20241012: Xabi, Antua, Martin U, Oier.
Lekeitio, kostako labarren prospekzioa. Gaurkoan Solope eta Lezeta arteko tartea ikuskatu dugu, Jon Zubiaurrek erakutsitako lekuen artean "10 ornitogunea" izendatutakoa alegia.
Lehenik Solopera jaitsi gara, material barik. Hor Xabik Solope I ikuskatu du, bertako azken estuasuna pasatzeko moduan dagoela baieztatuz. "Prémiere"a errespetatze aldera, esplorazio hau bera dagoen egun baterako lagatzea erabaki dugu. Bestalde, Martin eta Antua E alderantz ahal zuten gehiena aurreratu dira, ur-irteera interesgarri bi identifikatuz, itxuraz Eluntzeta aldetik estratoen fabore datozen infiltrazioak.
Gora itzulita, material guztia hartu eta bide bazterreko txaran barneratuz helburura jo dugu. Lehenengo, sokan behera gunearen E alderantz jaitsi gara; harantz joateko egin behar den trabeseko bidean, aterpe bat markatu dugu (koordenadak eta argazkia hartuz), txori habia eta suarena izan daitekeen horma beltzarekin. Horrela, kankamu eta estatxa instalazio zahar bateraino iritsi gara eta hor bigarren soka instalatu dugu, beheraino jeitsita, Lezetako sakonaren M aldera iritsiz. Barrunbea ("9 ornitogunea") begiratu genuen aurreko batean; baina gaur egon garen lekutik sarreratik hurre, E ertzean, dagoen arrakalari hobeto erreparatu diogu, hobeto begiratzea merezi duela iritzita. Itsas bareko egun batean egin beharko dugu, enbarkazio batekin. Puntu horretan bloke arteko sargune bat dago, Martin eta Antuak ikuskatu dutena, katalogatzerik merezi ez duela ebatziz.
Beste alderantz eginda, ostera, hormaren egiturari erreparatu diogu: estratifikazio argia, zeinaren goiko aldea "10 ornitogunea" eta bere zuloek osatutako barra zen; eta haren azpian, itsas-fosilez betetako barra ikusgarria, itsasoko kolpeek hustua. Soloperantzko azken puntu irisgarrian, berriz, falla bertikal itxurako bat dago, haren ebakia eroritako bloke metrikoz beteta dagoelarik; handik metro gutxira, lehenago ikuskatu dugun ur-irteeren lekua.
10 ornitogunera iristeko modu bakarra goitik jeistea zenez, berriro gora egin dugu, eta 15 bat metro M alderago jeitsi gara. Antua iritsi da zulatutako barraren erdira, eta eskuin-ezkerrera begira ez du barrurako garapenik. Habia bati argazkia atera eta honenbestez Solope-Lezeta tartearen ikustaldia amaitutzat eman dugu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario