Artikulu hau Pyrenaica aldizkarirako
idatzi dugu (266 zenbakia, 2017ko lehena). Paperezko edizioan hainbat errata agertu
direnez (ez guk eginak), testu zuzena hemen argitaratzea erabaki dugu. Gehigarri bezala, mezu honetan hainbat material inedito aurkezten dizuegu: galeria desberdinetako argazkiak, eta Armintxeko topografia eguneratua (A3 bertsio osoa, alegia: Pyrenaicakoa bertsio txiki sinplifikatua baita).
Armintxe kobazuloaren topografia eguneratua (2017-III-15 fetxara arte ikertu ditugun galeriak; esplorazioa etenda baitago)
Armintxeko labar-artearen aurkikuntza (Lekeitio)
Armintxeko labar-artearen aurkikuntza (Lekeitio)
Lekeitioko herria
kareharrizko eremuan kokatua dago, eta bertan hogei harpetik gora katalogatuak
daude. Lekeitiarrak betidanik bizi izan dira koba artean: gaur egungoak umetan lurpean
jolastu izan duten bezala, duela 14.000 urtekoak ere bertan babesten ziren
kanpoko bisonte, hartz eta lehoiengandik. Aurten aurkitutako Armintxeko
labar-arte multzo deigarriak, eskualdeko besteekin batera, Lea ibarra Europa
mailako erreferentziazko eskualdea bihurtu dute Paleolitoko artearen arloan.
Armintxeko muinoa XX gizaldi hasieran
eta gaur egunean. Irudiak: Lekeitioko Udal Artxiboa / ADES
Detektibe lana
Armintxeko
aurkikuntza ez da erraza izan: grabatuak aurkitu baino lehen, harpea bera
aurkitu behar izan da; urbanizazio lanen ondorioz desagertua baitzegoen.
Lehenengo hari
soltea 2008an aurkitu genuen udal artxiboan, urei buruzko 1796ko txosten batean:
“He estado en la cueba o gruta de Arbiach
(Arbiatx, Arbeatx, Arbintze... toponimo beraren aldaerak dira) por la que al parecer corre bastante
cantidad de agua, pero a una profundidad tan grande, como que desde el parage
donde corre la agua, asta la entrada de la gruta, ai sobre ochenta pies de
altura...”. Jendeak kontatzen zigun auzoan kobazulo asko zeudela, eta
haietako batek leize handia zuela barruan, ausartenek sokaz jaisten zutena. Gure
aurreko GEV-ek ere (Grupo Espeleológico Vizcaíno) 1968an argitaratutako
katalogokoan deskribapen horrekin bat zetorren erreferentzia bazuen, 796. zenbakiarekin.
Auzotarren esanetan koba-leize hau urte gutxi lehenago desagertu zen: Larrotegi
auzotik Letraukuara igotzeko oinezko bidea egitean estali zuten, barruan inolako
azterketarik egin barik. 2013an, lekukoetako batek kobazuloa zegoen tokia
zehazki seinalatu zigun; bertan, buxatutako galeria baten arrastoak aurkitu genituen.
Lekua katalogatu genuen, baina kasu handirik egin gabe: horrelako dozenaka zulo
ditugu begiratzeko zain.
Azken urteetan
gure eskualdean eginiko aurkikuntzen ostean, ordea, Armintxe inguruko interesa
berpiztu zitzaigun. Koban sartzea erabaki genuen; eta zerbait azal zitekeen
susmoa genuenez, AGIRI arkeologia elkarteko lagunak gonbidatu genituen.
Maiatzaren 1a. ADES-ekoak Armintxeko
sarrera desobstruitzen, AGIRI-koen presentzian
Maiatzaren 1eko aurkikuntza
Lan gogorra
aurreikusten zenez, jende asko bildu ginen. Lehenengoa lurra, harriak, hormigoi
zatiak ateratzea izan zen; pasabide estua irekita, galeria handi baten sabaian
agertu ginen, hondakinen piramide erraldoiaren erpinean. Eskuin aldera joanda, leize
“beldurgarri” hura ere aurkitu genuen, soka lodi eta guzti. Ezker aldera
joanda, berriz, 6-7 tonako Hondakinen Piramidean behera jaitsiz, Erreka
Buxatuaren Galeriara ailegatu ginen (ikus mapa topografikoa); zorionez, eskonbroak
ez ziren horraino ailegatu eta esplorazioarekin ohi bezala jarraitu ahal izan
genuen: lehenengoak, bide posibleak aztertuz eta besteei bidea erakutsiz; hurrengoak,
esploratutakoaren topografia eginaz; besteak, galerien argazkiak hartuz; beste
batzuek laginak bilduz; besteak, hormak miatuz... Egun horretako jardunak oso
ondo adierazten du espeleologoon lan egiteko modua, eta edozein aurkikuntza talde
lanaren ondorioa izaten dela. Felix Ruiz de Arkaute espeleologoak ederto
laburbildu zuenez, “kate-maila ez da
deus: kate osoa da beharrezkoa”.
Aurkikuntzaren
unea oso bitxia izan zen, emozio nahastuekin: poza, eta ardura. Lehen unetik
konturatu ginen grabatuetako batzuk ezohizkoak zirela. Gutako batzuk grafikoki adierazi
duten legez, une hartan batez ere “handik
korrika ateratzeko gogoa” sentitu genuen; nolabait, santutegi bat
profanatzen ariko bagina bezala. AGIRI-ko arkeologoa bertara eraman genuenean
gure usteak berretsi zituen, eta esplorazioa bertan behera uztea erabaki zen;
argazkiak hartu eta gero, kontu handiz, kanpora atera ginen. Egun hartan ginen
zazpi lagunetatik, gehienak ez gara gela hartara berriro itzuli.
ADES Galeriaren ikuspegia, grabatuen panel
nagusitik Galazotako Gelara begira
Esplorazioa
Shockaren ostean,
lanarekin kontu handiz jarraitu beharra zegoen. Egunean bertan hainbat datu
jaso genituen, besteak beste euri denboretan Erreka Buxatuaren Galeria urez
betetzen zela (kobako sarreratik -1. mailan). Maiatza osoan ez ginen Armintxera
bueltatu, Lekeitioko Udalak atea jarri zuen arte. Hortik aurrera, lehenengo bisitak
arkeologoekin egin genituen, Panelaren Gelaren lehen azterketa egiteko.
Erreka Buxatuaren Galeria. Urrunean,
Hondakinen Piramidea jaisteko zurubia
Hortik aurrerako
esplorazioetarako protokolo zorrotza ezarri genuen: lana talde txiki batek egingo
zuen (bihotzeko minez, ADES-eko hainbat kide kanpoan utzi behar izan genituen);
saio bakoitzaren denbora kontrolatuko zen, kobaren sektore bakoitzean
pasatutako minutuak zehaztuz; Panelaren Gelara ez zen berriro inor sartuko,
espezialistak laguntzera ez bazen (Armintxe esploratzen ari den taldeko kide
batzuk ez dute oraindik gela ikusi).
XIX gizaldiko presa
Ekainaren 25ean
berrekin genion esploratzeari. Putzuz putzu, -2. mailaraino jaitsi ginen eta, lokatzetan
belaunetaraino sartuak, gauza harrigarria aurkitu genuen: presa bat. Zertarako
behar da presa bat urez goraino betetzen den solairu batean? Hari muturrak
lotzen hasi ginen: presa honen eraikuntza 1796ko txostenaren ondorioa izan zitekeen.
Egun berean, Hondo Bako Galerian (-1. mailan, baina eskonbro piramidearen
bestaldean) lehen grabatua aurkitu genuen: Zaldi Bakartia, uretatik ozta-oztan
libratua (uraren maila horman markatua zegoen), zulo txiki batera begira. Zulo
horretatik gela bat ikus zitekeen, eta jarraian galeria bat (ADES Galeria). Unean
bertan konturatu ginenez, gela berria Panelaren Gelaren jarraipena zen, eta beraz
grabatu gehiago izan zitzakeen. Horretara, hormak eta zorua ez ukitzearren, tentaldiari
eutsi eta “gela debekatua” izendatu genuen (Galazotako Gela), esplorazioa
arkeologoekin etorri arte atzeratuz. Uste dut anekdota horrek ondo adierazten
duela ADES Elkartekoen lan egiteko prozedura.
Grabatuen
aurkikuntza bezala, hurrengo esplorazio saioak ere asteburutan egin genituen, gu
ez garelako honetatik bizi. Erreferentzia bezala, jakizue Armintxeko
espeleologoen artean adreilugilea, hiru suhiltzaile, hojalateroa, sukaldaria, kazetaria,
delineantea, bi geografo, abokatua eta
hiru irakasle gaudela. Egun horietan lan asko egin genituen: ur
korronteak identifikatzen hasi; haien norabideen anomaliak detektatu; kobaren beste
sektoreak esploratu eta topografiatu; aztarnategi paleontologikoak lokalizatu; argazkiak
eta bideoak hartu; haize-errota hidrauliko baten arrastoak identifikatu; lagin
biologikoak jaso; eta, garrantzitsuena, grabatuak arriskuan jartzen ari den
arazo hidrologikoa ikertu. Gainera, Armintxeko azterketa geomorfologikoan ari
ginela, beste sorpresa bat hartu genuen: oraingoan, zeharo etsigarria.
Izan ere, abuztuaren
2tik aurrera, Hondo Bako Galeria ere grabatuz beteta zegoela konturatzen hasi ginen.
Irudi batzuk bereizteko gai izan baginen ere (gehienak zaldiak), beste irudi
asko ezin izan genituen identifikatu: animali zatiak, lerro solteak... Denak
inundazio mailaren azpian zeuden, lokatzarekin desitxuratuak; horregatik ez
genituen lehen egunetan ikusi. Beraz, aurrerantzean Panelaren Gelan hartutako
babes neurriak kobaren sektore honetara zabaldu genituen: aztarnak uste baino
ugariagoak dira, eta edozein lekutan ager daitezke.
Hondo Bako Galerian irudiak hartzen
Arazoak
Azken esplorazio
saioa irailean egin genuen, eta artikulu hau idazteko unean lanak etenda daude,
instituzioekin izandako tirabira batzuek tarteko. Arazoaren funtsean afizionatu eta profesional kontzeptuen gaizkiulertua dago; horrelako aurkikuntzen
aurrean, espeleologoon papera gutxiesteko joera dago, gure profesionaltasun
faltaren aitzakian. Baina kontuan har dezagun karstaren diziplina guztiak
biltzen dituen profesionalik ez dagoela. Espezialistek, definizioz, arlo
bakarra menperatu ohi dute: karsta ikertzen duten beste diziplinetan ez dira
oso trebeak izaten. Egoera tamalgarriak ere ezagutu ditugu honen ondorioz: kobazulo
batean lan arkeologikoak hastea, bertako faunari kalte izugarria eginda; edo
labar-arte panel bat azken belaunaldiko eskanerrarekin jasotzea, lurzoruko
aztarnategia zapalduz eta desitxuratuz. Profesionala izateak, berez, ez baitu lana
ondo egitea bermatzen.
Ostera, espeleologo
afizionatuen artean karstaren arlo guztietako espezialistak aurkitzen ditugu:
izan ogibidez, izan autodidakta bezala, espeleologia taldeetan karstaren
inguruan biltzen diren diziplina guztiak batera
jorratzeko gaitasuna dugu. Gainera, norbere taldean arlo konkretu bateko
espezialistarik ez dagoenean, beste taldeetako geologo, biologo, hidrologo edo
arkeologoak etortzen dira azterketan laguntzera. Kolaborazio hauek ohizkoak
dira espeleologoen artean, eta emaitzak talde profesionalen parekoak izan
daitezke, hobeak ez direnean.
Utz ditzagun
baina arazo diplomatikoak alde batera, Armintxen identifikatu ditugun bi arazo
nagusiak azaltzeko.
Arazo hidrologikoa
Armintxeko
muinoak kareharrizko multzoen egitura mailakatu tipikoa erakusten du: gaur
egunean bost solairu ezagutzen ditugu. Zaharrena gorengo mailakoa da, duela ehunka
mila urte urak irekia; harria higatu ahala, erreka gero eta beherago jaitsi da.
Gaur egunean ur korrontea -4. solairuan aurkitzen dugu, 8 m-tako altueran (itsasoa
erreferentziatzat hartuta). Paleolitoan ere horrela zen, eta egoera ez da modu
esanguratsuan aldatu duela 200 urte inguru arte.
Ikerketa amaitu barik
ondorio finkorik atera ezin den arren, urte hauetan arazoa sortu duten hainbat
faktore seinalatu ditzakegu: 1800ko presa (uraren ibilbidea geldotuz
sedimentazio prozesua hasi zuena); 1950 hamarkadan, hezkuntza eta kirol
instalazioen eta Aldamiz-Etxebarria auzunearen eraikuntza (Audijo galeriako erreka
agortu zuena); 2000 urtean, Atea kalean obrak (lurrazpiko ubidea estali zutena,
eskolen ondoko uholde arazoei hasiera emanaz); 2001ean, Larrotegitik Letraukuarako
oinezko bide berria (Erreka Buxatuaren Galeria eskonbroz bete zuena); eta Garavilla
Galeria buxatu duten eraso desberdinak (80 hamarkadan Letraukuako dorreen
estolderia, eta 2008an garajeen eraikuntza).
Armintxeko uren isurketa puntuak X horiz
seinalatuak: naturala (ibaian) eta eskoletako uholdeena. Obrek buxatutako
tartea berdez markatua.
Faktore hauen
ondorioz, gaur egunean Armintxeko galeria nagusiaren ur-zirkulazioa larriki
oztopatua dago; euri denboretan altuera normala gutxienez 20 m-tan gainditzen
du. Honek sedimentuen pilaketa-erritmoa areagotzen du, uraren maila Audijo
galeriaraino jasoz (15 m) eta, antzinako korrontearen norabidea inbertituta,
muinoaren beste aldetik ateraraziz (hauxe da eskola ondoko uholdeen arrazoia).
Audijo galeria. Goiko espeleologoa
sedimentuen tapoiaren gainetik pasatzen ari da.
Audijo galeria
jada sedimentuz betea dagoenez, ur korrontearen abiadura oraindik gehiago jaisten
da, sedimentuen pilaketa erritmoa are gehiago jasoz. Gurpil zoro honen amaiera
kolapsoa da: galeria erabat ixtea, alegia (beste sektoreetan jada gertatu den
bezala). Karst batean urari eustea ezinezkoa denez, zalantza barik erresistentzia
gutxiko arrakala edo pitzadurak aurkituko ditu, gutxien uste dugun lekutik
atera arte. Hau Lekeitioko herriarendako erruleta errusiarra bezalakoa da, eta
kalteak ezin dira aurreikusi: uholdeak, lekuz kanpoko isurketak, luiziak,
hondoratzeak...
Ondarearen arazoa
Horraino
arazoaren alde hidrologiko hutsa. Arkeologia arlora itzuliz, ondorioak begi-bistakoak
dira; 2000 urtera arte, Hondo Bako Galeriako labar-grabatuak Panelaren Gelakoak
bezain ongi ikusiko ziren seguraski. Baina Armintxeko kobak izan duen
etengabeko eraso urbanistikoen eraginez, uraren maila gero eta gorago igo da
eta, gaur egunean, urtero-urtero, Hondo Bako Galeria urpean gelditzen da; ur
lohituak daraman lokatza, poliki-poliki, artelanak hondatzen ari da. Egoerari nolabaiteko
soluzioa eman ezean definitiboki galduko ditugu, eta ziur aski ura Panelaren
Gelako grabatuetaraino ailegatuko da, mundu osoan ospetsu bihurtu diren artelan
hauek ere suntsituz.
Ondorio moduan
Gizakiaren
eraginez, Armintxeko labar-grabatuen multzoa desagertzeko zorian dago. Oraindik
zati handi bat salba daiteke, urari aterabidea eman ezkero. Halere, horretarako
ezinbestekoa da Armintxeko muino osoaren hidrogeologia aztertzea; ADES
Elkarteak horretarako borondatea eta gaitasuna du.
Egoera hau
negligentzia kate luzearen ondorioa da, eta irakaspen argia ateratzeko erabili
beharko genuke: karst batean, edozein
obra egin aurretik, azterketa espeleologikoa egin behar dela. Legeak
agintzen duen bezala.
Panel Nagusia
*****************************
Oier Gorosabel
Larrañaga
ADES Espeleologia
Elkartea (Gernika-Lumo)
Espeleologoak iheskor xamarrak badira ere, Oier
Gorosabel (Eibar, 1972) burugogorra da eta 2005 urtean ADES-en sartzea lortu zuen.
Halere, kobazuloetako pasabide estuak eta bera ez dira ongi konpontzen;
horrelakoetan, puntako lagunen atzetik joan ohi da lagin biologikoak jasotzen.
Euskal espeleologiaren historia ere ikertzen ari da.
Gehiago jakiteko :
- Arazoaren azalpen sakonagoa, eta haren konponketa eragozten ari den korapilo diplomatikoa : http://actualid-ades.blogspot.com/2017/06/armintxe-korapilo-arkeologikoa.html
- Korapilo diplomatiko horren detaile esanguratsu bat : http://saguzarrak.blogspot.com/2018/05/faktore-pertsonala-armintxen.html
- Bizkaiko Foru Aldundiaren kudeaketa erratikoa: http://saguzarrak.blogspot.com/2018/03/aldundia-planifikazioa-ala-inprobisazioa.html
- Espeleologoon “profesionaltasunari” buruz http://saguzarrak.blogspot.com/2018/01/profesionales.html
- Espeleologoon papera labar-arte santutegi sakonetan. http://actualid-ades.blogspot.com/2017/05/armintxe-lurpeko-iraultza-isila.html
- Uholdeetako portaeraren erakusgarri grafikoa : https://saguzarrak.blogspot.com/2018/07/armintxeko-limnigrafo-publikoa-2018-vii.html?m=0
- Video de la surgencia de las Escuelas Públicas de Lekeitio, que se activa cuando el nivel de agua de Armintxe sobrepasa los 17 metros. http://saguzarrak.blogspot.com/2018/07/armintxeko-limnigrafo-publikoa-2018-vii.html
- El Correo (zaborra eta uholdeei buruzko albistea): https://saguzarrak.blogspot.com/2018/11/la-acumulacion-de-agua-y-basura-amenaza.html
- Armintxeko lanen aurkezpen publikoari erantzuna: https://saguzarrak.blogspot.com/2018/11/replica-la-comparecencia-sobre-armintxe.html
1 comentario:
Zorionak:
Lan eta testu bikaina egin dituzue. dibulgaziorako Pyrinaica hautaketa ona dela iruditzen zait.
Zorionak berriro ere! (dena den, segi Asteroko Kronikiek bizkaiera itxian idatzen, arren.
Koldo Los Arcos
Satorrak
Publicar un comentario