2014/01/03

Betrokoloko leziaren kontua ez da guzurra!!!

Jon Fonda, Mikel Landa, Peio Landa, Jose Navarro, César, Rober, Santi


Azkenean, Rober Garayk Mundakako Gaztezar mendizale taldeko eta ganerako beste kide batzuen laguntzaz, Betrokoloko leze mitikoa aurkitu dau. Izan be, antzinako GEV taldearen katalogoetan agertzen zan berau, Betrokolo edo Ondartzako lezia izenaz. GEAC izeneko talde batek esploratu ei eban lezearen lehen jauzia 1961ean, beste salto bat jaitsi barik itxita. Horixe zan genduan informazio bakarra. Baina inork ezin izan dau leze honen ahoa topau ondorengo 52 urteetan.
Harik eta Rober Garayk Gabon Zar egunean haren bila joateko urteera atondu arte: Mundakako lagun koadrilla bat hartuta, danak urretxa palu luzeez horniturik, txarakako lekurik zarratuenean eta sasitzarik handienean sartzeko prest abiatu ziran. Han ziran besteak beste, Jon Fonda, Mikel eta Peio Landa anaiak, eta Jose Navarro. Peiok esaten eban txikia zanean ikusita eukala zulo haren sartuera, izan be basoa euren familiarena da-eta. Gainera, amamak errieta handia egin ei eutsien hara ingurua gehiago ez joateko, zulo handi haren bildurrez.
Ez zan hau Rober Garayk lezearen bila egiten eban lehen ahalegina. Hainbat aldiz abiatu izan da kide batzuk zein besteekin Betrokoloko aldapak, erripak, artadiak eta txarakak arakatzera, baina beti esku hutsik bueltan. Azkena orain dala urtebete, Iñaki Urrutiaren indikaziñoak haintzat hartuta txaraka berean aritu ziran, baina ez ebien lezearen susmorik be barruntau.
Hau zala ta, ADES taldeko kide bat baino gehiagok alperreko ahalegintzat jo izan dauz Rober-en saioak: “Leze hori zarratuta dago” edo “leze horren kontua guzurra da” eta antzekoak entzun behar izan dauz askotan. Baina, azkenean, mendekua hartzeko moduan da.
Izan be, gaur bertan jaitsi dogu lezea Rober eta biok. Putzu bi dekoz, lehena 25 metro ingurukoa eta bigarrena 22 metro ingurukoa. Argi dago hauxe dala katalogo zarretan agertuten dan zuloa. Nahiz eta haizerik ez dan igarten, lezea bentilatuta dago, eta ederra da, hatxa oso ona anklajeak sartzeko, eta gauza miresgarria gure inguruan: espeleologoa oso gitxi zikintzen da, lohi eta basa gitxi daukalako. Oso egokia lezeetan ibilteko praktikak egiteko.

Horixe bada: Betrokoloko lezia ez da asmakizun bat, benetan existitzen da!!!




1 comentario:

Anónimo dijo...

Enhorabuena¡¡Buen redescubrimiento.


Barne bilatzailea