2025/03/10

ADES Errekan gora!


 20250309: Oskar E, Koldobika, Gotzon, Oier.

Basondo (Kortezubi). Atzoko explo jardunaldi gogoangarrixa egin zeben Oskarrek eta Carlos Takomanok: urpetik sartuta, ADES Errekan gora jarraittu zeben, urjauzixa eskaladan gaindittuta, eta aurrera "martxa militarrian" territorixo ezezagunetan aurreratu ziran, galerixa horren espeleometrixia bikoiztuta, harik eta bloke anabasa baten atzera egittia pentsau zeben arte. 01:00ak aldian urten ziran eta, ordu txikixetan, ez dabe lo askorik egin kontizu: 03:00etarako topo datuak KMZra pasauta zittuezen, eta gaur goizian han etorri da Oskar barriro, barko jardunan osteko konjetura-stormingian parte hartzera, eta bertan geratutako materixala etaratzen laguntzeko. Izan be, gaur horretxetara sartu gara: bertan geratutako gauzak 4 petatetan sartu eta, ondo kargauta, kanpora ekartzeko. 

Arazo barik egin dogu, eta Lezikan zeozer hartu eta gero, Sarrikoleara juan gara, bertako biztanlieri euren terrenuan egin nahi doguzen arva probak azaltzeko; argi berdia emon deskue.

2025/03/01

Amezti eta UIS


 20250301: Gotzon, Antua, Oier.

Ameztija (Gizaburuaga). Talde flakua juntau gara gaur, baiña emaitzekin ezin gara kejau. Antuanek bere gerriko miña hobetzeko ebidentzia zientifikuari heldu detsa eta, Gotzonekin batera, harrijasotze eta kontorsiño tratamendua jarraittu dau; ez ahaztu Antua, bigarren partia be egittia! Flexibilidadia lantzia, luzaketak eta abar. Jarduera hau, terapeutikua izatiaz gain, espeleologikoki emankorra be izan da: 15 metro jaitsi dira, leiho haizedun haundi baten aurrian geratuta; hortik behera, zundaketiak gitxienez 30 mtako sakoneria emon dau. Aurrera segurtasunez segitzeko, erortzeko arriskudun harriz garbiketa bat egin biharko da; baiña norabidia eta itxuria ikusitta, seguru nago ez dirala faltako bihar hori egittera animatzen dan boluntarixorik. 

Neure aldetik, eurei apoyo morala emon, zizka mizkak kendu, eta berba egittia izan da gaurko zeregiña. Berba, berba eta berba; hurrengo UIS aurkezpena prestatzeko grabaketa saio marathoniarra egitteko aprobetxau dot-eta. Listua be sikatu!

2025/02/24

Mina Anselma


 20250223: Gotzon, Oier.

Mina Anselma (Karrantza). Espartakoen lurraldean, Andres, Jaime eta Diegok gonbidaturik. Ni estrainekotz, Karlistara eginiko inkurtsioez aparte. Hurbilketa eroso eta ikusgarrian, eguraldi polita izan dugu Lanestosako iturriarekin lotura oso posiblea, eta potentzial itzela duen sistema ia ezezagun honetan barneratzeko. 10 minutu nahikoa izan dira desobstrukzio gunera iristeko, eta espartar erara ekin diogu lanari: espatula tai gabe eta prezisioz erabili, bazkal orduan etena, eta ostean berriro ekin; ni neu puntaraino jeitsi ez naizen arren (blokeak hartzea eta tolestea izan da nire lana), nahikoa zen Andres eta Jaimeren oihartzunak gero eta beherago entzutea, gaur egin dugun aurrerakadaz jabetzeko. Gotzonen sugandila-ahalmenak baliatuz, puntaren puntan eginiko ikustaldiak bide onean goazela baieztatu digute, eta seguraski horrelako beste egun bat gune hau gainditzeko nahikoa izango dela. Zer etorriko den gero? Inork ez daki, baina iturriaren emari demasak atzean egon daitezkeen ubideen tamainaz adierazten diguna ikusita, itxura ona du benetan.

Argazki pare bat eta kokoak hartzeko ere baliatu dugu eguna. Bio laginetan: 1 carábido, 1 araña blanca-rosácea pequeña, 2 Mesoiulus, 1 dipluro?, 1 especie de mosca blanquecina minúscula

2025/02/09

Ameztijan eta Araian


20250209: Oskar E, Peña, Gotzon, Antua, Maite, Javi, Josu, Oier.

Goizez Amezti mendixan (Gizaburuaga), Oskar E prospektore nekaeziñak aurkittutako 3 zulo ikuskatzen, antolakuntza eredu klasiko bat erabillitta (1 biharrian, 4 begira). Lehelengo zulua leku kuriosuan dago: baso-garbiketarako erabiltzen dabizen pista erdi-erdixan zabaldu da, azpittik hustuta, Amezti 1 lezian espeleogenesi prozeso beretsuan, itxuraz. Espero zeikian lehez, 12 bat metroko galtzerdi bat baiño ez momentuz.

Bigarren lezia pista berian gora dago, motan. Itxura hobekua eta putz nabarmenakin (7/10 graduak Beaufort-Etxebarria eskalan) barrura sartzeko zabaldu eta gero, harri lajak kentzen ibilli gara. Kontau dabenangaittik desob biharrakin segitziak merezi dau, bixamonerako hitzordua.

Hirugarren lezia ikuskatu eta gero, zipres baten oiñetan ei dagona, bertan sartziak momentuz ez dabela merezi ebatzi da.

Eguardirako erretiradia egin dogu, eta kopaua hartu eta gero Araiara bidia hartu dogu: "Cavidades de la costa de Bizkaia" hitzaldixa eruan dogu bertako mendi festibalera (aurten 13. ediziñua). Jentia konforme geldittu dala dirudi, eta gaiñera beste taldietako speleo lagunekin egoteko aukeria izan dogu. Egun ona!



2025/02/02

Ogoñon

Valentín Achurculu ere aurkitu dugu.


20250202: Antua, Gotzon, Oier.

Ogoñon (Elantxobe). Prospekziño eguna: Antua eta bixok Atxurkulura egin dogun bittartian, Gotzonek tontorra beheragotik inguratu dau, itturri aldetik kanposantura bueltatzeko. Txarakan burruketan majo egin eta gero (nik espero nebana baiño gehixago), kanposantuan bildu gara barriro. Emaitza gitxi, baiña goiz pasa ona.

Miera, lehen kontaktua aspaldiko partez

 

20250126: Antua, Gotzon, Oier.

1990 hamarkadan ADES Espeleologia Elkarteak explo gogoangarriak egin zituen Mieran. Azken 20 urtean eten gabe(ko matraka 😜) entzun diegu beteranoei Ojáncano - Anjana sistemari buruz, ADESek aurkitu eta esploratua, gaur egun trabesia klasiko bihurtu dena. Bada, orduko lanei segida eman guran, orain errekaren beste aldean arituko gara. Kantabria infinitoa da, lurpean ere, eta bertan mundu osoko espeleologoak aritzen gara aurkitzeke dauden milaka kilometrotako galeriak esploratzen, bertako Federazioaren koordinaziopean. Hauxe izango da gure zona
txoa, 2025ean esploratuko duguna. Ez du itxura txarrik ezta?


2025/01/11

UB-123 Iturritze Behekuan


 20250111: Koldobika, Urtza, Antua, Gotzon, Martin U, Oskar E, Unai (+ lagun 2), Oier.

Iturritze Behekoa (Aulesti). Jentetzia, aspaldixan Goierrixan darabigun esploraziño interesgarrixenari ekitteko! Neure kasuan, Sandwitxeran Pausia zain nekanez, helburu apala: bertaraiñok allegau, bertan burua sartu (jakinda pasauko ez nintzala), kolenbolo batzuk harrapau, eta kanpora. Helburu guztiak beteta!

Danak batera sartu gara, erreskada luzia eginda. Oinguan etxeko lanak eginda ekarri dittudaz (2021eko kronikak eta bio errejistrua irakorritta), beraz banekixan pare bat estuasun larri pasau biharko nittuala, Sandwicheria baiño lehenago. Errez pasau dittudaz, eta segiduan allegau gara "L lekura" (aurreragokuan askoz be luziagua egin jatan!!). Gotzon nekan aurretik, eta Urtza atzetik; aukera ona, paniko-aproba baterako. Eta egin dot: parte horizontala gaindittu (estrainekotz, txarto gogoratzen ez badot), eta parte bertikalian sartu; egon leikezen dimentsiño guztietan neurtu, egin bihar neban mobimendua irudikatu, eta enkajau naiz; Gotzonek eskua emon desta eta tiraka sorbaldak pasau dittudaz; baiña tripia-eta allegatzian, panikua; kontrola galtzeko puntuan egon naiz -arrazionaltasuna vs. erraixak- eta, nahiz eta jakin fisikoki pasau neikiala, bildurra haundiegixa zala eta ez dot nahi izan; beraz behera eta, Urtzan laguntziakin, martxa atrasian urten dot. Baiña pozik, aurreragokuan baiño gehixago sartu naizela eta.

Koldobika eta bixok giñan hortik kanpora urtetzekuak; baiña pentsau dogu, behin horraiñok allegauta, Sandwitxeria pasatziak merezi zebala. Eta horixe egin dau, baitta errez egin be. Hortan zebixala, nik "bug mode" ipiñi eta kanporutzko bidia hartu dot. Une horretan kagada batekin konturatu naiz: pila erdi gastauekin sartu naiz, eta errekanbixua eta B argixa kotxian ahaztu jataz. Ederto Oier! Hire bistiakin, kokuak ederto ikusiko dittuk. Eskerrak Koldobika laster etorri jatala, laginketarako prest: nahikua izan da zer billau bihar zeban azaltzia, kokuak eskuma-ezker biltzen hasteko. Azkenian, ondo bete dogu potia! Pseudosinellia barne, ur potzu baten igarixan topau doguna.

14:00ak aldera kanpuan genguazen, ordu ona bazkaltzera allegatzeko! Bestiak han geratu dira, jakiña, eta kontauko dittuez kontau biharrekuak. Txarto ulertu ez badot, euren helburua eskalada batzuk amaitzia eta bertan dagozen sokak etaratzia zan. Ez badabe potzu erraldoirik topatzen...!

4-5 Quaestus, 2 Lithobius, 1 Pseudosinella, 1 Meta, 1 Tegenaria, 4 Neobisium

Lekeition eta Lezaten

20241231: Javi, Xabi, Oier.

Lekeitioko itsaslabarrak. Ingurumen Baimenan azken egunian, zabalkunde/sentsibilizaziño maillan hain garrantzitsuak dirazen aire-irudixak hartu doguz. In extremis -gutako batzuk azken ordura arte ez dogu jakin gure disponibilidadia, eta meteo partia be aldakorra zan- baiña ondo urten jaku jugadia. Irudixak bakarrik kostaldian zati batekuak izan diraz, baiña: Antzoriztik Lezetarako tramua, hain zuzen be (Ingurumen Baimenian zehaztuta genkan eremuan W zatixa); hortik aurrera, Hirigune Zona izanda, eragozpenak Barne Sailletik zetozen. Eskerrak gure artian Zuzenbide Doktore jauna genkala, norma, lege, atal eta azpiatalen amaraunian katiatuta ittoko giñan bestela! Baiña esandakua: irudi politt batzuk jaso doguz, txorixekin ez da arazorik izan (belatzak dronari erasoko ete zetsen atezuan genguazen) eta hamendik aurrera, iraillera arte gitxienez, ADESekuok ez gara hegaztixak dabizen lekuetan ibilliko.

Aurtenguangaittik, beraz, Lezateko inkurtsiño klasikuan ez gara egon, biharrak deittuta! Gutako batzuk bazkarira juntau gara baiña. Urtia bihar dan moduan amaitzeko! 



Mandarik Mandako Zilluen (Elantxobe)


 20241230: Peña, Oskar E, Gotzon, Antua, Oier.

Mandarik Mandako Zillue (Elantxobe). Aurreko egunian beheraiñok jaitsi ezinda geratu ziran -instalaziño fitxia ez zan zuzena- beraz gaur tunelan argazkixa hartzera jaitsi gara. Gaiñera, bistaz jo zeben leihatilla hori begiratu biharra zeguan. Gauza bixak egin doguz, eta printzipioz biharra amaittutzat jotzen dogu. Leku ederra eta berezixa, benetan.