2018/03/31

IS-82 Mentxakabaso



180331: Gotzon, Oier.

Otoio. IS-82, Mentxakan basoko zulo puzkarixan desob jarraipena. Prezisiñozko biharra, ixa kirurgikua, gure aittitta armagin eibartarren estiluan: espatula kolpe justuekin, lezia triskau barik, 7 metroko sakonerara allegau gara. Estua da, baiña behera errez egitteko modukua (gero goraka kontuak). Edozelan be, hurrengo expediziñuak erreza izango dau hortik behera jarraitzeko, eta egin dan derrubio tapoia librau eta gero kanpai zabalera allegatzeko.

2018/03/24

Illuntzar, Tartaka eta Armintxe



180324: Josu, Idoia, Gotzon, Antua, Xabi, Oier.

Talde bat Iñeritzera juan da, helburua: sarrerako eskaladia amaitzia, eta (azken biharrak amaitzeke badagoz be) desekipatze progresibuan zeozer aurreratzia.

Bestiok, G-127 leza txiki historikua dokumentatzera –bertako terrenuan jabiari oin dala urte batzuk agindutako legez-: Gizaburun, Okamika gaiñian, Tartaka mendiko tontorretik hurre dagona. Hau da: oin dala 20 urte baiño gehixago, basomutil bat (Loibe) bertara jauzi zanekua, eta orduko ADES-eko sekziño lekittarrak (Panpes, Kazalis...) esplorau zebana, motozerria errekuperatzeko atxekixan. Bueno: Xabin aurretiko lanari esker, errez topau dogu; 40 bat metroko sakoneraiño errez allegau gara, pare bat frakzionamendukin; Gotzon eta Antua terminusa aztertzen zeguazela, neu kokotan ibilli naiz, eta asko jaso dot: Meta menardi, Elona quimperiana, Oxychillus, Ischyropsalis, 4-5 masma txiki desberdin... azkenian kontua galdu dot, Carlosek kontau biharko dittu laborategixan. Topo eginda, eta barruko argazkixak bebai.

Arratsaldian, juan dan 15 urtian egitten gabizen legez, Armintxe mendiko hidrogeologia aztertzera juan gara. Gaur IS-20 kueban egon gara, hainbeste datu interesgarri jasota (gustora konpartiduko doguzenak, iñoiz Armintxeko uholdien arazua konpontzeko elkarlanen bat abiatzen bada). Nere aldetik, kokuak hartziaz gain, estuterapia pixkat egin dot, entrenamenduakin hobetzen dan gauzia. Bio aldetik, hamen be uztia ugarixa izan da: masmak tortillia egitteko beste, Lithobius, Scutigera coleoptrata, opilioi zurixka bat... saguzar bat be ikusi dot (zelan arraixo sartu da horra??) itxuraz Rhinolophus hipposideros; eta Xabierrek, azkonarra.

2018/03/21

Hormazabal eta o-27

 2018-03-17

Gotzon, Antua, Oskar E, Martin U.


Azken aldian zoratuta gabiltza Atxarreko errekaren bila, Zeberio anaiek Galarregira sartu ez gaitzaten. Aitzakia ona beharko da Galarregiri ezetza emateko, eta hau izan liteke horretarako aurkikuntza hoberena. Argi dago momentu honetan esploratzeko kobazulo handi baten falta dugula. Norbaitek Galarregira joan beharra dagoela aipatzen duenean argi uzten du ez dagoela ezer hoberik esploratzeko; eta hori, zalantza barik, pena handia da. 

Horren eraginez azken hilabeteetan Atxarre barrenean prospektatzen ibili gara. Han ordu erdi bueltaka egon den edonork jakin badaki zein gaitza den zulo berririk aurkitzea. Hala ere, asko ibiliz gero, gertatu liteke sorpresaren bat izatea. Esaterako,  pasa den astean Hormazabal izena jarri diogun leizea aurkitu genuen. Hasiera batetan, bazeukan jarraituko zuenaren esperantzarako itxurarik (batzuontzako behintzat); baina beste batzuek mobilean bideoa ikustearekin nahikoa izan eben hura galtzerdi bat zala jakiteko. Gainera, zoritxarrez, arrazoia izan zuten.


Gero eta seguruago gaude Atxarrerako ateak hegoaldetik Argatxa eta erdialdetik Leze Galdue izan behar direla. Badugu non denbora pasa Zeberiotarren deia heldu arte. Bitartean, eskura ditugun leizeak berrikusten eman beharko dugu denbora. Adibidez, orain dela gutxi aurkitutako O-27 leizea.



Infernura jaisteko gogo gutxi dugunok ere badakigu hasieran ezetza emanda ere azkenean aurrera egin beharko dugula. Astebururo miseriak pasatzen gabiltzanok ezin diogu lekurik miserableenari ezetzik esan, hura baita gure jolastokia. Gainera, ez dut dudarik hain beheraino jaisten den orok handik irtetzeko indarra ateratzen badu zerua irabazita daukala; eta ADESeko zaharrenek esango luketen bezala, "ahora ya eres un hombre". Ea nik ere talde horren barruan sartzeko aukera daukadan, betiko infernuan gelditu ordez.

2018/03/15

Armiña eta Ezuneta



180311: Oier.

Prospekziño eguna ADES-en. Halaxen topatzen doguz, topatzen doguzenak! Goizian batzuk Atxarren izan dira, eta bazkal ostian nere txandia izan da, gauzatxo pare bat.


Lehelengua, Armiña inguruan (Amoroto) begiz jotako zulotxo bat, edurren ostian bistaratu dana eta kamiñotik bertatik ikusten dana. MG-29 Armiña IV-en parez pare dago, baiña errekan bestaldian; pixkatxo bat beherago. Armiña basarri ondoko arrapalatik behera juan naiz, Zulueta errekia pasau, eta txaran zihar laster allegau naiz: sarrera karstiko argixa da (0,40 m zabal, 0,7 m altu) dibertikulo txiki batekin, eta “galeria” nagusixa (255º norabidian) 2,5 m inguru barneratzen da, sedimentuak guztiz blokeau arte. Ezagun da fristiren batek aterpe modura erabilli izan dabela iñoiz, sarreran aztarka etaratako sedimento moltzo majo bat daka-eta; hondarrotan arkeo aztarnarik ez dot ikusi. Desarrollua hain txikixa izanda, ez dot uste kueba modura katalogau geinkianik, baiña bai XX puntu interesgarri modura, dagon lekuan egonda. Fitxa bat zabaldu detsat (XX-74 kodiguakin, Unaiek konfirmauta), eta sarrerako argazkixa, koordenadak eta krokisa hartu dittudaz.

Gero, Ezuneta inguruan (Gizaburuaga) jotako basora juan naiz. Eremu haundixa da (300 m diametro inguruko biribilgunia, mapan “Maliru” izendatzen dabena), haundiegixa pertsona bakarrak ondo begiratzeko, endemas arratsaldeko 17:00etan hasitta... Dana ondo begiratzia eziñezkua zanez, bulldozerren bidetik gora egin dot, panoramika orokor bat hartzeko: harri tentez josittako hatxerixa itzala da, lapiaz argi eta garbixa. Puntu solte batzuk begiratuta, jotako eremuaren SE aldia miatzen zentrau naiz, Ezuneta basarrittik 154 kotarako aldaparia (eta halan be... badakizue zer dan hori: eukalipto enbor eta adarren artian, zulo batetik metro erdira pasau zeinke ikusi barik). Kueba bakarra lokalizau dot, txikitxua; sarrera zabala (1,5 m) eta bajua (0,4 m), eta barrura kuadrau formako aterpia, 1,70 m inguruko desarrollua, iparralderutz (0º). Beheia lurrezkua, konpaktua; sasi artian zeguanez, ezin izan dot ondo begiratu arkeo aztarnen billa; dana dala, orientaziñua ez da ona (matarrasako beste partia, ostera, E orientaziñuan dago). Fitxia eginda (XX-75 kodea, Unaiek konfirmauta); koordenadak hartuta; sarrerako argazkixa hartuta; krokisa eginda. 


2018/03/04

Gabaro-Txepetxabixe



180303: Ibon, Antua, Gotzon, Unai, Josu, Idoia, Martin U, Martin I, Oier.

Talde bat Iñeritzera, eskalada bi egittera. Informauko dabe euren aldetik.

