuan, edurra darixola topau dogu eta halaxen egin dogu behera, baiña laster atertu desku barriro. Paltzuaran inguruan GPSa martxan ipiñi -badaezpada, neure buruakin tamañuan fixatzen naiz- eta dolinia ezkerretik inguratuta, eta gero mendixan behera allegau gara bertara; justu barriro edurra hasi danian. Lezan sartuta, 3 mtako putzua instalauta topau dogu (monty txikixak, plaka gomadunak, mailloiak; guriak ete?) eta beraz ekarrittako sokia ez dogu erabilli bihar izan. (...) Kontabilidadia egin eta gero, kanpora; ondiok edurra zan (gure gauzak 2 zm edur kapa baten azpixan zeguazen), baiña beherako bidian barriro atertu desku. Beraz, egualdixakin suertia azkenian! Aurreikusittako bihar guztia egin ahal izan dogu eta.