Argazkiak.org | 111119_eel_santaeufemia 06 © cc-by-sa: ades
(Oierren argazki gehixago)
2011-XI-19/20
Asteburu honetan Atxagarai aterpean (Aulestia) izan den ikastaro hau aintzindaria izan da. Euskal Espeleo Laguntzako kideek, behintzat, ez dugu ezagutzen Espainian edo Frantzian halakorik inoiz egin denik: istripu bat izan duen taldeari lehenengo orduetan jarraitu beharreko jokabide egokia irakastea alegia. Kurtso honetan, sorosleok EEL-eko arduradunen eta osagileen azalpenak jaso ditugu; talde profesionaletako partaide batzu ere haien esperientzia eta jakituria partekatu dute gurekin. Izan ere, denok dugu argi zein den gure papela osagile eta sorosle bezela, behin zaurituarengana heltzen garenean. Baina... zer egin dezakete zaurituaren lagunak eurak, espeleolaguntza taldeak heldu arteko ordu kritiko hoietan? Hutsune hori betetzera etorri da ikastaro hau.
Larunbat goiza Diegoren azalpenekin hasi da: istripuen testuingurua, politraumatismoak, kasuistika eta arriskuen prebentzioaren azalpen orokorrak. Horren ostean, Espainian izandako istripuen analisia eta estadistikak ezagutu ditugu.
Horren ostean Davidek hartu du hitza, arriskuak ahal den neurrian gutxitzeak duen garrantzia azpimarratuz eta espeleologo guztiek kurtso honetan ikasiko diren jokabide-arau minimoen ezagupenaren garrantzia azalduz.
Gero Diegok berriro azalpen praktiko batzu eman ditu: alkohol etiliko eta manta termikoaren bitartez lor daitekeen berotze bizkorrari buruz. Laguntza bila irtetzen duen taldekidearen papera ere azaldu du, efizienteago izateko hainbat aholku barne (informazio bilketa egokia, bide-seinalatzea...).
Javiren txanda etorri da gero, istripu baten osteko lehenengo ordu hauetako jokabideak biltzeko zer-edo-zelako protokolo bat osatu nahirik. Horren barruan etapa desberdinak bereizi ditu, haien ezaugarriak azalduta; lehentasunak ezartzea nolako garrantzia duen; eta zauritua ebakuatu ostean ere, badirela konpondu beharreko hainbat atal (psikikoa, legala...).
Bazkal ostean hasi da Iñaki “puntu beroen” muntaketaren erakustaldi praktikoarekin. Bertan azken asteetan inguruko kobetan egindako frogen emaitzen berri eman du, material desberdinen konparaketa eta muntatzeko era desberdinak erakutsiz.
Ostean, Diegok istripuaren lehen momentu hauetan erabiltzeko botikin basikoaz aritu da: gutxigorabeherako diagnostikoa, analgesia eta antiinflamazio basikoa, begi-garbiketak, ura edangarri bihurtu, benda elastiko/itsaskorrak... Luxatutako sorbalda bere lekuan sartzeko maniobra hipokratikoa ere azaldu du, baita menbruetako frakturak lerrotu eta immobilizatzeko arau orokorrak aipatu ere.
Sendoak azaldu dizkigu gero traumatismo kraneo-enzefaliko eta torazikoetan zauritua ipintzeko postura gomendagarrienak. Gainera, bera eta Diegoren artean reanimazio kardio-pulmonarraren oinarrizko teknikaren nondik norakoak eman dizkigute, azalpen praktiko eta guzti (30 bider esternoian gogor sakatu / 2 bider birikak bete). Gainera, egoera larrietan gertatzen den dilema handiei buruz berba egiteko aukera egon da (zer lehenetsi: lesionatutako bizkarra ez mugitzea, ala bihotz/biriken funtzionamendua bermatzea?).
Diegok jarraitu du gero, espeleologian gehien ikusten diren arazoak komentatuz eta haien aurreko jokabideak azalduz: hipotermia (35º baino gutxiago), eta arteria handiak berotzearen garrantzia (besapeak, izter artea, eztarria). Baita muturreko ahitzea ere, bide batez esfortzu fisiko handietarako dieta komentatuz.
Aitorrek istripu baten lehenengo uneetako talde-dinamika eta koordinazioaz berba egiten hasi du bere txanda. Gainera sokazko kamilla zelan inprobisatzen den erakutsi digu. Azkenik, mendi-erreskateetan zaurituak mugitzeko eta lehenengo momentuetan eramateko erabiltzen diren hainbat teknika azaldu dizkigu, espeleologian ere erabiltzeko modukoak.
Ibaiek ere eman digu bere esperientziaren berri. Kasu honetan, eta aurreko irakaslearen haritik, esplorazio material arruntarekin inprobisa daitezkeen immobilizazio sistema batzuen adibideak eman dizkigu, baita unean-unean baliogarriak izango zaizkigun hainbat aholku eman ere.
Larunbatekoa amaitzeko, immobilizazioak gure artean inprobisatzeko aukera izan dugu denok. Horren ostean, egun osoan zehar ikasitako hainbat teknika berrikusi eta praktikan jarri ditugu, biharamonera begira. Eta programatik kanpo, Javik fisiopatologia eta oinarrizko explorazio/diagnosiari buruzko azalpen gehiago eman ditu, ikaskideen galderei erantzunda.
Igandean berriz Lezateko haitzuloan sartu gara, eta istripu baten aurrean izan beharreko jokabidea in situ praktikatu ahal izan dugu. Lau simulazio gune antolatu dira, sarreratik 15 bat minutura, eta gutako bakoitza lau egoera kritiko praktikatzeko aukera izan du, EEL-eko osagileen begiradapean. Taldeak afinitatez antolatu dira (elkarrekin esploratzen duen jendearekin) eta ADES-eko kideok praktikatu duguna zera izan da:
- Labandu eta 4 metroko jauzia, fraktura bikoitza -tibia eta femurra- (Javi).
- Traumatismo kraneo-enzefalikoak, 3 kasu desberdin (Sendoa).
- Ahidura kasu 2 -bata eskumuturreko frakturarekin, bestea tibiarenarekin- (Ruso).
- Puntu beroaren muntaketa (Iñaki).
Ikastaro eredugarri honetan 30 bat pertsona bildu gara ikasle, irakasle eta antolakuntzakoen artean, eta ikaslearen ikuspuntutik esango nuke oso pozik geratu garela denok. Antolatzaileek hainbat iritzi eta ohar jaso dituzte amaieran, hurrengo edizioan oraindik hobea izan dadin.
2 comentarios:
Y todas las fotos bonitas de gente con piernas rotas mareandose entre bloques, donde estan?
Mira aquí, donde esos de la UEV están recopilando fotos y demás cosas de ese día:
http://www.euskalespeleo.com/Foro/viewtopic.php?f=11&t=164&p=414#p414
Publicar un comentario