2024/11/03

Labarrak, Atxabiribil eta Lumentza (Lekeitio-Forua)


 Asteburu luze honetan, ADES Espeleologia Elkartean hiru espedizio burutu ditugu.

Batetik, espeleourpekariek Lekeitioko itsaslabarren barrenetan lan egin dute, zehazki Kabaua eta Lezeta izeneko parajeen artean hormen ur azpiko tarteak errebisatuz, eta espeleologikoki interesekoak izan daitezkeenak ikuskatuz. 

Beste batzuk Foruko Atxabiribil mendian aritu gara prospekzioan. Lan mota hau behar-beharrezkoa dugu espeleologook, izan ere, Urdaibai eta Lea-Artibaien ugariak diren artadi itxietan kobazulo nagusiak ezagutzen dira, baina ohikoa da baso itxian harpe ezezagunak egotea. Haiek aurkitzeko, ezinbestekoa da bidezidorretatik irten eta txaratik zehar trantsektuak egitea; esplorazio gogorra da, gehienetan emaitzarik gabea, baina askotan balio izan diguna leize ezezagunak aurkitzeko.

Azkenik, beste talde bat Lekeitioko Lumentza mendiko kobazulo bat desobstruitzen aritu da. Herrian bertan dagoen mendi hau, Aintzinarotik oso humanizatua, karstikoa da goitik behera eta ADESek dozenaka zulo ditu katalogatuak bertan. Haietako asko, urteetan gizakiak nekazari eta abeltzantzan egin duen aktibitatearen ondorioz, harriz eta lurrez artifizialki estaliak daude.

No hay comentarios: