2016/09/11

Trilogiaren 25. Urteurrena

Part: Makina bat lagun!



Badira 25 urte Gotzon-ek Trilogia osatu zuela. Guk dakigula behintzat ez du oraindik inork errepikatu. Cueto-Coventosa-tik hasita, Caballos-Valle-tik pasata, Tonio-Cayuela gurutzatu eta gero, Cueva Cayuelatik irten zenean lagunen txaloak eta txanpana ugariak ziren. Trabesia bakoitzak behar du, espeleologo estandarrarentzako, egun bateko txangoa gutxienez. Gotzonek egun bat inguruan hirurak egin zituen. 




Santa Eufemiko merenderoan egin den parrilladan, zerbezak nagusi ziren. Espedizioetako bidoi urdinek ez zeukaten sokarik, zerbezak baino. Txorizoak ugari, sahieskia gainezka, gazta, menbriloa, patatak,...

Espeleo zaharrak, eta espeleo berriak batu gara. Zaharrak egin dituztenak kontatzen, eta gazteok egin behar ditugunak kontatzen, zaharren gidaritzapearekin. Trilogia eta Gotzon-i buruzko pankarta baten aurrean, txorizo erreak sortutako ke-behelaino burbuja baten inguruan, proiektu berriak nahastu dira proiektu zaharrekin. Abentura zaharrekin, eta abentura berriak egiteko gogoarekin.

Orain trilogia egin behar omen da, eta norbaitek bota du petardoa, aber beste norbait ausartzen den. Beste norbaitek dio Lea Artibai Trilogia egin behar dela (prestatu buzoa orduan, marroiak irtengo du eta,...). Egon da ere, Larra eta beste espedizioetatik bueltan, Arsip 18 ekarri duenik, eta Isabatik ehundaka kilometrotara dagoen Markinako karst baten gainean, Larra-ko planoa zabaldu duenik. Txingurriak ogi apurretara bezala, denok batu gara planoaren inguruan segituan, zerbezak eskuan, ametsak buruan.




Egingo ditugu gauza guzti horiek, horretaz ziur egon. Baina hori bai, esplorazio handi horietako galerietan goazen bitartean, bapatean galeria ederra paso estu-estu-estu eta zail baten itxi bazaigu, badakizue zein izango den denok esango dugun esaldia:

"Yo por aquí no paso, pero Gotzon sí".



Barne bilatzailea