2016/08/16

Misio berria Alperdoko koban

13/8/2016 Gotzon, Antua, Zuto, Santi

Alperdoko koba nekagarrira joan gara, aurreko astean utzitako puntan urrunago joateko ahalegina egiteko. Helburua hauxe da, orain ezagutzen den azken ur-sifoia baino harago joatea, goragotik beste pasabideren bat topatuz.

Bidean ura edateko toki bat prestatu dugu. Bada estalagmita artean tantek betetzen duten potxingo bat, eta Lurgorriko San Lorenzo jaietan hartutako ontzia eroan dugu haraino apropos. San Lorentzoren iturria deitzen hasi gara lekuari. Ur trago edarra emon dogu hainbeste izerdi bota eta gero! Alperdok daukan gauza on bakarretakoa izan daiteke, hainbeste estutasun, gora igote, jaiste, eta konplikazioen artean.

Ondoren,  Aldapa Handiaren alboko galeria berrian ekin dogu gorantz; han ibili dira Antua eta Gotzon sokak jartzen tuboan. Zenbat eta gorago gauzak gaitzago bihurtzen joan dira; gaitzago eta ezatseginago. Izan be, horma guztiak basa edo lokatz  guztiz itsaskorraz estalita dagoz, eta gure jantzi, bota eta burdinei buztin zati itzelak inkau jakeez. Beste modu batean esanda, espeleologoen gogoa eta animorako akabua den leku bat da tuboaren azken tramoa. Haren goiko aldean leku handiagoa dago, basaz beteta hau be, eta gainean zabaldu beharreko estutasun batean itxi dogu. Zeozelako haize korrontea zetorren handik.

Kanpora irtenda ikusi dugu Alperdoko koban lortu den altuera handienera heldu garela, itsasoaren mailatik 200 metro inguruko nibelera. Gainera, ur-sifoiaren parera heldu gara, nahiz eta askoz be goragotik izan. Horregatik, beharbada, hor egon daiteke aurrera jarraitzeko aukera, batez be estutasunaren ostean barriro beherantz egiten badu eta errekaren nibelera jaitsi. Halan be,  tubo horrek kanpoko leize batekin konekta leike, eta horrela balitz ez litzateke albiste oso ona izango esplorazioarentzat.


Dana dala, hara joateko benetako gogoa behar da: gauzak apur bat luzatuz gero hurrengo esplorazioaren sartualdia 15 ordu ingurukoa izan  daiteke. Ea nortzuk animatzen diren misio hori hartzeko!




Barne bilatzailea