Mostrando entradas con la etiqueta antzoriz. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta antzoriz. Mostrar todas las entradas

2024/11/17

Lezeta, Antzoriz eta Larra


 20241116: Julen, Xabi, Gotzon, Antua, Oier.

Antzoriz eta Lezeta (Lekeitio). Talde bittan banatuta jardun dogu. Batetik motibauak ("Hor ez dago ezer!", "Han ez dau merezi!") Antzoriz aldera jo dabe, Antzoriz II (Santa Katalina azpikua) sarrerako puntuko koordenadak errore haundiegixakin dagozela konturatuta (2007ko GPSak...). Egin dabe, eta ez hori bakarrik: topua berregin eta barruko argazkixak hartuta itzuli diraz, beste taldiari walkie talkie txinatarran bidez jakinarazitta.

Izan be, artian bigarren taldekuok ondiok ur ertzian genguazen. Zer egin dogun? Umien parketik Lezeta I zuloraiñoko kosta zatixa errebisau. Ohi bezala, ez dogu espeleologikoki ezer interesgarririk topau: baiña aurkikuntza haundixak, deskarte lan haundixen ostian etortzen diraz! Eta gaur zeozer kendu dogu mapatik. Gaiñera espeleologikoki ez, baiña ornitologikoki interesgarrixa izan leikian habixa bat topau dogu, koordenadak (...) eta argazkixak hartuta; zerena dan? Igual ornitologueri pasatzen detsegunian jakingo dogu. Bestalde, Antuanek ikusittako leku baten, biofilm itxurako batzuk egon diraz; baiña nik amebak hartzeko poterik ekarri ez! 

Eguna, gaiñera, hurrengorako promesa onekin amaittu dogu: Lezeta gaiñeko ortuetako batekuekin berba eginda, badirudi gaurkuan segidia dan hurrengo tramua bertatik jaitsitta esplorau ahal izango dogula. Primeran!

 

20241117: Oier.

Oñati, EEE billeria Larra 2024ko kanpañia baloratzeko, eta hurrengua planifikatzen hasteko. Nere aldetik ezin neban ekarpen haundirik egin (berdeegi) baiña 2025ko kanpañarako bioespeleologia plana proposatzera juan naiz. Halan geratu gara:

  • Aragoien ez dabe baimen berezirik eskatzen, baiña Naparruan bai. Baldintza batekin gaiñera: rekolekziño bioespeleologikorako baimena eskuratu ezkeriok, egindako biharran informe bat pasau bihar da, jasotako animalixak eta kobazuluak zehazten.

  • Urteroko baimen-eskari horretan sartuko da bio laginketarakua be; Martin Arriolabengoak egitten dau, eta adostuko dogu testua aurrerago.

  • Bestalde, behin kanpañan, nere laginketak kanpoko leza txikixetan egingo dittudaz (esploraziñuan dagozenak, Illaminako Sistemakin konektatzeko), bertan egin biharreko lanetan parte hartziakin batera. Hau da: printzipioz ez neukez egingo aparteko espediziñorik, bio laginketara zuzenduta. Bestalde, sakonian bibakeatuko daben taldietan espeleologoren bat lagiñak hartzeko prest agertzen bada, hari materiala pasatziaz eta gero jasotziaz be enkargauko nintzake.

     



2024/09/29

Gabilaren eta karrabasoen eremuan

 


20240929: Xabi, Urtzi, Gotzon, Antua, Oier.

Lekeitio-Ispasterko labarrak. BFAko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailaren baimena eskutan abiatu dugu datorren denboraldian garrantzi gehiena izango duen kanpaina hau. Babestutako hegazti espezieak direla eta (Falco peregrinus eta Phalacocrorax aristotelis), irailetik abendurako tartea baino ez dugu labarretako haitzuloen prospekzio eta esploraziorako; epe labur horretan, ezarri zaizkigun baldintzen, meteorologiaren, itsasaldien eta geure disponibilitatearen limitazioekin -gogora dezagun ADES Espeleologia Elkarteko kide guztiak bolondresak garenez, gure denbora librean aritzen garela- kostaldeko zati honen ezagutza-maila ahal bezainbeste handitzen saiatuko gara.

Lehen jardunaldi hau Antzoriz lurmuturrean hasi dugu, bi taldetan banatuta: Urtzik eta Xabierrek E aldera egin dute, Santa Katalina ermita azpiko Antzoriz I eta II ikuskatzera (aztarnategiaren babesa egoera onean dago) eta gero gauza bera Solope I eta II zuloekin.

Beste hirurok M aldera egin dugu, ikustaldia interes karstikoko zonaren azken puntutik hasteko: alegia, duela urte batzuk identifikatutako Otoioko Urbegitik. Behar bezalako katalogazioa duen puntua da: ur-iturri iraunkorra, (...) erreferentziazko puntua izango zena zalantza barik. Beraz bertara abiatu gara; iristeko bidea ez da erraza, baina azkenean segurtasunez egiteko moduko zidorra identifikatu dugu. Bloke handien artean, eta marearen ordua gogoan, kare/tupa harrien arteko kontaktua utzi dugu, atzoko euriekin aktibo zegoen urjauzirantz. Bertara iritsita, haitzuloa eta bertatik ateratzen den ur emaria (gaur 0,5 l/s) ikusi dugu, eta gunearen estratifikazioaz eta haitzulo gaineko diaklasaz aritu gara, ur-errejimena ulertzeko seguraski gakoa izango dena. Bueltarakoan, behinola identifikatutako aterpe interesgarriaren bila ibili gara, (...), baina ez dugu aurkitu. Bidean zehar, pare bat hegazti espezie ere ikusi ditugu, baina une honetan ez dugu haiek identifikatzeko gaitasunik; interesgarria litzateke gida/tutorial erraz bat eskuratzea.

2022/12/15

Antzoriz eremua


  221215: Oier.

Lekeitioko Kultur Etxean, Antzoriz eremuari buruzko lehen saio partehartzailean, ADES Espeleologia Elkartearen izenean. Lehen "Maderas de Lekeitio" enpresarena zen orubea (Ispasterko eta Lekeitioko lurretan dagoena, gaur egunean Caixabank banketxearen jabetzakoa) erostea baloratzen ari da Lekeitioko Udala. Hori dela eta, erosketa negoziatzen hasi aurretik herritarren iritzia eta ideiak jasotzeko prozesua abiatu dute, enpresa baten bitartez. ADESen aldetik, lekuaren karst izaera eta kobazuloen presentzia nabarmendu dugu (Talaija II eta Eluntzeta II leizeak erosi nahi den orubearen mugetan daude, barruan ez bada -GIS eta plano katastraletan hobeto kontrastatu behar da, gaur ekarri duten irudiak errore-marjen handikoak baitziren), eta dena delako proiektuak "karstaren ustiapen jasangarria (ikerketa, babesa eta dibulgazioa)" (sic) kontuan hartzea eskatuz. Oraindik prozesua oso "berde" dago (une honetan, zundaketak egiten ari dira orubearen kutsadura maila zehazteko, eta erosketa-negoziazioak abiatu ere ez dira egin), baina eskertzekoa da gauzak egin aurretik jendearen iritzia kontuan hartu nahi izatea, eta horrelako proiektuak epe luzera planifikatzea (ez hauteskundez hauteskunde).

2018/07/05

Info7 irratixan, speleo dibulgatzen



Gaurkuakin, neguan zihar Info7 irratiko “Kale Gorria” irratsaiuan egindako kolaboraziño txortia amaittu dogu. Guztira 11 elkarrizketa izan dira, 15 bat minutukuak, eta bakotxian gai monografiko bat hartu dogu gure #speleo mundu ezezagun hau pixka bat dibulgatzeko. Hamen dagoz irratsaiuak entzungai:
Kasu askotan, elkarrizketia prestatzeko materiala wikipediarako artikuluak sortzeko edo osatzeko be erabilli dot; dos por uno!

2018/04/26

Antzoriz V eta VI



180424: Oier.

Antzorizera (Lekeitio). ADES-en jardunaldi tipikua izan dala esan leike: A eta B kueben billa juan, eta harek barik, C eta D barrixak topau.

Eguardixan pare bat orduko juan-etorrixa egitteko asmua nekan, geoteknikuen katalogoko 1 eta 2 erreferentziak behingoz lokalizatzeko (Santa Catalina III y II izendatutakuak). Ziurtzat nekan euretako bat paret artifizialez itxittako zulua izan bihar zala; geoteknikuen mapa topografikuak be leku hori markatzen dau... baiña bertara juan, eta han ez dagoz zulo bi, hormaz itxittako bakarra baiño. Haren onduan ezebez, bistan behintzat. Arraixua! Paretak zulo bixak estali ete dittu? Sedimentuak eta txariak beste sarreria tapau ete dau? Ez dakitt.

