2020/07/11

Hello panic my old friend

200711: Martin I, Gotzon, Antua, Oskar E, Oier.

(translator friendly basque)


Hello panic, my old friend
I've come to talk with you again
Because a vision softly creeping
Left its seeds while I was caving
And the vision that was planted in my brain
Still remains
Within the sound of silence


Espeleologian daramatzadan 15 urteetan, esku bakarrarekin konta ditzaket Beldurra (letra larriz idatzia) sentitu dudan aldiak; ez preseski arriskuarekin lotuak (arriskua, espeleologian, gutxi pasatzen dugu mendizale "normalen" aldean) nire une berezi hauek ez baitira bereziki faktore horrekin lotuak izan, baizik eta estuasunekin edo, gaur bezala, harrapatua izatearen beldurrarekin.

Sentsazio berezia da, panikoarena; ez nuke esango gustukoa denik, bistan da; baina gerora, une horiek igaro ostean, geratzen zaidan hondarra ona da. Zerbait ondo egin izanaren nolabaiteko sentsazioa. Beldurrak, abantaila ebolutibo bezala, norbere burua zaintzen lagunduko balu bezala. Ez dugu ahaztu behar kanposantuak jende ausartez beteta daudela.

Ez dut tratatu bat idatzi nahi (nahiz eta horrenbesterako emango lukeen, gaur izan dudan sentsazio uholdeak). Bakarrik, nire gogorako, lurrin arteko flash batzuen inpresioak gorde: berez, sifonatzen ez den sifoi bat -pasatu ahal izango nukeena-; bloke artean sartu naizenekoa (duela bi aste ezagututako eremu bera); lagunak bloke horien ezegonkortasunari buruzko oharra (guztiz zentzuzkoa) egin duenean; egoera horretan galdutako beste laguna gogora etortzean, alarmak salto egin didan unea; itzulerarik gabeko bidean sartu aurretik atzera egiteko aukera; esploraziorako oztopoa ez izateko gogoa; eta etxean zain ditudanak; eta beste aitzaki merkeren bat; eta bihotzaren taupadak entzuteko mailan jarri zaizkidanean... Ez diot buelta gehiagorik eman nahi izan, eta bueltatzeko moduan nengoenez (bidea gogoratzen nuen), kanpora egitea erabaki dut.
 
Berez, ez da alferriko eguna izan niretako. Martin I-ren topo horretan zeozertxo lagundu (gaur Galeria Fetidoa, mirakuluz ubegitik kanpora isurtzean iturri garden potable bihurtzen den ur hori, alegia), eta betaurreko barik ere koko batzuk jaso; nik horrekin eguna egin dut, eta besteak eskalada hori egitera joan diren bitartean, kanporantzko bidea lasaia izan da. Halabeharrez. Bide filosofikoa. Beste behin ere, umetoki atabikotik jaiotzerako bide sinbolikoa eginez.

Erreka nagusira itzuli naizenean, eserita egon naiz; gustora; hamar minutu bai. Bizi izandako larritasuna liseritzen; nire ahalmenen mugak ondo hartzen. Umore onez, eta bakardadeaz gozatzen. Eta, kanporantzko bide atseginean, beste une bat ere gelditzen; sarreratik 20 bat metrora, kanpoko argiaren geruza lurrintsura begira, nire medio honetan nire mailan mugitzeko ahalmenarengatik zoriontsu. Eta are, boluz bolu, errotaz errotako bidezidorretik, hor ere presa barik, errekatxo sorgindu horretako urjauziak begiendako diren baltsamoaz gozatzen.

Bio laginak: Pseudoniphargus? 2, Pseudosinella? 3 edo 4, Gyas titanus lizundu bat, armiarma txiki-ertainak 2-3, Ischyropsalis 1.

Alien ibarrolae


No hay comentarios: