200912: Javi, Antua, Oier.
Txakarre (Zeberio). Javiren begiko karst txiki honekin "amaitzeko" asmoz etorri gara, baina eguna esploraziotzar pendiente bat lagata amaitu dugu.
Ni neu, lehelengotz nentorrenez, "eskutik eramanda" bezala aritu naiz, zulorik zulo, topografian ari ziren besteen atzetik nire koko-poteak beteaz (zonari interes berezikoa iritzita, inguruko karstekin lotura fisikorik ez omen duelako). Ulertu dudanez, bertan ezagutzen ditugun zulo guztiak pasa ditugu gaur, banan-banan. Asmoa topoak egitea zen, argazkiak egitea... katalogo lana amaitzea, azken finean, gero bilana egin ahal izateko; eta horrekin batera, bistan da, Zeberioko gure informatzaileak egindakoaz informatzeko -eta bide batez toponimia kontuak pixka bat zehazteko-.
Lehenengo, TXA-10 zulora joan gara (...). 20 bat metroko ranpa-hobi bat, sokatxo batekin erraz jaisteko modura; zabor asko (ganaduak, artilea...), salatxo ikusgarri bat eta lokatzez blokeatutako hobi terminal bat. Jasotako bio laginak: 3 Lithobius, 3 armiarma txiki, 3 krustazeo arrosa, 1 Lithobius bezalakoa, baina txikia eta zuria, 2 Pseudosinella tipokoak, 2 Oxychillus, Meta.
Gero, une batez beste zulo batera hurreratu gara, laginketa-gailu bat (...) jasotzera; baina tamalez kandaduaren giltza ahaztu dugu, eta ezin izan dugu jaso. Halere, niri oso didaktikoa egin zait bidaitxoa, karst honen erditik igarotzen den ezohiko errekastoaren ibilbideari (antiklinal batean??) jarraika, eta kareharri-geruzaren potentzia ikusita, punta batetik besteraino. Azkonar-zuloa bera ere oso polita, aintzinako surjentzia. Hemen ez dut kokorik jaso.
Ostean TXA-01 deritzon zulora (...), azkonar zuloaren morfologia berekoa baina handiagoa, eta ulertu dudanez eskegitako akuifero batekin erlazioa duena. Bertan jasotako laginak: 3 Meta, 2 armiarma txiki, 1 Lithobius, 2 Ischyropsalis, 1 Oxychillus.
Gero TXA-02 delakoan (...), oso eraldatutako eta itxura arkeologiko handia duenean izan gara. Atari handiaz gain, pare bat dibertikulo txiki baino ez ditu. Bio laginak: 2 Meta.
Ondo-ondoan, eta printzipioz kondukto beraren parte sakonerako sarrera zirudiena: TXA-03 (...). Norabide beherakari argian, eta harribola artean estuasunetan zehar 20 bat metro barneratu ostean, blokeaturik agertzen dena. Bertan jasotakoak: 2 Lithobius, 2 armiarma txiki, 1 miriapodo, 1 Meta, 1 Oxychillus, 1 Elona, 1 Ischyropsalis.
Gero, pare bat bailara harantzago zegoan azken zuloa ikustera joan gara: TXA-04 (...). Gure informazioaren arabera "15 bat metroko leize bat" zena, gaurko sorpresa izan da. Izan ere, arrapala subhorizontal handi bat (30 bat m) jaitsi eta gero, putzu zilindriko ikusgarri batera ailegatu gara; horren barrenean, 3 inkognitaren atarietan geratu gara, esploratzeko 3 bide. Jardunaldiarengatik nekatuta, orduarengatik (16:30ak aldea jada) eta lagunei "karamelo" polit bat gordetzearren, gaurkoa bertan amaitzea erabaki dugu (nik kokorik ere ez dut hartu), eta hurrengo batean esplorazio saio kitzikagarri baterako lehen ideiak erabiltzen hasi gara: 3 bat talde, 50 bat m soka, eta Txakarren potentzial handiena duen haitzulo honetan lan interesgarria burutzeko prest. Azkenburua!
Egun atsegina bestela ere. "Buruzagiak" pozik amaitu du, planifikatutako lanaren zatirik handiena kendu dugulako; niri kuriosoa egin zait zona, polita eta oso berezia; eta ADES barruan egin beharreko GIS ikastaroarena ere hizpide izan dugu, larunbat-igande bat horri eskaintzeko merezi duen gauza; atera kontuak, Javi bere tablet-txoan topoak nolako dotore marrazten dituen ikusita, niri neuri ere ikasteko gogoa sartu zaidala!
No hay comentarios:
Publicar un comentario