2024/06/23

Kobetan, gallardonian blai

 

"Oier ADESeku re; ez dau azalpenik bir, lokatzari buruz" (Josuk atzok esanda, con las manos en la masa). Argazkixan: Unai Damazulotik urten barri.

240622: Oier.

Kobeta (Olatz, Mutriku). ADESekuekin lurpeko planik ez eta, "bonos del tesoro"ko balore segurura jo dot: Burumendi! Kaso honetan, jentetzia bildu gara: Unai, Josu, Idoia, Joseba, Mitxel, Iki, Txino Satorrak etorri dira, beraz 3 taldetan banatu gara, helburu 2kin: bata, Iki eta Unaiek osatuta, ez-galdetu-neri-nora juan dira (Irrintzi?), kueba sistema erraldoi honetako sektore bateko marrazki topografikua osatzera; bestiok, danak, Montaña Rusa aurretiko katazulo/Damazulo bat desobstruitzera, sektore deseroso /nekagarri baten pausua saihesteko balixo izango daben esperantziakin. Lehelengo 3 "makinak" juan dira, biharrekin hasteko, eta beste 3rok atzetik juan gara, errelebuak emon ahal izateko.

Biaje politta izan da; oiñ arte ezagutzen (edo) doten erreka nagusiko sektoria lagata, lateral baten gora egin dogu, eta adibidez Buatxabal Potzu, eta Langostiñuen Pausu legendarixuak ezagutu dittudaz, ikusgarrixak benetan. Pauso estutxo batzuk be egon dira, eta ondo pasau dittudaz: zentzu horretan, pozik neure buruakin. Era berian, gimnasiuan egindako saiuak be lagungarri izan diraz: mitxeliña kendu bakarrik ez, fondo fisikua be hobetu dot eta gaurkuan moduko egunetan hori asko igartzen da. 

Bestiak pare bat orduz biharrian zoiala allegau gara desob lekura. Katazulo horizontal luze eta erosua berez, baiña buztin/lokatz fiñez bete-bete eginda, eta ha kanporatzeko gatxa. Buztin pella haundixekin bolak egin, ahal danik eta haundixenak, harek kanpora etaratzia, eta pausua oztopatu barik "kudeatzia" zan bihar gehixena. Hanketan, eskuetan, gorputzian, arpegixan... bakotxak gure pixuan gaiñeko 6-7 kg lokatz genkan pegauta, eta harek (eta pellak) aurrera eta atzera mobitzia, uste nebana baiño nekagarrixagua izan da. Damazulokin gogoratu naiz! Gure paraderua argazkittan dokumentatziak mereziko zeban, baiña kamarian osotasuna ezin bermatuta, zorruan gordeta geldittu da. 2-3 ordu egin doguz bertan (lehendik zeguazenak, 5). Halako baten, Unai eta Iki agertu dira profundidadietatik, eta unamorixuan erabagi dogu gaurkoz nahikua zala. Itxuraz zeozer aurreratu dogu eze, lehen zihero itxitta zeguan puntan, bloke baten azpiko leihatilla batekin geldittu da, eta aire zirkulaziño txiki batekin. Eskertzekua! Izan be, lehen ezin zan arnasa ondo hartu bertan.

Kanporakuan geldiro egin dogu, nahikua nekatuta genguazelako, eta dana ondo juan da intzidentzia berezirik barik. 10:30ak aldera sartu gara goizian, eta 22:10etarako kanpuan genguazen danok. Pozik!

Bio aldetik, nere superantiojo barrixak ekarri dittudazen arren, ez dot kokorik bape ikusi. Potian jauzi dan bakarra (Lithobius 1) Idoiak ikusi desta!

Fisiologia aldetik, gauza kuriosuak. Esan doten modura, gaur asko nekatu naiz; eta, nahiz eta kardio sistemiak ondo erantzun (fondua), erantzun ezohikuak izan dittudaz. Konturatu naizenak: Oletan materiala garbitzen, sufridu egin dot benetan -posturia, indar faltia...-; etxerakuan, "flaka" tipoko gosia (oso arrarua, nigan), bai afaltzerakuan, bai goizian jaikitzian; 01:30etan lotara sartu banintzan be, 06:30etan esnatu naiz eta ezin izan dot barriro lo hartu; begixak ixtian, argittasunak "ikusten" izan dittudaz (speleo egitten hasi nintzanian moduan)... Esango neuke leza barruan jandako gominola ugarixak be zerikusixa izan leikiela: azukre gaindosisa, esfortzua egitten lagundu bai, baiña biharbada rabdomiolisisera eruan nabena... Batek daki. Erantzun kuriosuak, edozelan be.

Zubiburua, udako kumaldiko laginketia


 240621: Oier.

Zubiburuan (Lekeitio), saguzarren ikustaldixa. Gure gaü-ainhara familixak zer portaera ete daka udako kumaldixan? Lezatera, Atxurrara juaten ete dira, narrutan egin eta buelta? Bertan egitten ete dabe? Galdera asko erantzun barik, baiña gu gurera: han egin dogu gure datu bilketa saiua, juan dan 8 urtian eten barik mantentzen dogun datu serie apala osatzeko.

2024/06/20

Aixurdin


 240615: Xabi, Gotzon, Oier.

Aixurdi (Lekeitio). Otoixo mendiko sektore hau hobeto begiratu nahixan, gaurkuan Kurtzebaltzatik Otoixo tontor azpiko labarretarako tartian ibilli gara. Epikarsta eta MSS barra barra, garapen haundiko zulorik bape beraz, baiña halan be ingurune eder-ederra topau dogu, bisittatzia merezi dabena, baiña kasko batekin eta kontuz ahal bada. Bidoi batekin egindako kazari-postu ondotik jaitsi gara labarretik. Gune arriskutsuenian pasamanos bat ipiñitta, mendebalderutz egin dogu, lehendik begiratuta genkan aterpe bateraiñok, huntz landare garau ikusgarriduna (...). Hortik, beheruntz eta ekialderutz hasi gara, mendi hegixan zabalduta, Kurutzebaltzerutz bueltan, baiña beheragotik. Hor aterpe barri bat lokalizau dogu, bestia baiño sakonagua, 3 bat metro (...). Gorutz barriro, lehendik ezagutzen genduan beste tximinixa pare batetik pasau gara, leza desmantelauak itxuraz, espeleotema eta guzti (...) eta hortik beste paso bat lokalizau dogu, labar-ertzeraiñok igotzeko, ibillaldixa hasi dogun puntutik hurre urten gara. Bidian, mendixan estrato egitturia ederto ikusten zan hainbat puntutan, eta argazki batzutan jaso doguz. 

Aixurdin lokalizautako zuluok, momentuz, danak XX kategorixakuak diraz; beraz, ez dabe bat egitten Aixurdin GEV-ekuak 1968xan katalogatutakuekin "Sima de Kobagarazak" (Gardatako Uriarte jauna informatzaille), ezta GEV-305 "Sima de Urzulokobeaga"kin be.

Erretirau baiño lehen, azken zulo bat begiratzera juan gara, Otoixoko tontorretik hurre dagona, ipar-ekialderutz 20 metrora, bide onduan (...). 2 mtako lezatxo bat da, jarraipena blokez estalitta dakana, eta desarrollo pixkat izan leikiana; inguruan beste ezer ezagutzen ez dogula kontuan hartuta (IS-040 Landarra kenduta), biharbada mereziko dau bihar hori hartzia....


 

2024/06/11

Burrutxaganetik Urrutxaganera

 2024-6-1 Santi

Atxarreko artadiaren gailurrik altuenera igota bere azpiko lautada bitarteko zatia arakatzen ibili gara zapatu honetan, eta ezin dut alde batera utzi tontor honek daukan izenari buruzko komentarioa. Izan ere, euskarazko berbak transkribatu direnean, gure historiako mendeetan zehar askotan gertatu den moduan, euskararen ezagutza ezak (edo hizkuntzari buruzko ardura ezak), toponimo zein abizen izenetan aldaketa bitxiak egitea eragin du. Eta oraingo hau da, hain zuzen ere, horrelako kasu esanguratsu bat. Mendiaren gailurrera helduta, hango buzoiko letreroan izen hauxe agertzen baita: Burrutxagane. Horixe da mapa guztiek erakusten dutena ere.

Ez da bakarrik mendi horren kasua, abizen bat baino gehiagotan gauza bera gertatu baita: Gurrutxaga, Burrutxaga, Gurrutxurtu… Nahiz eta sasi-etimologia asko aurkitu daitezkeen sarean izen horien nondik norakoari buruz, linguisten arabera jatorrian dagoen oinarrizko berba fruta-arbola bati dagokio, bizkaieraz oso ohikoa den urrutxa zuhaitzari, hain zuzen (batuan, hurritza). Beraz, mendiaren izenak urrutxak edo hurritzak dauden paraje baten gaina esan nahi du.

Transkripzio problema hau euskara eta hizkuntza indoeuroparren arteko diferentzia nagusi batekin lotuta dagoela iruditzen zait. Hizkuntzalari askok adierazi bezala, euskara eta beste mintzaira horien arteko bereizketa handi bat zera da, euskararentzat oso erakargarria dela hitzak bokalez hastea eta, aldiz, Europako gainerako hizkuntzak oso uzkur dira gauza bera egiteko. Ez dago alferrik aipatzea euskara dela, adibidez, ama eta aita hitzak bokalez hasten dituen europar hizkuntza bakarra. Beste guztiek kontsonanteak maite dituzte hitz horien hasieran.

                                        Urrutxaganeko tontorrera. ADES
 

Honaino helduta, zer gertatu da Atxarreko gailur honen izenarekin? Transkripzioa egin zuen eskribauren batek, entzun zuenean Urrutxagane izena, zail egiten zitzaion toponimo hori bokalez hastea eta, inongo intentzio txarrik gabe, berak, naturalki, Burrutxagane aditu zuen, eta horrela idatzi zuen. Berdin idatz zezakeen Gurrutxagane ere. Kontua da horrela geratu dela, seguru aski betiko, testuetan.

Hala ere, guri espeleologoei ere eskribau lanak egitea tokatzen zaigu leize eta kobazuloei izenak jartzerakoan eta, euskarari justizia apur bat egiteko, Urrutxaganeko lezia erabili beharko genuke.

2024/06/02

Lokatz gogoz eta... Hatxondo


 240601: Urtza, Antua, Unai, Xabi Hondarrabi, Jesus Suberviola, Gotzon, Oier.

Hatxondo. Mandoiako gela handienaren argazkia hartzea helburu nagusi, duela 10 urte bisitatu gabeko zulo honetara talde polita etorri gara. Ur eta lokatz artean bideak gogoratu ditugu, batzuetan kostata, inkognitak seinalatuz eta ranpa lokaztua aurkitu ezinda ibilli gara, harik eta konturatu arte soka 4 metro ixatuta egon dela (uholdeek??). Konturatu gara, baita ere, beste espeleologo batzuk ere ibili direla hemen (bloke arteko pasamano/soka hori ez zen gurea), beti sentsazio gazigozoa lagatzen duena: alde batetik zaputza (bakarrak ez izatearena!) bestetik poza (kide berriak aurkitzearena!).

Ranpa lokaztua igotzeko besteen peripeziak ikusita, saiatu ere ez egitea pentsatu dut (duela 12 urte igo ei nuen arren!), eta Jesusek bio kontuetan interesa duenez, kanpora lagundu nau. Izan ere, gaur berak jaso ditu koko gehienak, nik betaurrekoak definitiboki hautsi baititut! Beraz dakidan apurra irakatsiz, eta bidea bilatuz egin dugu kanpora bidea, lasaitasun ederrean; 16:00ak aldera irten dugu.

Besteak bizkor espero genituen, baina orduek aurrera egin dute eta, kezkatzen ez baina bury/buzo lokaztu horiek berriro jantzi beharrarekin pentsatu ere ez genuen nahi, haien bila itzultzeko hipotesi inprobable bezain lazgarrian. Horrela pasatu zaizkigu hiru ordu, erdi lotan erdi esna, eta halako baten agertu zaizkigu, lagunak eta berriak: bere garaian Gotzonek eta neuk ezarritako terminusean aurrera esploratzen aritu direla, zer eta... LEK-26 leizearekin konexioa eginez! Hortik luzapena. Berri pozgarriak, beraz, gure katalogorako trabesia berriarekin (libururen bat atera beharko dugu, ADES Info hors-sèrie Special Traversées edo, tonto-monto, onezkero makinatxo bat ditugu eta! 😉).

Carlosendako laginak: 1 trichoniscoides?, 4 Ischyropsalis, 2 Mesoiulus, 1 ciempiés rojo corto, 2 Meta menardi, 2 gambas pequeñas blancas, 2 gambas rojas grandes, 1 parecido a Litocampa zaldivari, 1 pseudosinella? gris grande, 1 pseudosinella blanca pequeña, 1 Lithobius, 1 araña mediana. Leg: Jesus Suberviola, Gotzon Aranzabal, Unai Alvarez, Oier Gorosabel.

Mutrikun, bioespeleologia hitzaldia

 

Irudia: Burumendi Espeleologia Taldea.

240530: Petrus, Unai, Oier.

Mutrikun, Burumendiko lagunek gonbidatuta, urteroko Mendi Astean bioespeleologiari buruzko hitzaldia. Teknikako iratxoen kontra borrokatu behar izan bagara ere, azkenean lortu dugu nahi genuena komunikatzea, eta badirudi jendea gustora geratu dela, lurpeko izakien ezaugarriak jakinez, eta Mutrikuko faunaren berezitasunak ezagututa. Plazer bat gure aldetik!