2021/12/30

ADESek urtero ematen duen UG sari ospetsuak badu dagoeneko irabazlea

     2021/12/30  Santi

Aspalditik ADES taldearen irteeretara noizbehinka etortzen izan den Biktorio Taket espeleologoak jaso du aurtengo Uzkiko Garatxie Zara Zu sari preziatua (laburtuta, UG). Epaimahaiak aintzat hartu ditu hautagai honen hainbat meritu eta ez dutela parekorik adierazi du, horrela saria lortzeko asmoz ari ziren gainerako guztiak atzetik oso urrun utziaz.

Hasteko, tribunalak urte hasieran taldean sartu ziren neska-mutil batzuekin gertatutakoa ebaluatu du. Espeleologo berri hauek pasa den udan Lezandipera joateko gogoa azaldu zuten eta hori entzun orduko Biktorio “espediziora” (horrela deitu baitzion) apuntatu zen. Ez hori bakarrik, “espedizioaren lider” moduan jarri zen, neska-mutilei “leizearen azken puntaraino helduko zirela” aginduz. Gotzonek uste zuen morroiak ez zeukala halako enpresari ekiteko ganora nahikorik eta asmo hori kendu nahi izan zion burutik, baina azkenean amore eman behar izan zuen hura urrumaka eta puzka hasi zitzaionean.

Behin leizera joanak zirela eta hango jauziak jaitsita, Biktoriok estu-unez betetako alde oso konplikatu batetik joanda “azkenera iritsiko zirela” esan zien neska-mutilei, eta bera hantxe geratuko zela “zaindari moduan”. Dirudienez, itxaronaldia luzeegi egin zitzaion, eta berak bakarrik bueltan igotzen hastea erabaki zuen, neska-mutilak haien patura abandonatuz. Hori bai, igotzen hasi orduko taldekideek haraino jaitsi zuten jateko bakarra irentsi zuen ezer utzi gabe: Gernikako piperrez hornituriko patata-tortilla, nesketako baten amak goxo prestatutakoa.

Biktoriok bost ordu behar izan zituen gora igotzeko (normalean ordu erdi behar da), eta besteak non zeuden galdetu zitzaionean, “niri zer diostazue, bada”, erantzun zuen. Zorionez, neska-mutil gaixoak espedizio-buruak esandako leku estuetan 10 orduz galduta ibili ondoren kanpora irten ahal izan ziren, erabat akituta. Handik egun batzuetara Biktoriok zorion mezu bat bidali zien wassap-ez, “ia ez zarete udaberriko lore batzuk” zioena. 


                                        Biktorio Taket UG trofeo preziatuarekin 

Epaimahaiak kontuan hartutako beste meritu bat saritu honek harrokeriaz haizetutako gaitasun teknologikoen gaia izan da. Biktoriok etengabe puntako tresnei buruz jarduten zuen hitz eta hitz modu astunean, teknologia digitaletan taldeko jeniorik handienetakoa den Petrus bera ere ahozabalik utziz. Iturtzeko kobako esplorazioetan, behin, datu topografikoak biltzeko “adelantu ikaragarria” ekarriko zuela esan zuen, “azken generazioko Distoa, planoak berak bakarrik dibujatzen dituena”.

Hurrengo larunbatean hainbat jende apuntatu zen kobaren esploraziora. Topografiatzeko gunera helduta, Biktoriok bere tramankulu distiratsua atera zuen zorrotik guztiak ikusminez zeudela. Martxan jarri nahi izan zuenean, ordea, gailuak astrapalen bat zeukala konturatu zen, eta Mariano galdezka eta galdezka ari zitzaionez, azkenean zera argitu zuen, “ez dago konexiorik”. Izan ere, traste hura bakarrik wifiaz zebilen. Orduan Antuak, hitz bat bera ere esan gabe, antigoaleko tresna zaharra atera zuen zorrotik, eta horri esker ADES-ek ez zuen alferrik galdu irteera hura.

Beste kontu bat Covid-aren aurkako maskarena izan zen. Biktoriok kobetan aritzeko eta lokatzik zantarrena jasateko bereziki diseinaturik zeuden musuko batzuk fabrikatzea proposatu zion ADES-i. Oier zera adieraztera ausartu zitzaion, proposamen burugabea zela, ez baitzuen zentzurik puntako esplorazio batean musukoekin aritzeak, arrakala guztietan katigatu eta horma latzetan zatika harilkatuko ziren maskarak jarrita. Baina morroiak Oierren jarrera erabat gaitzetsi zuen eta hauxe aurpegiratu zion, “txertoen aurkako negazionista eta lejia-edale hutsa” zela. “Erantzukizun handiagoa espero nuen ustez hezkuntza zientifikoa zeukan zu bezalako norbaitengandik” gaineratu zion. Gehiago luzatu gabe 10.000 maskara berezi fabrikatzeko agindu zuen eta ADES-i pasatu zion dardaraz jartzeko moduko faktura bat. Hasieran taldeak ez zuen ordaindu nahi izan, baina geroago, Marianok esan bezala, “potroak estutu eta ordaintzea” beste erremediorik ez zen egon.

Interesatuaren meritu hauen kalitateak zalantzarako tarte askorik uzten ez badu ere, epaimahaiak ezin izan du aho bateko epaia lortu. Eztabaida luze baten ostean partaide batek (patata-tortillarik gabe geratu zen neskaren amak) boto partikularra eman du, lehen meritua nahikoa eta sobera zela Biktoriori UG golardoa emateko adieraziz. Haren ustez, beste merituek ondorengo urte pila batetan saria morroi berari ematen jarraitzeko balioko zuten. Hala ere, epaimahaiko gainerakoek ez dute ideia begi onez hartu, beste batzuk sari horretara aurkezteko aukerarik gabe uzteko modu arbitrarioa izango zela iritziz.

Zorionak saridunari!

No hay comentarios: