2018/08/24

Larrako lehen esploratzaileen ametsen artetik: C 50 – La Verna trabesia


2018-08-22: Zuriñe, Silvia, Joanes (Otxola); Zutoia, Santi (Ades)

Abuztuaren 22an Larran lurpeko trabesia gogoangarria egiteko zoria izan dugu: C 50 leizetik sartu eta La Verna  salatik irten. Otxolako kideek gonbidaturik Zutoia eta biok trabesia egitera apuntatu gara. 

Trabesiak errespeto handia sortzen zigun. Lehen tramoan 308 metro sakonerako C 50 leizea jaitsi behar da, ondoren 300 metrotako meandroa zeharkatu, eta Kainoi Handitik aurrerako ur hotzetatik joan Haizearen Tuneleraino. Handik aurrera haitz blokez beteriko sala erraldoietatik jarraitu behar da. Biok erabaki bat hartu dugu: hotzaren kontrako segurtasunaren aurretik ekipoaren arintasuna lehenestea, pisu gutxiago eramateko eta mobilitate handiagoa izateko. Horregatik, bi milimetroko neoprenoarekin joatea pentsatu dugu. Normalean jendea 4 edo 5ekoarekin joaten da. Saka txikia hartu dugu, eta ahal denik gauza gutxien sartu, baina oinarrizkoenak direnak ahaztu gabe. Erabaki hauek hartzerakoan funtsezkoak izan dira Diego Dulanto lagun medikuak eman dizkigun indikazio eta gomendioak, bera astebete lehenago izan baita trabesia berbera egiten.

Goizeko 11etan hasi gara leizea jaisten. Garbia da, hainbat jauziz osatua, horma leunez betea, eta putzuak elkarren artean konektatzeko meandro zatiek ez dute estu-une handirik. Leizearen arriskurik handiena harrien erorketa da. Komeni da distantzia bat uztea esploratzaileen artean segurtasuna bermatzeko. Azken putzua 100 metrotakoa da jauzi desberdinetan banatua. Hauetako azkenera joateko pendulua dago, eta Zutoiak arazotxo batzuk izan ditu pasatzeko, baina, paso hura gainditurik, nahikoa azkar heldu gara behera. Handik aurrera meandroa hasten da. Normalean uste izaten da galeria guztiak soberaz zabalak direla, eta meandro horrekin topo egiteak susto ederra eman dezake. Zorionez, horretaz jakinaren gainean geunden, eta bagenekien pazientziaz hartu beharra zegoela. Meandroan joateko ibilbide egokiena honela banatzen da: lehen zatian, 100 metro inguru, behetik joaten zara denbora osoan; ondoren meandroaren erdialdetik joan behar da, 150 metro inguruan; eta azken 50 metroetan berriro behera egin behar da. Poztasuna hartzen duzu handik irtenda Kainoi Handian amaitzen duzunean. 

Neoprenozko trajea jantzita, ondoren galeria aktibo eta fosiletatik egin behar da aurrera. Gurutzatu behar dira Kanoia, Marmiten galeria, Kornisa handia, La Hidalgaren diaklasa, Vianako Printzearen galeria, eta Haizearen Tunela, errespeto handiena ematen duen zatia, urak sakonak direlako. 3 graduko ur haietatik igerian joan behar bada, 5 mm-ko neopreno lodia behar da. Baina tetxuan jarrita dagoen soka batetik tiraka, nahikoa azkar heltzen zara beste aldera.

Eskerrak horri, ze benetan hotz handia nabaritu dut nire 2 mm-ko neoprenoarekin, eta poz handia hartu azken zatian dagoen haitz laura heldu naizenean; berriro martxan hasita tenplea berreskuratu dut azkar. Ondoren, Aragonitoaren gelan zeozer jateko eta edateko geratu gara. Neoprenozko trajea jantzi ohikoez aldatu, eta alkoholezko sutan salda apur bat egin dugu, eta ondoren kafesne bat, horretarako generamatzan hautsak errekan hartutako urari gehituta. Zutoia hotzez dardarka ari zen. Otxolako kideak, gu baino prestatuago, bakoitza pontxo bat gainean zutela goxo-goxo zeuden. Guk ere bagenituen manta termikoak, baina ez ginen haiek desenpaketatzen hasiko. Uretatik joan beharreko zatia amaitua zen, eta lasai geunden. Bagenekien ondorengo martxak berehala berotuko gintuela. 



Handik aurrera San Martin Harriko sistemaren sala erraldoiak gurutzatu behar izan ditugu, gora eta behera bloke itzelen artetik, lurzoru izugarri kaotikotik. Horietako lehena Nafarroa sala da. Gure gidariek bazekiten aurretiaz joandako taldea galduta ibili zela sala horretan, eta fintasun handiz bide egokia bilatzen aritu dira. Nafarroa salatik Lepineux-en salara heltzeko bidea harrigarria da eta oso kontuz ibili behar da bi salak behetik gora lotzen dituen arrakala estua aurkitzeko. Soka dago jarrita, baina lehen momentuan bere ondotik abiatu gara ikusi ere egin gabe. Hala ere, bilaketa txiki baten ostean han ikusi dugu. 

Esan behar da Otxola taldeko gure gidariek, Zuriñe, Silbia eta Joanesek, lan bikaina egin dutela. Haiek ere ez zuten ezagutzen trabesia, nahiz eta batzuek Lepineux – Verna ibilbidea egina izan orain dela urte batzuk. Denbora osoan tentu handiz ibili dira, ARSIP-ek 2014an publikatutako ibilbidearen testu osoa zeramaten zatitxo plastifikatuetan, eta zentzun handiz jokatu dute denbora osoan bide egokiaren bila. Hori dela eta, ez dugu “marroi” bat bera ere izan, ez gara galduta ibili behin ere, honelako trabesia gehienetan ohikoa izaten den gauza. 

Handik aurrera, Lepineux, Casteret, Loubens, Queffélec, Adélie, eta Chevalier sala ikusgarriak zeharkatu ditugu, La Verna-raino helduaz. Esploratzaile zaharrei buruzko mirespena adierazten genuen guztiok gure arteko komentarioetan.

Leku ikaragarri haietatik joatean banekien esploratzaile aitzindarien ametsek han jarraitzen zutela. Hala ere, amets horiek harrapatzen saiatu naizenean, zorabio handiegia sentitu dut. Ezin nituen ametsak eskuratu, nigandik urrutiegi eta goiegi zeuden. 



Gure ibilbidearen amaieran La Verna salako iluntasun amaigabean hango pasarelatik bazter zenbait ikusiz gozatu dugu. Gaueko 11ak izan dira hango tuneletik kanpora atera garenean.

Eskerrak eman behar dizkiegu Otxolako kideei haiei esker honelako ibilaldi gogoangarria egiteko aukera izateagatik. Zuriñe, Silbia eta Joanesek, beraien izaera xalo eta jatorrari esker, martxa osoa erabat atsegina egin digute inondiko kontaketa eta komentarioekin.

No hay comentarios: