2023-8-23 Zuto, Santi, Aitor
Gaur “zortzia” probatzera joan naiz gurasoekin Sintxitako errekara. Gailu hau rappela egiteko erabiltzen da, batez ere soka bi batera hartuta jaitsi behar denean. Horretarako, haitzarteko azken ur saltoa dagoen lekuraino igo gara errekan gora, haitz horma estuen arteko unera, eta beherantz hasi gara, ur jauzietan soka jarri eta zortzia probatzeko.
Amak esan dit kontuz ibili behar dela saltoaren azpira helduta osinaren erdian zortzia askatzeko: izan ere, soltatzeko unean uretara erori daiteke, eta han galdu. Nik ez diot kasu handirik egin.
Halako batean, potxingo sakon baten erdian nengoela, eskutik erori zait eta azpira joan da. Hasieran pentsatu dut erraza izango zela hura aurkitzea. Gurasoei ez diet ezer esan; aurrera joan dira errekan behera, eta ni han geratu naiz zortzia bilatzen.
Pentsatu baino konplikatuagoa izan da. Eskuekin azpia arakatzeko uretan sartu behar izan dut burua behin eta berriro, baina ez nuen zortziaren arrastorik txikiena ere hartzen. Denbora pasatu dut horrela.
Gurasoak deika hasi dira. Laster joango nintzela esan diet, baina ezin nuen zortzia aurkitu. Halako batean aita niregana etortzen ikusi dut errekan gora. Orduan beragana joan naiz.
- Zertan zabiltza hor ba? Galdetu dit aitak
Ez diot ezer esan. Zortzia galdu dudalako errieta espero nezakeen bakarrik. Baina gurasoek laster jakingo zuten trikimailua eta arduraz beteta nindoan. Hurrengo saltora heldu orduko zerbait asmatu behar nuen. Bat batean gurasoei istorio mitologikoak asko gustatzen zaizkiela gogoratu dut.
Jarri dute soka hurrengo saltoan. –Ala, Aitor, behera!-, esan dit amak. Orduan gurasoak konturatu dira ez neukala zortzirik, eta hasi dira zer gertatu zaidan kalkulatzen.
Ama zera esaten hasi da, - … badakit zertan ibili zaren goiko potxingoan- baina bronka harrapatu orduko hauxe bota diot:
- Sintxita jainkosari oparitu diot zortzia!
Ama isil-isilik geratu da, zer esan jakin gabe. Aitak bere zortzia utzi dit orduan.
Eskerrak Sintxita jainkosari!
No hay comentarios:
Publicar un comentario