2025/04/06

Piélago (Miera)


20250405: Petrus, Antua, Oier.

Piélago (Miera). Astean zehar Oskar E-k eginiko prospekzioan ostean, "luz y topógrafos" taldea joan gara, hark lokalizatutako 3 kobazuloak topo/explo helburuarekin.

Lehen zuloa, urbegi aktiboaren gainean dagoen trop pleina izan da (Piélago III? 60. hamarkadako esploratzaileek deskribatutako I eta IIen izendapena jarraitzen badugu). (...). Ni kokotan nenbilela, besteek jarraitzeko moduko aukera bi ikusi dituzte: putzu gorakari bat (Petrus igo da), sarreratik hurre, eta laminadore busti bat, galeriaren amaieran (Antuak ikusi du). Nik bio lagin batzuk jaso ditut (2 Gyas, 1 Mesoiulus) eta saguzar pare bat begiztatu: bata Rhinolophus, eta bigarrena fisurikola bat. Azken hau sekulan ikusi gabea nuen eta argazki bat egiten saiatu naiz, identifikatu ahal izateko; baina dena prest nuenerako aurpegia ezkutatu du aluak. Hurrengoan bizkorragoa izan beharko!

Bigarren eta hirugarren koba harkaitz handi baten estratoetan irekia egon dira, freatikoki gure geo adituaren arabera, eta biak sistema beraren parte izanik (nahiz eta gaur egunean haien arteko komunikazio fisikorik ez egon). Piélago I izenekoak atari handi eta ikusgarri batean du sarrera errazena (...), eta laberinto polit batean zehar beste 3 atetara irits gaitezke, denak kanpora irekiak; haietako batean hezur-aztarna ugari ikus zitezkeen. Petrusek topoa egiten zuen bitartean, Antuanek kolada baten ostean jarraipena aurkitu du, inoiz bi pertsonak gainditu dutena (Pepe eta Manolo izenekoak), baina zapaldu gabeko galeria baten jarraipena duena; hurrengoan segitzeko. Nire aldetik, harrapatutako kokoak: 1 Gyas, 1 Lithobius, 3 pequeñas arañas. 10-15 saguzar zeuden koba osoan zehar sakabanatuta; batzuk argazkitan hartu ditut, eta Rhinolophusak ziren.

Hirugarrena Piélago II izan da, aztarnategiduna (...), burdinsare bat duena (aspalditik irekia eta hondatua). Ondokoa baino garapen gutxitxoagokoa, baina gela handienak eta saguzar kolonia ugariena: 30-40 egon dira, sakabanatuak edo 10-15 inguruko taldeetan. Argazkietan harrapatu ditudanak Rhinolophusak izan dira. Hurrengoan ez ahaztu mikrofonoa. Guano montoi batean, uste baino izaki gutxiago aurkitu ditut: harrapatu ditudanak 2 Lithobius juvenil, 1 Quaestus, 1 Gyas, 1 Meta, 1 Mesoiulus izan dira, baina trichoniscoides eta pseudosinellak ere ikusi ditut, nahiz eta ihes egin didaten.

Jardunaldia amaitzeko, Manolo Gonzalez Morales abisatu dugu. "Ábrigu" espeleologia taldeko kidea, ogibidez arkeologoa izan da jubilatu arte eta informazio interesgarria eman digu, besteak beste piélago bat zer den (ibaiak egiten duen putzu sakon luzea) eta 1960ko hamarkadan eginiko lanen artikulua eta topografiak. Lierganesko Puerta del Solen afarimerienda ederra egin dugu elkarrekin.

No hay comentarios: