2013/12/24

Sé que me voy a arrepentir...

Part.: Gotzon, Unai, Antua eta Josu



Azken asteetan, gure ahotan ibili da Lea-Artibai eskualdeko koben katalogoa egiten hastearen ideia, eta honi lotuta, denbora luzez gero abandonatutako esplorazioak bukatzea. Duela bi aste, batik bat, Galarregiko esplorazio mitikoari ekitea erabaki genion ADES-en, 15 urte eta gero. Eta ondorioz inguruan dauden gainerako leze, kaltzetin, zulo eta bestelako errekak aztertzen hasi behar izan gara.

Kontestu honetan kokatu da Gabon Eguneko goiz irteera. Galarregi, Inubija eta Urgitxi, erreka bakar baten aurkitzen diren, garapen luzeko hiru kobazulo klasiko dira. Begi bistakoa da hirurak bat egiteko gure nahia, eta helburu buruan generamala heldu gara Santa Luziara. Gaur Inubija II-ra goaz!! Inubija I-eko sarreratik 100m egoaldera, poto berean! Aizea askokin eta Galarregi mendiaren hegoaldeko maldan!! Akaso Galarregikin konektatzeko aukeraren bat?
Esplorazio erabat erakargarria, Gotzon hitzegiten hasi den arte noski "…no me acuerdo muy bien, pero estrecho sí que era…", "…solo pase yo y abajo había un río…", "¿pero es penetrable?", "Ummm… tu igual si… ", "Santi se quedo atascado…", betiko pelikula.

Desobstrukzioko materiale guztia hartu dugu, eta han joan gara Inubija II-ra. Sarrera 50cm x 50cm-ko ubegi bat, begi bistakoa da euri askorekin gainez egingo duela. Jardunaldia, Josu eta Antua aurretik, Gotzon eta Unai topoa atzetik topoa egiten hasi dugu. Denok 5x2m-ko gelatxo batean bildu garen arte. 7m-ko zulo bertikal eztu bati begira… Ez genuen argi nondik jarraitu. Baina Gotzonek… "bai bai hori da eztuasuna…", Antua ahalegindu da lehenengo, eta kanpora atera da "ni ez naiz pasatzen" esanda. Jeitsi bai, baina igo… ufff, benetan eztua!. Azkenean Gotzon jeitsi da, topoko puntua hartu eta jarraian… "Josu, etorri zu pasatzen zara eta..." eta Josuren aurpegia 2 segundutan gorritik, berdera eta gero urdinera pasa da. Burua jeitsi eta, "se que me voy a arrepentir…" Eta zulo eztuan barrena desagertu dira biak, erreka esploratzera!

Antua eta Unai, eztuasuna apurtzen geratu diren bitartean, G eta J, errekan behera lehenengo eta ondoren errekan gora aritu dira. Tarte batzuetan igerian ere!
Nabarmentzekoa izan da errekako galerian zegoen haizea, igerian joan garen pasabideetan batez ere. Jarraian pasabide hau zabaldu, eta ur-jauzi bat duen gela batera heldu gara. Ezkerra-zuzen-eskuinera, galeriak begiratzeke edonon. Azkenean, errekak arrakala bertikal eztu batetik egin digu ihes. Eta guk, honen gainetik pasatzeko asmotan edo, bloke-kaos handi batean ibili gara bueltaka. Aldi batean, igo eta igo eta igo eta sustraiak!!! Ia begibistakoa izan da, gainazaletik metro gutxitara genbiltzala, Inubija II-ko sarrera baino 28m gorago hain zuzen ere.

Argazki kamararen faltan, eta hozteko beldurretan, buelta eman dugu, hurrengo txangorako utziko dugu. Eta gauzak horrela, berriro igerian (garrasiak tarteko, ez baitugu neoprenorik eraman), eztuasunaren azpira arte heldu gara.

Unaiek eta Antuak, eztuasunaren goitik, "erdia zabaldu dizuegu!!!", eta Josuk "Bai! goiko erdia! pelikula eztua hemen behean dago!". Hiru-lau, bost-sei, arnaseztu eta gero, hotzik hiltzen, lau espeleologoek bat egin dute.

Ereñon jada, topoa begiratzen aritu gara, eta hurrengoan zer egin pentsatzen. Lea Artibaiko katalogoa buruan dugu, eta beraz, derrigorrez joan beharko gara esplorazioa bukatu eta argazkiak ateratzera. Eta beraz, "Se que me voy a arrepentir..." esaldia gutxienez beste behin errepikatu dela argi dugu batzuek, nor animatzen da Inubija-IIra hurrengoan?



Barne bilatzailea