240323: Josu, Antua, Gotzon, Oier.
UB-026 Iturritza III, argazki lanak. Bigarren saiakera izan da, duela egun gutxi beste bat egin baitzen helburu berdinarekin, baina ur gehiegi zetorrela eta errepikatu beharra izan dugu. 5 personatarako expedizioa prestatua genuen, baina azkenean 4ron artean mugitu behar izan dugu dena. 10:00etatik 18:00ak arte, jardunaldi gogorra izan da!
Leku berezia da Iturritza III leizea. Gure zonako sakonenetako bat izateaz gain, historikoa ere bada -Euskal Espeleo Laguntzaren mugarria-, eta duela 15 urte eginiko azken ikustaldian (hemen eta hemen), istripuaren aztarnak aurkitu genituen. “Zaborra” kendu genuen, baina zenbait gauza xelebre lagata: Maderas de Lekeitio gelan (Gerardo uretatik kanpo mantentzeko erabili ziren oholak, lantegi horretan neurrira ebakita) eta Gernikako Industria gelan (Astrako pistola-kainoiakin eginiko buriladorea, eta Dalia kutxarilla). Bertan laga ditugu, 1991etan bizi izandako odisearen oroigarri. Leizea berezia egiten duen beste motibo bat bere iluntasuna da, beldur pixka bat ere ematen duena; eta Ezpataren Putzuari izena ematen dioten tsingy zorrotza, kontuz ez dabilenari min emateko modukoa.
Bere garaian, andaluziarrek sarrerako arrakala estua ireki bazuten ere, jarraian dagoen katazuloari nahikoa zabala iritzi zitzaion, eta bere horretan utzi zen; gaurkoan, lehenengo lana hor espatula lan pixkat egitea izan da, taldekide guztiak pasatu ahal izan gaitezen. Ostean, instalazio fitxan dauden akats batzuekin konturatu gara (zorionez, “badaezpadako” materiala generaman), eta beste 3rak beheraino jaitsi dira, ni Hiru Pertsonatako Erlaitzean geldituz. Prestatu direnean, Gotzon bertaraino igo da flash batekin, eta ni Ezpataren Penduloraino jaitsi naiz, monigote izateko. Egin dugu, eta gora. Gogorra izan da: Ezpatarena p102 bat da, eta goiko Putzu Akustikoa berriz p50a, eta batez ere azken hau igotzea asko, asko, asko kostatu zait bi petaterekin. Efektu xelebre bat gertatzen da bertan: bere formarengatik seguraski -behean zabala, goian estua- behetik gorako transmisio perfektua gertatzen da, 50 metro beherago dagoen jendea ondo-ondoan bazenu bezala entzunez; efektua ez da alderantziz gertatzen, behekoek urrun entzuten zaituzte, baina berba egin daiteke halere. Ezpataren Putzuan ez bezala: hor, gertatuko zen komunikazio arazoaren jakitun, Josuk eta Gotzonek walkie-talkiez eraman dituzte, elkar ulertu ahal izateko.
Nola ez, gaur argiztapen sistema eta ikuspegi espeleologiko berriak erabili ditugu leizeari beste ikuspegitik begiratzeko. Oraindik ez dakigu Iturritza III hidrologikoki Lea edo Artibai arrotakoa den; baina hondoko arrakalak gaur haize nabarmena zuen; eta gorakoan, begiratzeke zegoen leihatiletako bat ere esploratu dute (beste bat gelditzen da). Beraz, hipotesiak dantzan dabiltza, eta gogoa eta adorea duenak badu hemen zer ikertu, eta kanpoan non prospektatu (Iturritza “Iturtze”, Soloaga “Solua”, Kortabitarte...).
Gernikako Industria gelatik katazuloraino itzultzea ere ez da gozoa izan, behetik gorako nekeari gero eta beteago zetozen petateak gehitzen baitzitzaizkion; baina egin dugu. Parte sakonean kokorik ez baitut ikusi, katazuloa pasatu eta gero (nik uste nuena baino errazago) osteko gelan aritu naiz laginak hartzen: Lithobius 1, 3 Ischyropsalis, Tegenaria 1. Hortik, Andaluzen Arrakalan gora joan gara (jaistea baino zailagoa, horregatik!) eta egunaren azken eguzki izpietan iritsi gara kanpora, lehertuta baina pozik. Nik behintzat, bihar ukondoetako muskuloetan badakit agujeta ederrak izango ditudala!
2024/03/24
Iturtzera bueltan
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario