2015/07/05

Larra 2015 - Lehen eguna



Gaur Larra 2015 kanpainarako porteoen lehen asteburuan parte hartu dugu Idoia eta nik, Josuk. Beste ondarrutar bat ere, Eneko, laguntzera etorri da, kiloak soberan egon baitira porteatzeko.

Lintzan goizeko 8etan jende asko zegoen bilduta. Gehienak turistak, Hiru Erregeen Mahaia igotzera seguraski. Baina beste talde batek, ez hain itxurosoa, Lintzako parking-a bereganatu, eta probisioz beteriko bidoi urdinez josi du kotxe artea. Egunon-ak emon, sokorroetan ikusten ditugun lagun askorekin hitz egin, eta jendea mendian gora bidaltzen hasi dira arduradunak.

Nire taldean, Iñaki Latasa, Sergio (FUE), Eneko eta ni "Hoya de la Solanako" bidean gora hasi gara. 18kg eraman arren ez da oso luzea egin bidea, Iñakiren azalpenak entzuten igo baitgara aldapan gora. Poeta bat. Motza egin zaigu. Aurreko taldea ere harrapatu egin dugu.

Behin gora igota, ura edan eta "Hoya del Portillo"-rako bidea hartu dugu. Bertan, bidoi guztiak ustu eta janarien sailkapena egiten hasi gara. Bitartean Koldo, David eta Pedro igotzeko zain geratu gara.

Bazkaltzeko tarte bat hartu eta gero, bost taldetan banatu da jendea. Talde bat BU-56 ekipatzera sartu da, eta beste talde batek, Eneko eta nireak, aurrekoei materiala leizearen sarrera eramaten lagundu diegu. Sarrera dagoen lekua ikusgarria benetan. Sartzen joan diren heinean, inbidiaz sufritzen geratu besteok kanpoan. Tenperaturagatik bada ere.

Beste talde bat, Lintzara jeitsi da bigarren porteo buelta bat egitera!! Idoia bertan. Eta azkenik beste bi talderen artean janaria leize izoztu batean gorde eta komunak eraiki dituzte.

Guzti hau 35ºC-ko tenperaturekin. Tostadora bat zirudien Larrak.

Batzuk leheenago beste batzuk beranduago, danok aterpetxera jeitsi gara zerbeza bila.

Batu garenean, aurtengo kamisetak banatu, eta Zurizako kanpinean afaldu dugu. Bukatzear geundela, BU56ra sartu den taldea agertu da, azken berriekin.

Afaldu eta lotara, hurrengo egunean Idoiak, Enekok eta nik, Atxar de Alano mendira bisitatu nahi genuen eta. Jendea agurtu, eta bi aste barruko porteoan leizera jeistea adostu dugu. Ongi etorriko omen zaigu. Kontuan hartuta, bi egun baino gehiago emango ditugula egun argia ikusi gabe, ongi etorriko zaigu, leizea ezagutzea. -800m... beldurra eta dena ematen du...

Bien bitartean, ADES-eko benetako espeleologoak Galarregi desekipatzen eta Zona C-ri agur egiten.... momentuz. Pena bat bertan ez egotea.


Barne bilatzailea