Zeozer egittiarren, lurmuturran zihar pixkat begiratzia pentsau dot. Lehelengo, (...), kueba txiki bat topau dot:
  • Koordenadak (...)
  • Sarrerako argazkixa hartuta.
  • Krokisa eginda.
Zulo karstikua da, nahiz eta gatxa izan inguruak ikustia (sasi trinko eta altuan erdixan dago). Sarreriak leihatilla formia daka, 0,5 m zabal eta 0,7 altu; 3 metro inguru barneratzen da, 285º norabidian (sarreria, beraz, SE aldera begira dago), eta amaieran arrakala estu batek jarraitzen dau. Haize korrienterik ez. Zorua guztiz horizontala da, lur soltez estalitta, itsas txorixen habixen arrastuekin, hegazti itxurako hazur barri batzukin; hormak garbi, ixa espeleotema barik; arkeo aztarnarik ez, begibistan behintzat. Zalantzia euki dot, katalogau edo XX moduan laga; baiña, kontuan hartuta presuntziño arkeologikoko zonan gabizela, eta geoteknikoko “galdutako” zuluak be ez dirazela asko be haundixaguak, ba baietz erabagi dot. Beraz, hau Antzoriz V izango da (IS-114? Unaiek konfirmatzeko)

Aurrera segidu dot, goiko (...); ez dot malabarismo askorik egin nahi izan, bakarrik egonda. Goiko (...) sigi-saga batzuk egin dittudaz (baiña esandakua: sasixa hain da trinkua eze, zulo baten ondo-ondotik pasau zeinkiala enterau barik), (...) handik 7 bat metro beherago, katazulo gorakari xelebre bat topau dot, zalantza barik katalogatzekua.
  • Koordenadak (...)
  • Sarrerako argazkixa hartuta.
  • Krokisa eginda.
Sarreria 230º norabidian, baiña segiduan ixa 90º eskumara egitten dau, goraka. Zilindro ixa perfektua da, 0,8 mtako diametroduna, eta lehelengo 1,5 metruetatik aurrera sedimentoz gero eta betiago, harik eta 3 bat metrora eskarpe bat egin arte, laminadore tipoko estuasuna eginda; hortik, burua sartuta, gela biribil, zabal eta zapal bat dago (3 mtako diametroa, 1,5 altu). Ezkerrera jarraitzen dau, baiña angulo bisualetik kanpo geratzen da. Ez dirudi haundixa (haize korrienterik ez, oihartzunik ez) baiña sartzia eta begiratzia mereziko dau, igual Nikok lagunduta. Gela biribil honen zorua lur zapalezkua da, eta ez dot aztarna berezirik ikusi, ezta hormetan be. Hau Antzoriz VI izendatuko dogu (IS-115? Unaiek konfirmatzeko).

2015/05/02

Antzorizen oporretan (Lamiña D'Or)




150502: Santi, Antua, Javi, Iñaki, Martin, Idoia, Unai, Josu, Tana, Amagoia, Oier.

Antzoriz I, II, III eta IV zuluetan bueltaka ibilli gara egun osuan (oharra: nomenklatura asuntuak argitzeko ikusi dropbox>varios>kronika oier). Mota guztietako lan ugari egin doguz eta oso pozik juan gara danok, ni behintzat bai. Antzorizetik Talaraiñoko labar luze eta zulatu horretan zer ez da egongo? Urte askorako biharra dakagu hor, nahi izan ezkeriok.

Antzoriz I-ko aztarnategixa (Santa Catalina I, GEV-324, gure IS-008) babesteko lanen 3garren edo 4garren eguna (neretako lehelengua). Lehelengo Gustavo ijittuakin egon gara burdin guztiak fregonetan kargatzen; gero, Tanak aztarnategiraiñoko pasamanua instalatu dau; bera eta Amagoia bere lanpostuan kokatu dira, eta lan arkeologikua zuzentzen ibilli dira. Ulertu dotenangaittik, gaurko helburua furtibuen zuloko lur guztia (1m3 gitxi gora behera) klasifikatzia izan da, silexa alde batetik, hazurrak bestetik eta lur-harrixak bestetik, datorren astian relleno modura erabiltzeko.

Bittartian, Antzoriz I-ko barruko galerixak esploratzen eta topografiatzen ibilli gara. Koba ikusgarrixa, nahiz eta akenak eta ardixak bertan bizi. Bio: akenak, arakniduak. Sapaixan okre plastoi bat, hormetan punto gorri bat eta baltzez egindako grabauak erretratau dittudaz.

Handik kanpora, Antzoriz II-ra (IS-009). Bide batez esanda, ez dirudi iñundik iñora hau danik GEV-885 (kataloguan lehelengotik 200 metrora dagola diño, hau 15 metro eskasera baiño ez). Lateraletik sartu eta Javi eta Josu topon ziharduela, nik galeriak errekorridu dittudaz, batez be umetako oroitzapenak berpizteko. Ikusi dotenangaittik, kanpoko erlaitzetik baiño ez nintzan ibilli; aldapan gora doian arrakalan (aztarnategikua) ez nintzan sartu. Bio: Javik eta nik opilioi pare bat hartu doguz, gero Scutigera coleoptrata itxurakua harrapau dogu.

Hortik urtenda, “beheian topau daben leza haundira” deittu nabe, argazkixak etaratzeko. Antzoriz IV dala ikusi dot, IS-016, Oskar, Ane eta hirurok 2007-I-21an katalogau genduana (ikusi kronika honetan bertan). Marea behera zeguanez, erlaitz batera jaitsi gara, farol azpittik pasatzen dan tunel inundauan argixa ikusteko moduan. Toporik ez dogu egin, baiña krokis bat egingo dot. Bio: lanpernak.
  
Gero, Iñakik-eta esplorautako Antzoriz III topografiatzera juan gara (IS-015). Oso leza politta, meandro estu bat da, oso laberintikua baiña arrakala bakarran inguruan sortutakua; itsasoraiñok jaisten da, eta haize korriente haundixa uran pistoi efektuak eragindakua dala dirudi. Kanporakuan, “deskantsillotik” kanpora doian katazulua sarrerako potzu bertikalakin bat egitten dabela deskubridu dau Iñakik, eta 4 bat metro behera beste leku batetik urtetzen dabela, bloke artian. Bio: trichoniscoides erraldoi bat, eta harekin batera alkoholetan soltau diran koko txiki pillo bat (kumiak?) eta masma baltz ipurdihaundi bat.

Antzoriz-Iko kanpo basera bueltauta, zain egotia tokau jaku; eta denporia pasatzeko, Amagoiari eta Tanari furtibuen moltzua sailkatzen lagundu detsegu. Ikastaro-expres baten, hazurrak eta silexak bereizten ikasi dogu (dozenaka eta dozenaka eta dozenaka, oso aztarnategi aberatsa dala dirudi).

Oharra: Tanak esan destanez, Armintxe IS-024-an erretratautako hazurrak Bos dira, ez dago argi noizkuak.

2014/03/10

kresala

Martxoak 9: Antua, Ritxar, Oier, Niko, Tomax, Martín eta Iñaki.

Atzo domekan, Antzoriz lurmuturrera (Santa Kataliña, Lekeitio) joan ginen.
Hasiera batean plana Oierren laguntzaz leizak lokalizatu eta katalogatzea zen arren, azkenean Antua, Ritxar eta Martín animatu ziren eta han joan ginen sokak eta ekipoekin lurmuturreko amildegietara.

Paisaia izugarri honetan hasi ginen "Antzoriz I", "Antzoriz II"... katalogatzen eta gauza interesgarri asko aurkitu genituen. Jendeak bitartean harrituta begiratzen zigun Itsasargiko tabernatik, amildegian zintzilik zeuden zoro talde honi.
Dudarik gabe, kobazulorik interesgarriena "Antzoriz III" zen, meandro desfondatu bat, nahiko luzea eta itsasorarte jeisten zena putzu bertikalen bidez.
Jefeak aurreko egunean botatako bronkak sahiesteko instalazio praktikak egin genituen.
Ikusten duzuen moduan, bi plaka sartu nituen, zubi naturala zegoen arren. :-)
Holan Martin lehenengo, gero neu eta azkenik Antua joan ginen putzuan bera eta itsasoaren olatuak ikusi genituen, baina ez hori bakarrik... Koladak eta formazioak ere ikusi genituen, eta ehunzango HANDI ugari (5bat zentimetrokoak.....), Lariz 97an ikusi genuen familia berekoak...

Beste egun baten bueltatzeko utzi genituen ehunzango horiek bertan, putzu batekin eta desobstrukzio batekin batera.

 Igande eguzkitxu baterako plan polita!!