2020/10/05

Armintxe (Lekeitio) trop-pleinaren aktibazioa eta portaera ordurik ordu

 201003: Oier.

Armintxe. Azken orduetan egin duen eguraldiarekin (plubiometriarekin erkatu) hona hemen gaur eskola ondoko trop-pleinean eginiko ikustaldiaren emaitzak.

Esan behar da, beste hainbat ikustalditan izandako emaitza negatiboaren ostean (errejistratuta dugun azken aktibazioa 190201ean izan zen), ez nuela espero oraindik trop-pleinaren aktibazioa. Zentzu horretan gure XXXXXk aurrea hartu dit, eta gaur goizeko 07:55etarako alerta emana zuen.

 


Baina XXXXXk arrazoi (ez da alferrik geografo profesionala!): 12:30etan bertaratu naizenerako, trop pleina karga bete-betean zegoen; tamalez, ezin izan ditut erkatu futbol zelai ondoko ubidearen igoera, eta trop-pleinaren aktibazioa. 

Irudi nahikotxo hartu ditut (argazki fijoak eta bideoak), erreferentzia puntuak zainduta, orduak pasatu ahala konparaketak egin ahal izateko. Komentatzeko modukoak:

  • "Megalito" berriaren inguruan, uste nuen bezala, uren aterabideak mugitu dira: gutxienez sei punto desberdinetik ateratzen ziren, zeinetatik lau lehengo kota berean zeuden baina ezker-eskuinera mugituak (hormigoizko zapata saihestuz) eta bi... lehen baino 20-30 zm gorago. Hau da larriena, jakina, susmarazten baitigu koba barruan posible dela, "ontzi komunikatu" efektuaren bidez, urek ere beste horrenbeste -gutxienez- igo izana. Eta beraz, lehen lehen azpian hartzen zituen grabatuez gain (III zonako guztiak), agian orain arte libratu diren "Zaldi Bakartia" eta, are, "Panelaren Gela"koak ere ukituak izan daitezkeela. Barruan lanean ari den Bizkaiko Foru Aldundiko taldeak ezarritako limnigrafoek argituko dute hori; baita, bistan denez, ur lokaztuak horman eta grabatuetan utzitako markek.

  • "Ojimetroaren" arabera, une honetan trop-pleinetik 70-90 litro/segunduko ateratzen ziren. Megalitoaren aurreko erreten zabalak ere ezin hartzekoa, eta gutxiago metro batzuen buruan zabalera normaleko erretenak. Eskolen sarrera ondoko bideetan eta estolderiaren inguruan putzu zabalak agertzen ziren, hobien inguruan.

  • Futbol zelai ondoko ubideari buruz, beteta agertzen zen; eta eraikinen ondoko arketan (burdin sarez itxitako horretan) ura ateratzen ari zen goiko leihatilatik. Definitiboki, arketa horren egitura inbestigatu beharko dugu Antua.

  • Skate pistan, berriz, ez zen ur pilaketarik; hau ere nire prebisioen kontra.


Bigarren ikustaldia egitera bertaratu naizenean, 15:10ak ziren. Uraren irteera-mailari dagokionez ez dut alderik ikusi; bai ostera uraren presioan (txikiagoa) eta "kalitatean" (gardenagoa). Bidean enbaltsatutako ura ere gutxiago zen. Futbol zelaiko ubidearen maila, berriz, eguerdiko berdina zen; arketako leihatilatik kanpora zetorren ura ere, berdintsua zen.

Une horretan, Lekeitioko Udaleko pertsona bi ere aurkitu ditut (eguerdian sare sozialetara bota dudan bideoaren eraginez, imajinatzen dut): Brigada Burua, eta Abel Iriondo zinegotzia eta Hirigintza Komisioaren partaidea. Berbetan aritu gara; eta Udal langile hauen aldetik -betiko legez- disposizio ona aurkitu badut ere, zenbait gauza argi geratu zaizkit:

  • Udalak ez daki gauza handirik Armintxeko arazo hidrologikoari buruz, ezta "megalitoaren" interbentzioaren ezaugarriei buruz ere. Arraroa egin zait eze, Unzuetak botatako azken erantzunean (ikus beheko txostena), obraren enkargatua Udala zela espreski adierazi zuen.

  • Lekeitioko Udalarendako, arazo hau ur kañeria baten leherketa, errepideen asfaltatua edo herriko argiteriaren aberia baten maila berean dago. Edo ez dira jabetzen jokoan dagoenaren garrantziaz (txarra), edo jabetzen dira, baina ez zaie inporta (txarrago).

Dena den, beti bezala, ADES-en informazioa instituzioen esku dagoela gogoratu diegu, gure kolaborazio osoa eskainiz eta obra honekin egin den hankasartzeak egin baino lehen, gurekin kontsultatzeko gonbitea eginez.

Oraindik hirugarrengo ikustaldi bat egin dut, 19:20etan. Ordurako, trop-pleineko puntuetatik bakarra aurkitu dut aktibo (beherengoa, lehen urpean zegoen bat). Bidean enbaltsatutako ura jada desagertua zen, estolderiak xurgatua; sedimentu askotxo pilatuta, hare tipokoa. Eta futbol zelaiko ubidean uraren maila metro erdi beherago zegoen; eta arketako leihatilatik ez zen urik irtetzen.

Horrenbestean amaitu da gaurko ikustaldia. Orain (21:00ak) atertu du, eta gauean zehar ere ez dago euririk emanda; bihar ostera bai, egun osoan. Eta begira jarraituko dugu.

Uraren portaera aurreikusteko zailtasunei buruz:

  • Urr 3ko ikustaldiaren aurreko egunetan ez du euri jasa bereziki handirik egin; bai ostera konstantziaz, inguruko lur geruzak saturatzeko beste. Horretara, urr 2-3 gauean euriaren intentsitatea pixka bat handitu denean (ez gehiegi, esan bezala: uholderik ez da izan herrian), Armintxe barruko ur mailak gora egin du.

  • Ikusten nabilenez, zaila da uraren portaera aurreikustea parametro asko gure kontroletik kanpo daudelako (eta hori bertan gaudela; zer esanik ez, Foru Aldundiaren enkarguz Armintxeko hidrogeologia aztertzeko ardura duen CNR Madrileko (!) enpresarendako...). Plubiometria neurri baten kontrolatzen dugu bakarrik (neurketa estazioena), baina euri-jasek ez dute beti kokapen zehatz berdina izaten, eta Armintxeren arro hidrografikoak zabalera handia du; bestalde, akuiferoaren saturazio mailak ere eragina du, modu limitatuan baino monitorizatu ezin dezakeguna (futbol zelai ondoko ubidea?); koba guztiz esploratu barik egoteak, bistan da, ez du laguntzen; irteera buxatzen duten hondakinen ezaugarriak ere ez ditugu ezagutzen...

     



201004: Oier.

8:50etan ikustaldia. Trop-pleina inaktibo. Urak (eta umeek; baina batez ere atzoko urak) mugitutako 20-25 harri dezimetriko egin berriko erretenean; ez badira hortik kentzen, estolderian amaituko dute. Futbol zelaiko ubidearen ur-maila nabarmen jeitsi da, 80-90 bat zm. Hobiak eskuineko adarretik baino ez du urik hartzen, 600-700 bat zl/s (ezkerreko adarra, arketatik datorrena alegia, lehor dago).

Goizean zehar euria eta ostarteak izan dira (herrian noski; arro hidrografikoaren buruetan ez dakit), eta eguerdian euri sendoagoa. 16:00ak aldean bertaratu naiz, eta futbol zelai ondoko ubidea hutsik aurkitu dut.

Hurrengo orduetan prezipitazioa bai, baina mm gutxi emanda dagoenez, honenbestean amaitzen dut ikustaldia.

****

Bestalde, uda honetan obra honetako arazoei buruzko balorazio hau aurkeztu nien Lekeitioko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta URA Agentziari, besteak beste asteburu honetan gertatu dena gertatu zitekeela abisatuz; oraindik ez dut erantzunik jaso. Asteburu honetan gertatutakoaren garrantziaz jabetzeko balio duenez, hementxe publikatuko dut.

 

 

Gehiago jakiteko:

 

 

No hay comentarios: