Euskal espeleologoen artean dugun arau ez idatzi (baina
oso errespetatu) batek dio, zona bat talde espeleologiko baten
ardurapean dagoenean, hango kobak ikertzera doana bertako taldearekin
harremanetan jartzea komeni dela. Ez da arau legala (legez, Espainian
kobazuloak ez dira inorenak -jabetza Estatuarena da-) baina bai
operatiboa: lurpean, elkarlanaren emaitza hobea baita
konpetentziarena baino. Ikerlari gehienek arau hau errespetatzen
dute; baina badira zonako espeleologoak "gau-zaindariaren
txilibitutzat" hartzen dituztenak ere (gero horrelakoak dira
emaitzak).
Edonola ere, esandako hau espeleologiari dagokio bakarrik (hau da,
jarduera zientifikoari); espeleoabentura jarduerak, edo turismoa,
aparte doaz. Izan ere, zona guztietan daude bisitari asko erakartzen
dituzten kobazuloak; gure kasuan Lamiñen Sistema (Armiña eta
Lamiñen koben arteko trabesia), Iñeritzeko leizea eta besteren bat.
Bertara datorren jende guztiak gu abisatzen hasi ezkero, telefono
deiekin erotuko ginateke.
Jakin dugu Lamiñen Sistema bisitatzen duten talde batzuen artean
liskarra piztu dela, barruan dauden sokei buruz. Egokiak diren, edo
ez diren; segurtasuna bermatzen duten, edo ez duten... Hori dela eta,
duela hile batzuk, pertsona batzuk gurekin harremanetan jarri ziren,
haien iritzian bertan zegoen materialaren egoera eta instalazioaren
segurtasuna ez zelako ona; eta ea ondo iruditzen zitzaigun hura
hobetzea, gastuak eta materiala bere gain hartuta. Guk, detailea
eskertzeaz gain (edozeinek ez baitu baimenik eskatzen, horrelakoak
egin aurretik), nahi zutena egiteko esan genien; haiez fio ginelako,
eta han zeuden soka eta instalazio horiek ez zirelako gureak (izan
ere, Lamiñen Sistemaren esploratzaileok -GEV eta ADES- ez dugu
sekula ezer ekipaturik utzi kobazulo honetan).
Gauzak horrela, pertsona hauek koban instalatuak zeuden materialak
kendu zituzten, berriarekin ordezkatuz. Baina irailaren 28an egin
dugun azken esplorazio saioan, material hau kenduta aurkitu dugu,
lehengo instalazioaren antzeko berri batekin. Baita kartel hau ere:
Bistan denez, Lamiñen Sistema bisitatzen duten taldeek irizpide desberdinak dituzte instalazioaren egokitasunari buruz.
ADES Espeleologia Elkartea, printzipioz, ez da sartuko liskar honetan. Pentsatu nahi dugulako Lamiñen Sistemako bisitariak gai izango direla euren kabuz adostasun batera ailegatzeko, gure kobazulo enblematiko honen gozamena, segurtasuna eta zainketa harmonia onean uztartuz. Hala bedi!
No hay comentarios:
Publicar un comentario