Bestekuok, UB zonara juan gara Ibonek lokalizautako leza batzuk ikustera. Lehelengo, mendi bide baztar baten, UB-103 (Gabaroko zulua; toponimo zihetzagua inbestigau biharra dago). Instalau eta behera juanda, lurpeko gela haundi xamarra (5x5x10 m inguru) topau dogu 15 bat metroko sakoneran; arrapala baten ostian, kolada eta goursetan blokeatzen zan, baiña hor argal/ausartak goittik beherako bide bat topau dabe, kaltzitaz betetako bloke artian, eta progresiño miserable xamar baten ostian estuasun haizedun baten atarixan geratu dira; euren esanetan, bueltau biharko da. Ni gela haundixan bueltan geratu naiz, kokotan, eta hau izan da bio emaitza:
  • 4 saguzar bakarti hibernaziñuan: itxuraz Rhinolophus hipposideros eta Rh. ferrumequinum.
  • Urpeko krustazeo larrosa 1; Lithobius 1; 3 miriapodo zuri; Oxychillus 1; Quaestus 1; 3 masma txiki diferente; Meta 2; xilofago 1 (ez nago seguro potian sartzia lortu doten); Neobisium 1.

 Ostian, Zapola ondoko lapiazetara juan gara; Ibonek zelaixan agertu barri dirazen zulo 2 erakutsi deskuz; momentuz ez dake haizerik ezta sartzeko aukerarik; hirugarrenak, ostera (Igotz aldera begira) arrakala estua izan arren, haizia txupatzen egon da; halan, lurra eta harrixak gogoz kentzen hasi gara (nahitta blokeauta egon da, baiña oin dala urte asko), pasabide estu bat zabaldu arte, potzu haundi baten. Bajatu dirazenak esan dabenez, horma mengel xamarrak zittuan (harrixak jausteko arriskua), eta 40 bat metrotako sakonerara allegauta amaittu da, jarraitzeko aukera barik. Esploraziñua amaittutzat emonda, sarreria barriro blokeau dogu.

2018/03/03

Larrun Galeria eta Ez Dau Ezer Gela inguruak

Part: Martin, Josu, Unai, Idoia

Han ibili gara gaur ere Iñeritze (edo Iñusijako Lezia ere deitutakoan, toponimia ez da sekula galdu behar) barrenak errepasatzen.

Gaurkoan konexioa nahi genuen egin Ez Dau Ezer Gela-tik heltzen den Saguzarren Potzuaren goikaldetik, Iñeritzeko sarrerako salan dagoen Bentanoi batetara. Bentanoia bai, baina ez heltzeko erreza.

Josu eta Martin Saguzarren potzura joan dira, eta Unai eta Idoia sarrerako gelaren eskalada egiten geratu gara.

Gure Teoria Geologikoaren arabera, hor goian, Iñeritzeren galeria pre paleo super fosil batetan, batu egingo ginen bi taldeak. Eta formazio kaltzitiko ikusgarriz apaindutako galeria eder batetan, besarkatu egingo ginen. Edo igual Unai agertuko zen Saguzarren potzu gainaldera eta esango zion Josu edo Martini (Eh! Hemen nau!). Edota bestela, Josu eta Martin Sarrerako Sala gaineko bentanoira agertu ahal ziren, eta orduan Unairi sorpresa bat eman, hormatik porru baten moduan zintzilizka dagoen bitartean.

Unai sarrerako salan eskalatzen zegoen bitartean, eta Idoia behean aseguratzen, kolada bateko ur tanta batek bere buzoa "refrigeratzen" zuen bitartean, kanpoko zelaiko mendizaleen zaratak entzuten ziren. Zarata bat entzuten zen bakoitzean, Josu eta Martin zirela pentsatzen genuen, galeria fosil ideal horretatik etortzen, pozez txoratzen.

Baina ez da horrela izan.

Goian galeria bat zegoen (4-5m?) eta gero zulo beltz erraldoi bat lurrean. Salaren gainean gaude.

Josu eta Martin-i esplorazioa amaitu zaie. Meandroaren tetxua jo dute. Ia dena desekipatu egin dute. Ez Dau Ezer gelaren gainaldean Ez Dau Ezer. Bueno, ba dau zerbait, baina ez guk nahi genuena. Airea bai omen dago. Saguzarren kaka ere bai omen dago. Horregatik pentsatu dugu, arrakala esturen batetik saguzarrak sartzen direla horra. Horrela izan behar du, ez badute Teletransportatzen ikasi behintzat...

Sarrerako salako goiko galeriei Larrun galeria deitu diogu. Euskalerriko beste puntan dagoen mendi harek bezala, goitik kriston bistak dituelako eta gora igotzeko tren Cremallera batekin igotzen delako.

Gaur Iñeritzeko sarrerako salako pedrerara harri berri ASKO erori dira. Harriek fiuuuu....! egiten zuten. Unaiek Uuuuaaaa! egiten zuen harri laja bat soltatzen zen bakoitzean...

Gero eta Inkognita gutxiago Iñeritzen.