2013/11/24

Berriatuko Arkeologia eta Espeleologia Jardunaldiak - Espeleologia Erakusketa eta Hitzaldia



Goikolau Elkartea jaio da Berriatuan. Bere helburua bertoko kultura sustatzea da, eta beraien lehen ekitaldi bezala, Arkeologia eta Espeleologia jardunaldiak antolatzea erabaki dute. Eta bai egin ere! Astero gauza bat jarriaz, lehenik "Berritxuko lur azpiko ondarea"ri eta espeleologiari buruzko erakusketa eta hitzaldia, eta "Berritxuko arkeologia ondareari" eta "prehistoriako bizimodu eta pinturei" buruzko erakusketa eta hitzaldia antolatu dira. Ikastoletako umeak eta Gaztetxeak mugitu dituzte, eta Elizburu aldera txangoren bat ere planifikatuta dago.
Gauza asko pasatu dira azken hiru asteotan Goikolau elkartearen lokalean, baina aipamen bezala esan behar da, batzuetan sentsazioa izan dugun arren Artibai aldean espeleologiari buruzko interesa ez dela gehiegizkoa, Berritxuko speleo hitzaldian batutako 60 lagunek demostratu digutela ez dela egia. Herri txikietako efektua dela diote batzuek, Gernika eta Ondarroa bezalako herri handietan askotan miraria bait da 10 lagun baino gehiago batzea halako hitzaldi baten.

Josu Zeberiok emandako hitzaldia oso dinamikoa izan zen. Herrikoia hizkuntzaz, eta espeleologiaren mundua ezagutzen ez duen jendeari zuzendua. Diapositibetako argazki ikusgarriak umorezko anekdota eta pasarteekin nahastu zituen Josuk, geologia eta hidrologia kutsu batez bustita nola ez, eta lur azpiko erreken gorabeheren misterioek sortzen diguten jakinmina publikoari transmititu nahi izan zen baita ere.

Hitzaldi Gelako proiektoreak Oleta auzoko Abitako kobaren estalaktita zuri ikusgarriak  horman pintatzen zituen bitartean, bertoko baserritarrekin basoko zuloei buruz izaten ditugun hizketaldi "kuriosoek" jendearen algara atera zuten, baita esplorazio bat eta geroko basatzaz betetako penuria-argazkiak erakusten genituenean ere.

Elizburun eta Gorozikan lur azpiko errekekin ditugun gorabeherak ere egon ziren mintzagai: gure Atxarte II - Kurubijo koba "penurioso" maitea eta Elizburuko hidrologiaren ezagutzan bere aurkikuntzak izan duen aldaketa; eta Gorozikako koba berri biren aurkikuntza, ia inork kobarik ez zegoela pentsatzen zuen lekuan.

Lea Artibaiko lur azpia handia eta aberatsa dela erakutsi nahi genuen, eta ez dagoela urrutira joan beharrik koba handietan sartzeko.  Lortu dugula uste dugu. Galderak ere egon ziren, eta batzuk espero genituen: Milloiko koben itxiera Diputazioaren partetik, desobstrukzio batek kobari egiten dion eragina, esplorazio batean erabiltzen den aprobisionamendua...

Oso hunkigarria izan zen espeleologoontzako gero etorri zena. Jendearen jakinminak gainez egin zuen, eta kontu kontari hasi ginen erakusketa gelan zutik.

Goikolauko kobari buruzko galdeketak egon ziren arkeologoei; eta Zeberiotarrok, Elizburuko eta Gorozikako koben planoak erakusketa gela erdian zegoen mahai handian paper erraldoietan inprimatuta zeudela, Berritxuarrekin Milloiko erreken ezagutzen ez dugun sektoreei buruz fantaseatu genuen.

"Ba ni txikitxan hamen zir ibiltxen nitxan", "eta hau ure noa du ba?", "ba nik uste dot hona dule", "ba nik uste dot beste hona lekure dule",...

Gero euren soziedadean afaldu genuen. Jan edan oparo egin genuen. Ardo, kafe eta puro. Ia cebatu egin gintuzten, abegikortasun eta eskuzabaltasun handia erakutsiz. Agian txerriari bezala Santo Tomasetan sakrifikatu egingo gaituzte? :-)

Hurrengo asteko barikuan, Tanaren erakusketaren aurkezpenaren aurretik, Urepel tabernan sartu da Unai besteen bila. Sartu ahala, Berritxuar batek Orubixeko iturriaren argazki bat eman dio. Iturriaren uraren kolorea berdea da, trazadora dago botatzen, 1987an geologo batzuk botatako trazadora. Ebro iturria deitzen omen diote Orubixeko iturriari, beti ura botatzen dagoelako.

Hau hasi besterik ez da egin!





No hay comentarios: