2013/12/21

ARRASKA

Gotzon, Ritxar, Oskar, Antua, Santi


Espeleologo batzuek leze bat zarratu dabe Arraskan!!!

Arraskan bide ondoko lezian sartu gara lehenengo, orain dala urte batzuk inolako sartuerarik ez egoan lekuan. Aste barruan be han egonda dagoz Gotzon eta Antua: izan be, bakoitza bere aldetik, bakarrik zihoazelakoan, joan ziran lezera, eta han barruan aurkitu ebien alkar. Gaur Ritxarrek gehiago zabaldu dau sartuerako zuloa, eta erosoago sartu gara danok barrura. Tubo estuak saloi handi batera emoten izan dau, eta hango zirrikituetan eta inguruko jauzian behera joanda, laster amaitu dira urrunago joateko ilusioak.
Kanpora urtenda, zer egin? Inguruan, Arraskako tontorrean bada aspaldian inor heldu bako leze mitiko bat: Arraskako lezia. ADES-eko kronikek dinuenez, espeleologo oso gutxi jaitsi dira lezearen hondoraino, 65 metroko sakonerara: izan be, azkeneko putzura heltzeko paso oso estu bat igaro behar da.
Gaurko asmoa bakarrik haraino heltzea izan da, pasu esturaino ailegatzea. Baina horretarako, aurkitu egin behar zan ahoa. Gailurreko lehunkadara helduta, Gotzonek esan dau: kontuz ibili! Hementxe nonon dago sarrerako zuloa! Baina, han ez egoan ezer. Harik eta ota multzo batean palua sartzen hasi garen arte: palua sartu egiten zan!
Otak kendu eta sinistu ezinezko zulotxo bat agertu da: kontua da, han jauzi ezkero, 30 metro behera doala laguna. Konturatu barik pertsona desagertzeko moduko lekua. Jaitsi dogu sokaz, ikusi doguz hiru edo lau zaldiren hezurrak azpian sakabanatuta, atara doguz argazki batzuk, egin dugu topografia, eta urten dogu kanpora.
Bakarrik gauza bat falta izan da: zuloa han inguruan egoan harri handi batez estaltzea. Hau itzela da gero, espeleologoak beti zuloak edegiten sartzeko, eta oraingoan leze bat zarratzen. Sinistu be ez egitekoa!
Hurrengoan Arraskako leze mitikora bateren batek joan gura badeu, lan ederra dauko harri bolo ha sarreratik kentzen!!!






video



Barne bilatzailea