2019/10/14

Torca de los Caballos - Cueva del Valle lurpeko trabesia


2019/10/12  Gotzon, Martin U., Zutoia, Santi

Goizeko 9:30etan Torca de los Caballosen sartu gara, 275 metro jaisteko nolako arazoak izango genituen ardurarekin, soka jarri eta kentzen ibili behar baita han dauden 10 putzu nagusiak jaisteko. Baina, suertea izan dugu, leize osoa ekipatuta aurkitu dugulako, eta azkar heldu gara barrenera. Ez dakigu nork instalatuko zuen leizea, baina haiei eskerrak eman beharrean gara. Izan ere hasierako putzuek ematen baitute buruko min gehien, ea soka han nonbait ataskatuta geratuko oten den pentsatzen hasita.
Behean, kilometro biko meandroa zegoen guri itxaroten. Lehen 300 metro inguru erosoak dira, baina tximiniaren salara heldu ondoren handik aurrera zati konplikatuagoa hasten da.  Igo egin behar da salaren albo batetik gora eta aurreratxoago 12ko saltua jaitsi, errekara heltzeko. Salto hau desekipatuta egon da, bertako soka zahar hautsiak kenduta albo batera baztertuta. Gotzon ezer jarri gabe jaitsi da, baina nik berriro ipini ditut ia kanpoko babes-ehuna galduta eta barruko hari guztiak agerian zituzten soka haiek. Horrela, sokei apur bat eutsita, ederto joan gara beherantz.  
Torca del Hoyon 2an jatorria duen eta ezkerretik datorren afluentera heldu ondoren, handik aurrera ibilbidea askoz ere akuatikoagoa bihurtu da. Ikusten izan ditugu hormetan bustitako seinaleak, eta hasi gara pentsatzen ea gure aurretik beste jenderik joango ote zen.  
Meandroa luzea egiten da, eta kolektorera helduta, batek pentsatzen du ia egin duela trabesiako zati zail bat. Ondoren 13 metroko eskaladaren azpira heldu garenean aurretiaz joan den ekipoko jendea harrapatu dugu. Neska bat eta bi mutil tolosarrak. Azkar zihoazen, ez genituen berriro ikusiko hurrengo eskaladara heldu arte. 

                                         Kolektoretik lehen pisora igotzeko eskaladaren azpian

Eskalada buruan, han joan gara atzean uzten tramo honetako galeria luzeak: ur geldiz betetako Galeria de las Marionetas, Balkoia, sifoia libre aurkitu dugu, gour eta marmita erraldoien galeria, 18ko eskaladara heldu arte, lehen pisotik bigarren pisora pasatzen den tokia. Galeria zati bat ibilita 5 metrotako beste eskalada baten ondoren “lohizko sifoia” ere libre topatu dugu, eta han heldu gara La Canaleko liburua dagoen tokira.

                                Gotzon, lehen pisotik bigarren pisora igotzeko 18 metroko saltoaren hasieran

Merienda hartu dugu, eta sopinstant eta kafesnea hartzen aritu garenean gogoratu dut nola orain dela 30 urteetako trabesia haiek egiterakoan ardo kantinploratxoa ateratzen genuela hemen, ogitartekoa laguntzeko.  Pentsatzen jardun dut ea zer esango lukeen Diego Dulanto medikuak, bietako zein ote dieta hobea? Urteek ez dutela barkatzen, erantzungo liguke, seguru.
Ondoren tramo kantsagarri bati eman diogu hasiera, paso baxuez eta galeria arrastakorrez betetakoa: han joan dira Los Laminadores, Sala de la Lluvia, eta Galería de la Luna. Honen amaieran dagoen gour-etik ura hartu eta ondorengo Saharako galeria erraldoi eta  haretsuetatik pozarren joan gara, bidearen zatirik zailenak eginda zeudela pentsatuz.
Errekara helduta, hiru blokeen kaosak pasatu behar ziren. Ondo pasatu ditugu lehen biak, baina hirugarrena pentsa baino nekezago gertatu zaigu. Izan ere, seinaleak jarraituz oso altu igo behar da errekatik eta ondoren jaitsi. Egon gara komentatzen kaos hau beste leku desberdin batetik eta beheragotik gurutzatzen genuela antzina.
Pozarren irten gara kanpoko epeltasunera, oraindik egun argiz, arratsaldeko 6:30etan, Valleko koban zeuden turista ugarien harridura aurpegien artetik igaroaz.

No hay comentarios: