2016/04/11

G52 Etxetxu II Amaitu Zaigu

Part: Martin, Unai, Josu, Idoia

Ez genuen nahi, baina amaitu zaigu. Pasadan astean, G52 Etxetxu II deitutako Urgitxiko errekaren "pintxazo"ari beste aukera bat eman genion. Ondo begiratu gabeko "Goiko Sektorea" errepasatzea eta topografiatzea zen helburua. Gauzak horrela, gela eder batetan eskalada eder bat identifikatu genuen.

Goian, sabaian, "pendant"ak ikusten ziren. Hau da, sabai bat zen, hau da, galeria bat zegoen.

Eta han joan gara, eta bai, galeria bat zegoen. 50 bat metro eman digu galeriak (metroa gora, metroa behera).

Ez gara gehiegi luzatuko kronikan, aurpegi luzearekin etxera joan behar izan dugu eta. Handia bai ematen zuen, baina azkenean ez zen horrenbesterako izan.

Josu eta Idoia eskalada egiten zeuden bitartean (nola ez, harri txarretan!), Unai Martini beste galeria guztiak erakustera joan da. Eta han, erreka galeriaren fondoan, han goian, kolada handi bat eskalatu eta gero, arkatz bat aurkitu genuen. Suposatuko dugu, Antuak eta Gotzonek hau topografiatu zutenean, topoa hemen amaitu zutela material faltagatik.

Eskaladak bere lanak izan ditu. TxofTxof egiten du mailuak koladan. Taladroak Prrrof. Baina bueno, kostata, eta Idoiaren hankara harri eder bat erorita (dena kili kolo baitzegoen), baina azkenean ezer pasa gabe, igo da bikotea gora.

Beste harri batek soka harrapatu du bide erdian dagoen estuasunean. Sorpresa txikiez beteta dago bizitza, eta sorpresa handiez espeleologia! Baina bueno, libratu dugu soka. Martin-ek, soka ebakitzeko harri eder bat baino hoberik ez dagoela pentsatu du.

Orain bai, ulertzen dugu zertarako den "nabaja". Ez, ez da txorizoa ebakitzeko.

Unai topo egiten auto-ikasten dabil. Goiko galerian txokolateatu dira topografiako gauzak. Guanteak jarri eta kendu. Distoa ez zikindu nahian zoratzen dabil, baina bueno egin du azkenean. Dena nahi du marraztu, baina arkatza eta paperaren egoerak horrenbesterako ez dute ematen.

Besteak bueltan zihoazen bitartean, Martin-i zain egoteko eskatu dio Unaiek, eta errekan gora abiatu da bakarrik ahaztu zaion meandro bat topografiatzera, "Topo en el Silencio" estiloan.

Orain, ez dakigu topoak errealitatea ondo isladatu duen...


Barne bilatzailea