181226: Oier.
Duela 7 urte hasitako
elkarrizketa errondaren azkena egin dut gaur, 20garrena-edo, 40-50 hamarkadetako
aintzindarien belaunaldiko gaztenetako batekin: Fermin Leizaola.
Ferminek 60 urte
daramatza Aranzadi Zientzia Elkartean, eta denbora horretan etnografo moduan
nabarmendu da; halere, paradoxikoki, gaur ez dugu arlo horri buruz berba egin,
ez bada ezen, oso urte gutxitan, eta oso gazterik, jorratu zuen beste arlo
batez: espeleologia.
Hain zuzen ere,
horixe izan baitzen Fermin Aranzadira hurbiltzeko arrazoia: 1958an izan zen,
baina ordurako lehen belaunaldiko espeleologo gehienek “erretiroa” hartua
zuten. Bakarrik ezin jardun baina (espeleologia talde lana baita) eta horren
ordez arkeologia sailean sartzea eskaini zioten: maisu zaharren artean txori
gaztea. Halere, ez zuen bere jatorriko asmoaz etsi: esplorazio bakartietan
aritu eta gero, 1961ean deialdi zabala egin zuen, probintzia mailan, eta
Aranzadiko Espeleologia Saila berpiztu zuen. Gipuzkoako katalogo lanari
berrekin zieten, espeleologia zientifikoaren aldeko apustu argiarekin, eta Felix
Ruiz de Arkauterekin batera Larrako espedizioetan parte hartu zuen –1964an San
Martin Harriko sistemak munduko sakonera errekorra hautsi zuenean, Fermin
puntako taldean zen-.
Koba eta leizeei
buruz informatzen zieten baserritar eta artzainekin liluratuta, Fermin bere
benetako bokazioarekin konturatu zen: desagertzen ari zen bizimodu hura
jasotzea, haien lekukotasunak bilduz. Ordutik hona horixe izan da bere jarduera
nagusia –nahiz eta kobazulo ikerketa ez duen sekula guztiz utzi-, eta ondo
merezitako ospearen oinarria. Eskerrikasko Fermin, urte labur baina intentsu
haiek gurekin partekatzeagatik.
No hay comentarios:
Publicar un comentario