2018/10/17

Urteko azken izpiak Atxarren: Intxaurtxueta eta Txakurzulo gaineko koba

2018/10/12

Gotzon, Antua, Oskar E, Martin.U

   Barikuan Oskarrek Kanala gainean topatutako zulo berria esploratzera joan ginen. Behingoan zuloak lan egin gabe aurrera egiteko aukera eman zigun. Hasieran kolmatatutako salatxo txiki bat zela ematen zuenak jarraipena izan zuen eta goiz - eguerdia berau esploratzen igaro genuen. 200 metro inguruko topoarekin gure esploratzeko nahiak neurri baten asetu ahal izan genituen. 


   Kobazuloak zati ederrik ere eskaini zigun, adibidez San Martin Kanoia, bere tamaina eta edertasunaz edozein espeleologo maiteminduta uzteko gaitasuna daukana. Argatxako San Roke galeriak topatu zirenetik ez da ADES-en horrenbesterainoko bolumen itzelik ezagutu.


   Hegoaldeko aldean haize korronte txikia ere badauka (3 ko bufada Oskarren eskalan) eta bueltatu beharko da noizbait iztu unada zabaltzen jarraitzeko. Kokatuta dagoen lekuagatik ez dauka interes berezirik baina Atxarreko mendebaldeko maldan topatu den kobazulo handiena denez mereziko du metroak ateratzen jarraitzea. Gainera momentuz ez doa itsasorantza, hegoalderantza (Argatxarantza) baino.


-------

2018/10/13

Antua, Xabi, Martin.U

   Zapatuan Atxarreko erdialdeko sakonera joan ginen, orain dela aste batzuk Marua hegoaldeko atxerian topatutako arrekala esploratzeko asmoz. Zulo horren GPS punturik ez geneukanez artadian bueltaka ibili ginen eta bila genbiltzanaren ordez beste zulo bat topatu genuen. 7 metro inguruko galtzerdia baino ez zen izan zoritxarrez. Ohitura bihurtu den desilusio nabari horren ostean kotxerantza abiatu ginen, Atxarren alperrik galdutako beste egun bat utziko genuelakoan. Halan be, ahaleginak lehenago edo geroago beti izaten du saria: Txakurzulora bidean kobatxo bat agertu zitzaigun, 40 metro inguruko garapena duena. Koba hau, gainera, ez da edozein. Txakurzulo-Kobeaga-kraterra hirukoaren lerrokaduran dago eta seguruenik garai batean Txakurzuloko errekarako sarbidea izango zen; gaur egun, ordea, kolmatatuta dago eta ez digu jarraitzen utzi.

1 comentario:

bobby09043 dijo...

Would you be interested in exchanging hyperlinks? casino bonus