2019/08/23
Martin U., Aitortxu, Zutoia, Santi
1973 eta 74 urteetan, neuk 13-14 urte nituela
Arantzazuko Seminarioan nengoenean esploratutako kobetatik zehar ibili gara
gaur. Koba hauetara inoiz ere itzuli gabe nengoen ordutik hona. Haitzuloek
Arantzazuko santutegiaren aurrean dagoen Aitzabal mendia zeharkatzen dute alde
batetik bestera, eta hango erreka nagusiko urak joaten dira beheko nibeletatik.
Hemetxe sortu zitzaidan bizitza osoan espeleologiarekin izan dudan grina.
Ez dakit gaur egun Aloña Mendi Espeleologia
Taldekoek zein sigla edo izenez ezagutuko duten sartzeko erabili dugun
kobazuloa, baina guk orduan “La Tortuga” deitzen genion. Ez nuen gogoratzen
zergatik jarri genion izen hori, baina sarrerako ahora heldu naizenean berehala
konturatu naiz: haitz bloke bat dago lurrean, dortoka baten itxura duena. Bestalde,
kuriositate botaniko batez ohartu naiz: inoiz ikusi dudan huntz enborrik
handiena dago hormatik igotzen.
Zutoiak galdetu dit, “akordatzen zara ezertaz?”.
Intriga handia neukan neuk ere ea gogoratzen nuenak balioko zuen trabesia
egiteko. “Badaukat kobaren eskema orokor bat buruan” erantzun diot.
La Tortugatik sartu ondoren banekien gorantz
abiatu behar genuela, baina arrotza egin zait hasiera eta ondorengo bidea.
Guztiz ahaztuta neukan bere izaera klastikoa, haitz blokez erabat betetakoa. Bai
gogoratzen nuen galeriak gorago dagoen Aien kobiako sarrera nagusiarekin konektatzen duela,
gutxienez pare bat lekutatik.
Baina ni beste gauza baten bila ibili naiz:
gertakizun berezia izandako sala handi baten bila. Izan ere, sala hartan
seminarioko mutiko batzuek, Arrasateko taldekoek, peripezia oso berezia bizi
izan zuten: Aien kobiako ahotik sartuta, jauzi handi baten
gainaldera heldu ziren, eta erabaki zuten nola edo hala hura jaitsi egin behar
zutela. Seminariora ogia ekartzen zuen gizonari agindu zioten Oñatin soka bat
erosteko, eta harekin abiatu ziren hurrengo larunbatean. Soka lodia zen gomuta
dut, eta marapiloak egin zizkiotela salto hura pultsuan jaisteko. Kontua da
sartu zirela, eta denek jaitsi zirela behera, inor goian geratu gabe. Baina,
bueltarako unean, haietako inork ere ezin izan zuen soka hura pultsuz igo.
Zorionez, inguruko aldeak esploratzen hasi zirenean kanpora irteteko beste aho
bat aurkitu zuten.
Irrikitan egon naiz, beraz, sala hartara noiz
helduko, batez ere ea umetako abenturak noraino izan daitezkeen aintzat
hartzekoak ala denboraren joanak puzten ote dituen jakiteko. Azkenean, blokeen
artetik apur bat kostata, aurkitu dut hara heltzeko bidea. Eta, benetan diot, txundituta
geratu naiz han ikusi dudanarekin.
Han zegoen Arrasatearrek jaitsitako saltua. 11
metroko bertikal guztiz aereoa. Esan
nahi da pultsuz jaitsi zutela, linterna bat gerritik eskegita zutela. Egon gara
komentatzen gure artean gaur eguneko espeleologo zailduen artean ere salto hura
marapilodun soka batez jaistea
temeritate handitzat hartuko litzatekeela. Eta, bestalde, mutiko Arrasatear
haiek ez baziren izan gai hura pultsuz igotzeko, oraingo espeleologoen artean
ere ikusi nahiko nuke ea nor litzatekeen kapaz.
Handik aurrera lokatzez betetako katazulotik
ekin behar izan dugu aurrera, ondoko galeriara heltzeko. Katazulo hau nola
aurkitu genuen ere, kontatzeko moduko gauza da. Goiko sarrera handitik sartuta
albo batean dagoen malda basaztu handi batetik jaitsi ginen hiru mutiko, 35
metro inguruko jauzian, soka bi lotuaz marapilo batekin. Mutiko haietako bat
gaur egun Antxieta Arkeologia Taldean aritzen den Xabier Maiz azpeitiarra zen.
Biok ginen amorratuak ahal genuen guztietan kobetara joaten. Amaieran aldapak 3
metro inguruko saltoa zeukan, guztiz bertikala, eta jaistea erraza izan zen.
Han ere kontuak itzuleran sortu ziren, lokatzez betetako soka hartatik pultsuz
igo behar zenean. Nola edo hala, nik lortu nuen igotzea, baina besteek ezin
izan zuten. Orduan alternatiba baten bila, katazuloan sartu ziren, eta zorionez
handik Arrasatearren gelara heldu. Handik aurrera bazekiten nola irten kanpora.
Aien koba eta Iritegi bitarteko galerian
Aldapa bat igonda, formazioz betetako galeria
batera heldu gara. Gogoratu naiz mutikotan aurkitu genuenean ere nolako
inpresioa egin zigun inguru haren edertasunak. Galeria hartatik aurrera
jarraituta, blokeen kaosa dago. Mutikotan kaosa igarota Iritegi kobako
galerietara heldu ginen, eta beraz, orain ere ez zen izan behar oso zaila hura
pasatzea. Eta hasi gara han egon den fletxa bati jarraituz blokeen arteko bide
estuetan aurrera. Salatxo batera heldu garenean, Martinek esan du: "begira zer
dagoen idatzita horman". Begiratu dut: Sala
de los perdidos. “Jontxo, ez da hau bidea orduan”. Atzerantz eginda, beste
tarte batzuk arakatzen ibili gara. Baina ezin aurkitu bidea. Aitortxuk, hozten
hasita, zioen, “itzuli gaitezen etorri garen lekutik”. Pentsatu dut, “nola da
posible umetan aurkitu genuen pasoa orain ezin izatea, ustez espeleologo hain
esperimentatuak izanda”. Azken saio bat egin behar zela erabaki dut, eta
haizeari kasu eginez haitz bloke handi baten gainera igota bere atzetik estu-une
batek leku zabalagora eramaten zuela ikusi dut. Esan diot Martini, “pasatu
zaitez horra beste aldera”. Handik gutxira, esan digu, “hau dela bidea dirudi”.
Iritegiko galeria zabaletan zehar ez dugu izan
arazorik. Hori bai, berriz ere harrituta geratu naiz nolako lekuetatik
ausartzen ginen mutikotan. Ibon Aranberri artistak burdinazko ate handi batez itxitako
ahoa alde batera utzita Iritegiko bigarren ahotik irten gara kanpora.
Batzuetan memoriak handitu eta esajeratu egiten
ditu iraganeko kontuak, baina beste batzuetan ia kontrakoa gertatzen da.
No hay comentarios:
Publicar un comentario