2022/04/25

Armintxe, Ziñua eta Jentiletxeta

Argazkixa: Morkaikoko Leizarpe Espeleologia Taldea.

220424: Zapa, Oier.

Armintxe (Lekeitio) eta Ziñua/Jentiletxeta (Mutriku).

Egun euritsu batzuen ostean (atzo eta bart bereziki), speleo eguna gure etxe ondoko limnigrafo publikoaren irakurketarekin hasi da, noski. Datu serie interesgarria biltzen ari gara, (...).

Gaurko jardun printzipalari buruz, ostera, bere garaian Morkaikoko-Leizarpe (ML) taldekoek emandako pista baten atzetik abiatu gara.(...) 2015 eta 2017 urteetako udaberri aldean, lagun hauek saguzar koloniatxo baten presentzia egiaztatu zuten ME-005 Ziñuako Leizean (...); pendiente genuen zulo hori ezagutzea, eta kolonia hauen egoera ikustea.

Horretarako, orain bertako zonaren ardura duen Burumendi taldeko Josu Zapak lagundu gaitu. Eta, dakienarekin ibiltzearen abantailak, Zapak baieztatu digu aurreko ikustaldi batzuetan (urtaroa zehazteko pendiente), saguzar taldea ez zutela haitzulo horietan aurkitu, ondoko beste batean baino. Horretara, Jentiletxeta inguruan katalogatuak dituzten zortzi zuloak banan-banan ikustea pentsatu dugu, une honetako "saguzargazkia" hartze aldera.

Lehenik, Jentiletxeta I, II eta III dauden lautadatxotik pasatu eta Burumendikoek saguzarrak ikusitako beste 3 zuloak ikuskatu ditugu. Zulo txikiak dira benetan, sakonera eta iluntasun gutxikoak; arraroa dirudi bertan horrelako saguzar multzo bat aurkitzea, baina Zapak ez du zalantzarik eta horrela izango zen. Izan ere, leku oso lasaia dirudi (bisita gutxi, I, II eta III zuloen aldean) eta saguzarrendako hori garrantzitsua da. Baina gaur behintzat, bizpahiru ale solte eta bakarti baino ez ditugu ikusi (Rh. hipposideros, itxuraz). 

Jarraian, MLekoen erreferentziako zuloetarantz abiatu gara. Lehenik, objektibo nagusia ikuskatu dugu: ME-005 Ziñuako Leizea, alegia (...). Bertan, Burumendikoek esan bezala, ez dugu kolonia handi haren aztarnarik ikusi. MLekoen topoa eskutan, ustez txoko guztiak miatu ditugu, azken arrakala barne (2017-V-09an argazkian jasotako 11 aleena), eta ez dugu lau saguzar baino ikusi; gutxienez bi espezieetakoak, hori bai. Haietako bi esnatu egin dira, eta Petterson saguzargailu berriarekin Rh. ferrumequinum eta Rh. hipposideros zirela baieztatu ahal izan dugu (grabazioak biak batera harrapatu ditu). Kanporako bidean, bio lagin batzuk jaso ditugu: Meta menardi 1, armiarma txiki 1, eta Oxychillus 1.

Bertan geundela aprobetxatuz, ME-006 Ziñuako Kobatxoa ere ikusi dugu (...); saguzarrik ez bertan.

Itzuleran I, II eta IIIetan eginiko ikustaldi bizkor banarekin amaitu dugu: lehenengo bietan alerik ez, eta hirugarrenean 4, Rh. hipposideros itxuraz.

Hemendik aurrera grabazioak egiten joango garenez, Granollerseko Natur Zientzien Museoaren datu-bilketa eta prozesatze sarean parte hartzeko aukera inbestigatu beharko dugu.

Egun produktibo honek lehen genekiena baieztatu digu: horrelako lanak egiteko lagunik onenak, tokian tokiko espeleologoak izaten direla. Ordu bitan 8 kobazulo miatzea ez baita marka txikia! Eskerrikasko Zapa, estimatua dago zure laguntza.

No hay comentarios: