240327-240401: Oier.
30. Euskal Espeleologia Jardunaldietan (Belagua). Plan orokorra: egunez prospekzio ibilaldiak, eta iluntzean aterpean (hitzaldiak eta elkarbizitza). Helburu nagusia, Illaminako Sistemaren sektore sakonaren lurrazala arakatzea, sarrera berri baten bila.
Niretzat, zonarekin izandako lehenengo kontaktu espeleologikoa izan da. Hori dela eta, mapa geologikoen gainean emandako azalpen zehatzei jaramon tamainan eginez, konformatu naiz lekua hobeto ezagutzen dutenen aginduetara ibiltzearekin, eta paisaia bikainak gozatzearekin.
Batzuk eguastenean etorri ziren, eta haiek eguen goizean prospekzioan aritu ziren. Ni neu, ostera, eguen goiza Zizurren elkarrizketatxo bat egiteko probestu dut (Javier, Julian Larunbe zenaren anaia) eta bertan kontu kontari aritzeko heldu naiz, lagunak agurtzeko eta Joseba AMETen hitzaldia entzuteko, landa-eremuak datuak hartzeko aplikazioei buruz.
Bariku goiza izan da, beraz, nire lehen jardunaldia. Lan eguna bezperan antolatzen da, eguraldi eta efektiboen arabera. 4 talde antolatu dira, eta gu Yeguaceros sektorera juan gara: Joseba AMET, Leire GAES, Mitxel Burumendi eta laurok, kareharrizko franjetako bat ikustea izan da gure lana. Puntu interesgarriak markatuz joan gara, eta nabarmenenak erreka bateko ura xurgatzen zuen hobi bat, eta horman 5 mtako altueran zegoen leiho bat izan dira. Joseba taldeburuak tracka eta puntuak jaso ditu, datu base konpartituan gordetzeko. Egun oso bustia, guardasolak erabili arren goitik behera blai iritsi gara aterpetxera. Eguneroko lanek eskatzen duten azpiegitura kontuak konpondu eta gero (arropa lehortzea, batez ere), arratsaldeko hitzaldia Agustin Chasco LET-eko kideak eman du, Larrako geologiari buruz.
Larunbat goizean, berriz, 5 talde osatzeko adina pertsona egon gara. Ni bizkor apuntatu naiz Bitxitoza arroilerako buelta egingo zuten taldeetan, baina gero beldurrez egon naiz, hanka sartu ez ote dudan: lekua urrun dago, eta handia da (bi talderen artean arakatu beharra zegoen). Halere, ez da hainbesterako izan: elurra dela eta, nahiko lan eman digu bertaraino ailegatzeak, eta Bittor taldeburuak erabaki du nahikoa zela horrekin, eta hobe zela beste egun batean prospekzioa egitera apropos etortzea; gaurko helburua batez ere lekua erakustea zen, hurrengo batean leku konkretuak begiratzea errazteko. Beraz, ingurumenaz gozatzera eta argazkiak hartzera mugatu naiz; pozik, besteen erritmoari ondo eutsi ahal izan diodalako, eta ikuspegiak bikainak zirelako, prezipitaziorik gabe. Gure taldean Bittor Satorrak, Sara GAES, Igone GEMA eta laurok; eta bestean, Iker GEMA, Iñaki GAES eta Ibone GAES joan dira. Arratsaldean, justu-justu ailegatu gara nik neuk hitzaldia eman ahal izateko, Felix Ruiz de Arkauteri buruz. Ostean, estresa kenduta, afari ostea parranda eta kantuekin luzatu da!
Domeka goizean, euri pixka bat emanda zegoen. Pixka bat... potroak! Goiz osoan ez digu bakerik eman, eta gaur tokatu zaigun lana baso-basoan ibiltzea izan denez (ezpela nagusiki), barikuan baino are bustiago amaitu dugu, eta hori gutxi balitz, haize ultra hotzarekin “gozatuta”. Miatu beharreko lekua miatu dugu behintzat, ondo gure ustez, eta eguerdirako amaitua genuen. Hotzarekin gauza gehiago begiratzeko gogo barik, inoiz baino goizen, bizkorren eta izoztuen iritsi gara aterpetxera, eta gorputza berotzea izan da lehenengo lana. Arratsalde luzea izan dugu beraz, baina entreteniturik izan gara (kantuak, kartak, siestak) harik eta gaurko hitzaldiaren ordua iritsi arte: Bittor bera, Larrako aurkezpena, ikuspegi historikoarekin -zelako film irudiak!- eta noski, Illaminako Sistemaren azalpen sakonarekin. Azken afaria gero, patxaran barik, balorazio bilera zetorren eta! Jardunaldien ikuspegi anitzak partekatu dira, batzuk oso interesgarriak, Veronica GAESek eginikoa bezala; horrelako ekimenei berrekiteak balioko al du, urrunduegi ibili diren taldeak hurbiltzeko? Hala bedi.
Izan ere, astelehen goizean, gauzak bildu eta aterpetxea hustutzeko lana etorri da; ez txikia! Gero, bortüz gaindi -izotz eta guzti- Santa Graziraino jeitsi gara, La Vernarako bisitaldia egitea. ARSIPekoekin adostuta eta Elixalt aterpetxean giltza hartuta, librean egin dugu; Chevalier gelara igotzeko baimena bagenuen ere, ez dugu egin, pasarelakoak denbora gehiegi zain ez edukitzearren; batzuk, halere, Galleten Hondartzaraino jeitsi dira, goitiko ikuspegi ederra emanez. Turista batzuekin ere kointziditu dugu, beraz haiendako iziotutako argiak ere gozatu ditugu, pozik. Nik, Jardunaldiotako laginketa bioespeleologiko bakarra egiteko aprobetxatu dut! Baina zer eta, ez dut ale bakarra ere jaso. Leire Maiztegi eta Igone Usandizaga ikasleek ez bezala! Bien artean hiruzpalau kolenbolo ikusi eta harrapatu baitituzte, Pseudosinella itxurakoak. Badute gaitasuna, eta kuriositatea!
Horrenbestez amaitu dira bada, 13 urte luzeko etenaldiaren ostean eginiko Euskal Espeleologia Jardunaldiak. Illaminako Sistemaren sarrera berririk aurkitzeko balio izan ez badigute ere, jendea pozik sumatu dut jardunaldietan zehar, eta amaierako zapore onarekin. Horrelakoak egitea merezi duela argi erakusten du horrek! Txalo bero bat antolatzen ibili den taldeari!
EEE-ren webgunean balorazioa eta argazki sorta handia.
No hay comentarios:
Publicar un comentario