2023/08/31

Aiatik Aiara


 230827: Javi, Oier.

Enbatarekin kolaborazioan, elkarte hau Eusko Jaurlaritzarendako egiten ari den lanean kolaboratzea tokatu zaigu. Denboraz estu genbilen, Gipuzkoan hiru laginketa eta Araban bat egitea zelako helburua; ADESekook goizez jardun dugu, eta bi egiteko astia eman digu: San Joaquin meazuloan (Arditurri, Oiartzun xxx) eta Aierdimusu koban (Urdaneta, Aia,  xxx).

Arditurrira ailegatzearekin batera, Olaberriko lamiek sekulako euri-erasoarekin ongi etorria eman digute. Guardasolak barrutik ere tantaka, meazuloan sartu eta gelak eta pasabideak segituan ezagutu ditut; Meazuri zain famatuaren fabore irekitako galeria ikusgarrienak omen dira, eta hainbat argazkitan ikusiak nituen. Javi gasak, tenperaturak eta beste parametroak neurtzen ari zirela, nik argazkiren baten lagundu eta neure arloan jardun dut, koko-bilketan alegia. Bada hara, ez dut alerik topatu; ezta bat ere gero! Familiarekin itzuli beharko naiz, lekuak bisita eta ikustaldi sakontxoagoa merezi du eta.

Zarautzen irten eta Txatxarro mendirantz jo dugu, paraje benetan ederrean zehar. Kuriosoa egin zaigu kareharri bakarra mendi tontorrean ikustea, kobazuloa handik metro oso gutxira zabaltzen dela, eta haren tamaina; imajina daiteke garai batean altuera horretan zeuden ur bideen aztarna bat izango dela. Barruan, lokatza, ura, eta gas kontzentrazio ezohikoa; parametroak jaso eta haiek interpretatzea gero tokatuko da, kabineteko lanean. Agian honekin lotuta, kobako barruko galerietan ez dut inolako izaki bizidunik aurkitu; bio lagin bakarrak sarreratik hurbil zegoen dibertikulo batean jaso ditut: 2 Mesoiulus stammeri, 1 Trichoniscoides eta 1 Pseudosinella.

Puntu honetan Javik hanka egin behar izan du, arratsaldez Tuion (Araba) geratuta baitzegoen Carlos Prieto eta Javi Maezturekin. Esan didatenez, programa bete dute beraz egun produktiboa Enbata elkarterako!

2023/08/25

Zortzia oparitu diot Sintxita jainkosari

2023-8-23 Zuto, Santi, Aitor

Gaur “zortzia” probatzera joan naiz gurasoekin Sintxitako errekara. Gailu hau rappela egiteko erabiltzen da, batez ere soka bi batera hartuta jaitsi behar denean. Horretarako,  haitzarteko azken ur saltoa dagoen lekuraino igo gara errekan gora, haitz horma estuen arteko unera, eta beherantz hasi gara, ur jauzietan soka jarri eta zortzia probatzeko.

 
Sintxita. ADES

Amak esan dit kontuz ibili behar dela saltoaren azpira helduta osinaren erdian zortzia askatzeko: izan ere, soltatzeko unean uretara erori daiteke, eta han galdu. Nik ez diot kasu handirik egin.

Halako batean, potxingo sakon baten erdian nengoela, eskutik erori zait eta azpira joan da. Hasieran pentsatu dut erraza izango zela hura aurkitzea. Gurasoei ez diet ezer esan; aurrera joan dira errekan behera, eta ni han geratu naiz zortzia bilatzen.

Pentsatu baino konplikatuagoa izan da. Eskuekin azpia arakatzeko uretan sartu behar izan dut burua behin eta berriro, baina ez nuen zortziaren arrastorik txikiena ere hartzen. Denbora pasatu dut horrela.

Gurasoak deika hasi dira. Laster joango nintzela esan diet, baina ezin nuen zortzia aurkitu. Halako batean aita niregana etortzen ikusi dut errekan gora. Orduan beragana joan naiz.

- Zertan zabiltza hor ba? Galdetu dit aitak

Ez diot ezer esan. Zortzia galdu dudalako errieta espero nezakeen bakarrik. Baina gurasoek laster jakingo zuten trikimailua eta arduraz beteta nindoan. Hurrengo saltora heldu orduko zerbait asmatu behar nuen. Bat batean gurasoei istorio mitologikoak asko gustatzen zaizkiela gogoratu dut.

Jarri dute soka hurrengo saltoan. –Ala, Aitor, behera!-, esan dit amak. Orduan gurasoak konturatu dira ez neukala zortzirik, eta hasi dira zer gertatu zaidan kalkulatzen.

Ama zera esaten hasi da, - … badakit zertan ibili zaren goiko potxingoan- baina bronka harrapatu orduko hauxe bota diot:

- Sintxita jainkosari oparitu diot zortzia!

Ama isil-isilik geratu da, zer esan jakin gabe. Aitak bere zortzia utzi dit orduan.

Eskerrak Sintxita jainkosari!

2023/08/13

Ameztijan

230813: Oier.

Unai Zeberioren bidez allegau jakun (...) kontaktua (...), Oiniz inguruko leza bati buruz informatzen. Josetxu ondarrutarra da, portuko bihargiña, baiña bere aitta Gizaburukua zan, Bengetxe basarrikua; harek erakutsi zetsan gaurko lezia oin dala urte batzuk. (...) Bertara juan gara gaur, Ameztija (Amezti) izeneko parajera.

Bizikletan juan naiz ni Lekittotik, behin kotxia aparkauta sasoi honetan hobe da ez mobitzia eta. Okamikan bildu gara, eta handik Josetxoren 4x4an Oinizera doian bidian pistia hartu dogu, 150 kotaraiñok; gure kotxiakin horraiñok bakarrik allegauko gara; gaur ostera todoterrenuan eskumara hartu dogu, zuloz eta harriz betetako zidorrian, 200 bat mtako alturaraiñok. Bengetxe beheian bistan genkala, aldapa piku-pikuan, Josetxok esan desku aittan denporan kablez bialtzen zittuela behera bedarrak-eta; normala, 300 m horizontal eskasian 200tik 40 mtara arteko desnibela dauke eta!

Pistatik txaran gora, 20 bat mtara topau dogu zulua, errez. (...). Sarrerako argazkixa jasota. I-160 kodigua emon detsat probisionalki (Gotzon konfirmau mesedez). Bertan jausteko moduko lezia da, 2x1 mtako zabaleran, eta barruan dagon ranpa sub-bertikalak geologikoki barrixa dirudi: hormak lurrez estalitta dakaz ondiok. Arrazoi berangaittik, seguraski lur tapoi majo bat eukiko dau beheian; harri batekin zundatuta, 15 bat mtako jauzieria daka, eta haizerik bapez. Itxuraz ez dirudi oso sakona, baiña begiratu biharko da, batez be kontuan hartzen badogu inguruan ez dakagula beste zulorik (M goiko dolinetan Olarria; H beherago I-XX puntu bat, urbegixa; eta N, urriñago, Lezandipe). Josetxuk metalezko taketak dittu zulua seiñalatzen, eta gaur berak ekarrittako zintta batekin erdi balizau dogu.

Etortzen garanian zintta gehixago ekarri, ondo ipintzeko; Josetxu abisauko dogu, eta etorri ezin bada be, esploraziñuen barri emongo detsagu, argazki eta topo batekin gitxienez.


Abitaran, dibulgazioan

Irudixa: Casto Zabala, 1881

 230806: Tomas, Oier.

Eki geologia zale gaztia aspaldi gurekin etortzeko gogoz zebixala eta, bere aitta Fel-ekin batera Abitarara eruan dogu - Zubiburuko kuebia hiru bidar bisittau eta gero, pentsau dogu leku ikusgarri hau erakusteko sasoia zala. Sarrerako galerixa nagusixa ikusi eta gero, katazulo eta laberinto dosis pixkat emon detsegu, emoziñua gehitze aldera. Barruan oso ondo ibilli gara, bertaraiñok allegatzeko sasixekin burruketan baiño hobeto!