2019/04/19

Kobako lamiñengandik ihesi ibili naiz


2019/4/18 Zutoia, Santi, Aitor

     Gaur Laminen kobazuloko ibilbidea egin dugu. Errekako zulotik sartu eta goiko kobatik urten kanpora.
     Hasieran errekan gora joan gara koban. Kontuz ibili naiz eta ez ditut oinak busti. Aitak esan dit, “hango ilunetan lamiñak ikusi ditut”. Nik ez diot sinistu, beti dabil gezurretan eta.
     Baina, beharbada, gaur egia esaten ari zen. Horregatik une batean alde batera utzi dugu erreka, eta gorantz igotzen hasi gara. “Benga, arin”, esan du aitak, “lamiñak konturatu baino lehen goiko galeriara igo behar dugu”.
     Zulo handia egon da alde batean, eta laprast egin barik lau hankatan joan behar izan dut aurrera. Arrakala bat ere egon da, eta haren gainetik salto eginda pasatu naiz beste aldera. Leku handira heldu gara, eta amak esan du, “begira, han dago lamiñen kaiola. Ume gaiztoak kaiola horretan sartzen dituzte lamiñek”. Nik ez diot sinistu amari ere, beti ibiltzen da ipuinak asmatzen eta. Baina bazterrera heldu naizenean, eta gauza hura ikusi, dudatan hasi naiz, kaiola baten antz handia zeukan.

     Buelta hartu, eta oso baxua zen galeria batetik joan gara aurrera. Amak esan du galeriaren izena “lamiñen dorea” zela. Nik ez dakit zer den dorea, eta amari galdetu diot, baina ez dit erantzun. Isilik aurrera jarraitzeko esan dit, lamiñak etorri ahal direla atzetik eta.
     Gero galeria handi batetik aurrera jarraitu dugu. Albo batean zegoen zirrikitu batetik behera jaitsi gara, eta aita ia ataskatuta geratu da.
     Aitak esan du gora igotzeko soka bat aurkitu behar zela. Baina aita eta ama galdu egin dira galeria hartan. Nik aurkitu dut albo baten gora igotzeko soka. Sokatik igo eta kanpora irten gara.
     Nire aita eta ama beti galtzen dira koban, eta nik topatu behar izaten dut bidea.

2 comentarios:

Anónimo dijo...

JAJAJA Aitor. Zorionak. Ze kronika politxe!!!

Unknown dijo...

Aupa tokaio!


Barne bilatzailea