2016/05/08

“Karlista txikiaren” lezia topatu ete da?

Lehen ekipoa: Idoia, Martin I., Unai. Bigarren ekipoa: Antua, Gotzon, Martin U., Santi


Gizaburuagan kontetan dabie zelan gerra karlisten denboran bazala soldadu karlista bat goikoen agindu espeziala jaso ebana. Lekeitiotik Gernikara mando bat eroan behar eban 200 kiloko karga hartuta mendian zehar. Izan be, Lekeitiotik Gernikarako bidea liberalek hartuta egoan, eta ez eukien beste modurik  holan egitea baino Gernika inguruetan ebiltzanei laguntzeko. Bizkorra eta txikia zalako “karlista txikia” deitzen eutsien soldadu bateri agindu eutsoen zeregina. Soldadua paraje haietakoa zan, eta Lekeitiotik Gernikara artean egozan baso, artadi eta atxarte guztiak edarto ezagutzen ebazan.

Baina, “karlista txikia” ez zan inoz heldu bere helmugara. Inork ez daki zer jazo jakon, baina antzinakoek esaten ebien Urruxola baserri inguruko lekuren baten bide guztiz ezkutuetatik joateko ahaleginetan ibili zala eta leze batera jausi zala mando eta guzti.

Zapatu honetan, atxerijakuen alkarteko hiru kide Olabarriko lezera joan diran bitartean (Idoia,Martin I. eta Unai), beste lau lagun Urruxola ondoko Menditxiki atzean dagoen Arnabala lezera abiatu gara (Antua, Gotzon Martin U. eta Santi). Sarrera ikaragarria daukan leze hori hobeto begiratzea izan da helburua. Gure buruan ideia hori ebilen, beharbada ha izango zala soldadu karlista jausiriko lekua, eta hobeto begiratu behar zala azpia. Antua barruko zirrikituetan ibili dan bitartean, besteok inguruak arakatzen ibili gara hango hatxeria eta erripetan, eta leze barri bi topatu doguz. Kanpora urten dauenean, Antuak esan dau karlistaren kontua leienda hutsa dala eta han barruan ez dagoela ezelako hondakinik.


Beste lezeak esploratzera joan gara, “galtzerdi” bi izango ziran konbentzimendu osoaz. Batak ia guztiz zarratuta eukan ahoa. Bloke handi batzuk kenduta, beherantz joan gara 25 bat metro, eta beste 10-15 itxi doguz bajatu barik, apur bat zabaldu egin behar dalako. Handik urten eta beste “galtzerdirantz” abiatu gara.

Pinudi bateko belartzan egoan sarrera, metro bi zabalerako tubo biribila, tranpa handi baten modukoa handik konturatu barik pasatu al dan edonorentzat. Antuak lotu deutso soka pinuari eta jaurti egin dau zulora. Gotzonek orduan, “no ha llegado al suelo”. Ez deutsagu kasurik egin, ezin zan egon han 30 metro baino luzera handiagoko putzurik. Baina Antua sarreraren hegalean eskegita behera begira jarri danean, “no llega al suelo” esan du harriduraz. “Ves, ya lo decía yo” Gotzonek, “nunca me hacéis caso!. Saka baten eman deutsagu beste soka bat, eta han joan da beherantz horman anklaje bat jarrita. 20 metro inguru jaitsi dituenean oihuka hasi da, “tenéis que bajar, esto es muy grande”. Ez deutsagu kasu larregirik egin.  Azpira heldu da, eta denbora baten ostean zarataka hasi da, “no me creéis o qué? Esto es grande en serio. A ver si bajáis”.

Neu nintzen burdinak nituen bakarra, eta han joan naiz. Hasierako tuboaren hegalean hankak hormaren kontra jarrita eskegita jarri naizenean, benetan inpresioa hartu dut. Urrun ikusten nuen Antua, neure oinen azpian. Bai, berak esan bezala, serioan hartu beharreko putzua zan. Joan naz geldiro-geldiro tuboan beherantz, eta 15-20 metro inguru jaitsita bapaten tuboa amaitu egin da: sala handi baten bobedan nengoan. Berehala etorri jat burura Karrantzako Karlistaren leizea, eta baita bere Gizaburuagako “karlista txikia” mando eta guzti galdu zaneko kontakizuna.

Beherantz jaitsi ahala, ikusten zan salaren zorua guztiz kaotikoa zala, bloke itzelez eta euren arteko ebaki sakonez betetako lekua. Sokaren basea sala-zoruaren nibela baino 6 bat metro beherago dago. Hantxe ibili da Antua hurrengo putzua jaisteko anklajea jartzen. Ikusi dot gengozan zuloaren alde batetik igon egin ahal zala salaren nibelera, eta horixe egin dot. Une hartan seguru nengoan haxe zala “karlista txikia” bere mando eta guzti  eroritako lekua, eta hango haitz apurtuetan gora eta behera ibili naz edozein lekutan hondakinen bat noz aurkituko. Tetxutik jausitako bloke handiak dagoz, eta heuren ganeko estalagmitak, nahiz eta zutunik egon, apurtuta; beraz kontuz ibili behar da formazioei oratuta gora edo behera joateko.  

Antua bueltan etorri da, bigarren putzuaren hondora helduta. Topografia egiten hasi gara. Funtsean koba ipar-hegoa direkzioa daroan fraktura batean dago. Horrexen zabalera handienean dago sala, eta direkzio batera eta bestera luzatu egiten da. Salaren erdia neurtu dugu, eta alde honetan albo baterantz doan konduktua esploratu barik itxi. Salaren beste aldea ez dugu begiratu ere egin. Horretarako sokarekin azpiraino heldu orduko pendulu bat egin behar da. Seguru nago hantxe egongo direla karlista txikiaren hondakinak.

Urten eta bueltan, karlista txikiaren kontuekaz barriketan joan gara pozik Urruxolarantz, aldatzean nibel bardinetik, eta beste leze bat aurkitu dogu bide ganean. Hare-harrian zabaltzen izan da, eta ha be beheraino jaitsi barik itxi dogu, anklajeak amaituta. 30 metro inguru behintzat badekoz. Topatu doguzan zulo guztiak gitxi gorabehera nibel bardintsuan dagoz, eta horrek inguru horretan elementu geologiko bereziren bat dagoela emon leike adituten. 


Egun fenomenoa izan da. Batez be, hirugarren leziak emon deusku kotxeetarako bueltan barriketarakoa gai handiena: Karlista txikiaren lezia ete da? 



Barne bilatzailea