2016/10/14

Armintxe (Lekeitio). Labar-arte multzoaren aurkikuntzaren kronika.



Laburpena: 2016ko maiatzaren 1ean, ADES Espeleologia Elkarteak labar-arte multzo garrantzitsua aurkitu zuen Lekeitioko Armintxe kobazuloan. Zorioneko aurkikuntza hau jende askoren lanaren ondorioa izan da, hurrengo lerroetan ikusiko duzuenez. Beste behin ere, Felix Ruiz de Arkaute espeleologo tolosarrak behinola esandakoa frogatu da: “katemailak ez du ezer balio, kate osoa da beharrezkoa”.

Armintxeko muinoa, ezagutzen ditugun haitzuloen topografia poligonalarekin (2016ko uztailean). Labar-arteduna erdikoa da, handiena. Argazkia: Google Maps (ADES-ek moldatua).

 Armintxe, Arbintze, Arbeatx, Arbiatx... Lekeitio ekialdean kokatzen den karehaitz muino txikiaren izenak aldaera asko ditu. Historikoki arte-basoz eta ortu txikiz estalia izan bada ere, 200 urtetik honako garapen urbanistikoak asko eragin dio, batez ere azken 50 urteetan. Gaurko lekeitiar gehienek halere, gaztetan, bertan artadi eremu zabalak ezagutu ditu oraindik; haien artean hainbat kobazulo.

ADES Elkartearen lan eremu nagusietako bat da Lea-Artibai. Duela zenbait urte gabiltza bertako haitzuloen katalogoa osatu nahian. Lan honen barruan zulo berriak aurkitzen ditugu, noski, baina lehendik ezagutzen genituenak ere errebisatzen gabiltza. Izan ere, azken urteetan arkeologoekin izandako elkarlanaren ondorioz, euskal espeleologook labar-artea identifikatzen ikasten ari gara, eta horren harira hainbat kobazulotan orain arte oharkabean pasatutako arte-multzoak aurkitu ditugu.

Zentzu horretan, interesgarria iruditu zitzaigun zenbait herritarrek Armintxeko muinoari buruz kontatu zigutena. Antza denez, gaur egunean Larrotegi eta Letraukua auzoak lotzen dituen oinezko bidearen inguruan koba handia zegoen; gure informatzaileek ziotenez, herriko gazte guztiek ezagutzen zuten, eta barruan leize bat omen zuen, ausartenek sokaz jaisten zutena. Gure aurreko GEV taldeak ere (Grupo Espeleológico Vizcaíno) horren erreferentzia argitaratu zuen bere katalogoan, 1968 urtean.

Esan beharra dago, gure ohizko peskisetan, Lekeitio inguruko urei buruzko informazioak ere biltzen aritzen garela, eta paper zaharren artean 1796an perito batek herriko hainbat kobazulori buruz egindako azterketa aurkitu genuen, haietatik ura ateratzeko aukerak aztertuz. Besteak beste, eskuizkribu hau aurkitu genuen:

Lekeitioko Udal Artxiboko 001432/03 dokumentua. Argazkia: ADES.

 “He estado en la cueba o gruta de Arbiach, por la que al parecer corre bastante cantidad de agua, pero a una profundidad tan grande, como que desde el parage donde corre la agua, asta la entrada de la gruta, ai sobre ochenta pies de altura: ai tambien recelos de que en tiempo de grandes maretas llegan estas al mismo parage; pero aunque no lo hubiere, y aunque la agua no estubiere a una profundidad tan grande, seria preciso para sacarla della, al punto desde el qual se pudiese conducir a la Villa, hazer una Galeria, como las que se acostumbran en la Minas asta encontrar con la agua: obra a mi ber de inmenso coste, por ser aquel parage todo peñascoso, o por mejor decir una piedra caliza. Parece segun se me ha informado, que alguno dice que por doscientos Ducados se puede sacar la agua de la Gruta. Felices Vms. si esto se berificase; y lo serian tambien, si hubiese quien quisiere sacarla asta el parage y con las condiciones que señalase la Villa bien enterada a lo que iba a hazer, en tal caso, no solo podian pagar Vms. el coste de la obra a tasacion de Peritos, sino al ejecutar de ella, darle un 6 u ocho por ciento de el coste total, previa de recompensa al riesgo; pero bastara para sacar a la agua de donde se alla.”

Pista gehiegi, jaramonik ez egiteko. Egun batez, informatzaile batek (Santi Bideganeta) kokapenari buruzko zehaztasun ugari eman zizkigun, beste hainbat daturekin: bere esanetan, kobazulo hori oinezko bideak estali zuen, eta seguru aski antzinako sarrera bete-betean apurtu zuten. Zehaztasun guzti horiekin, nahikoa izan zen bide bazterrari begira joatea kareharrizko multzoa aurkitzeko; eta hango belarra eta sasia pixka bat kenduta, lurrez eta harriz betetako galeria baten aztarnak aurkitu genituen. “XX” bezala katalogatu genuen, gure ikerketa eremuan hobeto begiratzea merezi duten “puntu interesgarri” bezala alegia.

Zuloa eskola baten ondoan zegoen, ehunka ume pasatzen diren bidearen mota barrenean. Honek esplorazioa konplikatzen zigun: harriak kentzearekin batera, zulo arriskutsua bistan utziko genuenez, lan guztiak egun bakarrean egin beharko genituen (esplorazioa, topografia, argazkiak, laginak) gero dena berriro itxi eta ongi disimulatua lagatzeko. Konplikatuegia.

Horrela, Armintxeko koba bi-hiru urte “lotan” geratu zen, dozenaka beste “XX” puntukin batera... aurtengo urtera arte.

Azken urteetan labar-artearen errebisioak Lekeitio inguruan ekarri duen emaitza ikusita (Atxurrako multzoa aurkitu berri genuen), Armintxe inguruak interes berezia hartu zuen; beraz esplorazio hori egitea lehenetsi genuen. Bertan zerbait azal zitekeen susmoa genuenez, egun horretan AGIRI-ko lagun arkeologoak ere gonbidatu genituen.

Esandako moduan, behar handia zen denbora gutxitan egiteko: horregatik, lanak banatze aldera, jende asko bildu ginen. Lehenengoa obra-lana izan zen: eskonbroa ateratzea, alegia. Lurra, harriak, hormigoi zatiak... Pixkanaka, galeria betetzen zuen hondakin multzoaren goiko aldean pasabide estua zabaldu genuen; eta horren ostean... galeria baten goiko aldera ailegatu ginen. Segituan konturatu ginenez, sarrera berri batean geunden, hondeamakinek nahi gabe irekitakoa, eta tonaka eta tonaka harriz estaltzen saiatu zirena; izan ere, gu eskonbroz osatutako piramide erraldoi baten erpinean aurkitzen ginen; galeriaren eskuin aldetik gora joanda, gure informatzaileek deskribatutako sarreraren barrualdera ailegatu ginen, harri blokez itsutua, graffiti zaharrekin. Han zegoen leize beldurgarri hura ere, gazteek jeisteko erabiltzen zuten soka lodi eta guzti. Ezker aldera joanda, berriz, hondakinen piramidean behera, galeria nagusira ailegatu ginen; ikusi genuenez, hondeamakinek hainbat tona eskonbro botata sarrera buxatzea lortu zuten; zorionez, handik aurrera galeria zabalik aurkitu genuen, bere edertasun orijinalarekin.

Ohi bezala, esplorazio prozedurarekin jarraitu genuen: aurretik puntako taldea, bide posibleak aztertzen eta besteei bidea erakusten; gero, mapa topografikoa egiten ari diren lagunak; argazki taldea; laginak jasotzen eta galeriak miatzen doazenak... Espeleologook egunean egindakoa kronika pertsonal batean jasotzeko ohitura dugunez, onena, gutako batek egun horretan idatzitakoa transkribatzea izango da:

“160501: Armintxe (Lekeitio). Hasierako asmua zan kobia zabaltzia, katalogatzia eta atzera ixtia, baiña ustekabia egon da. Derrubio artifizialen tapoia errez zabaldu dogu, eta sartu gara. Eskuma-ezkerrera pixkat juanda, konturatu gara sarrera historikua eskumara doian galerixan 20 bat metrora zeguala; gu sartu garan hau barrixa da, seguraski kamiñua egitteko zabalduta eta obrakuak barriro tapauta (parte emon barik, hau delitua da?). XXX barrutik ibilli danian konfirmau desku berak gaztetan ezagututako kobia hauxe dala, behera doian leza batekin-eta (sokak ondiok han zeguazen). Barrurutz juanda, topo egitten hasi gara eta puntako taldia aurreratu da. Kobiak 3 nibel dakaz, eta barrenengo nibeletik sifoi batera allegau dira; gorenengo nibelian sartu diranian, gela birjina batera sartu dira, eta horma-sapaixan 7x4m inguruko panel haundi bat topau dabe, grabauez beteta. Begibistan 4-5 figura identifikau doguz (zaldixa, ahuntza, felido pare bat, trazo meandriformiak eta klabiformiak) baiña dan-dana grabauez beteta dago. Topografixan bertara allegau gara, eta krokis/marrazki bat eginda (topo barriro egin biharko da eta) kanpora egin dogu. Sarreria 200 kg harri ingurukin blokeau dogu, eta Foru Aldundixari parte emon detsagu babes neurri urjentiak martxan jartzeko. Bio aldetik, Quaestus eta txitxara txiki batzu jaso doguz.”

Aurkikuntzaren eguneko irudi panoramikoa. Argazkia: ADES.

Harrezkero, esplorazio osoa (oraindik amaitu ez duguna) aurkikuntza honek baldintzatutakoa izan da. Bisita errejimen zorrotza ezarri da (atera kontuak: ADES-eko hainbat lagun ere sartu ezinda geratu dira), koba barruan egindako lan bakoitza minutuka neurtu da, labar-artea aurkitu dugun eremuak saihestuz. Galeria batzuk esploratu gabe daude, hara hormak ukitu gabe sartzeko modua asmatu behar dugulako...

Esan beharra dago, komunikabideetan agertu den panel nagusiaz gain, irudi gehiago ere aurkitu ditugula, zaldiak batez ere, galeria nagusiaren hainbat lekutan. Honekin batera, errealitate lazgarria agerian geratu da: koba honek izan dituen eraso urbanistikoek barrutik doan errekari bidea itxi diote, eta euri denboretan, galeria nagusia urez betetzen da... hainbat eta hainbat grabatu urpean utzi arte. Eta haiek hondatuz, jakina (lokatzez estaliak daude). Horretara, ezinbestekoa bihurtu zaigu kobaren (Armintxeko muino osoaren) portaera hidrologikoa ulertzea, urari ateratzeko bideren bat ireki ahal izateko, eta labar-arte multzoaren hondatze prozesua geldiarazteko. Horretarako, datozen hileetan lan espeleologikoek garrantzi berezia hartuko dute, batez ere esplorazioaren, hidrologiaren, geologiaren eta, zer esanik ez, arkeologiaren lan eremuak koordinatuz. Jende askotxo izango da elkarren artean konpontzeko, baina ahaleginak mereziko du!

ADES Espeleologia Elkartea

1 comentario:

LosArcos Koldo dijo...

Zorionak, berriro ere!
Sekulako lana egin duzue. Ea azterketa osoa egiteko aukera duzuen.

Gora Budogia!


Barne bilatzailea