20250524: Iker, Koldobika, Galder, Oier.
Amezti II handiegi gelditzen zaigula eta, gazteok Busturi aldera jo dugu. Izan ere, Galderrek etxe bueltako zillo batzuen barri jaso zuela eta, eurak begiratzeko aprobetxatzea pentsatu dugu.
Lehenengo, Galderren etxetik pasatu gara, informatzaile nagusiarekin egoteko (...). Bilobari esandakoak berretsi, eta beste barik zilloon bila joan gara.
Lehenengoa, zaharren egoitzaren atzean, (...), Sagarminaga baserriaren terrenoan. Zelai lau batean egindako desplome bat da, metro 1'5 sakon, 2*3 mtako depresio borobila. Paretak lurrezkoak, hondoan hondakinak eta zuhaitz garau bat. Galderren arabera, Petrusek dio inguruan "manantial" bat dagoela. Inpenetrablea. (...). Sarrerako argazkia eta krokisa.
Bigarrena, handik hurre, "Txakurren Kanposantue" esaten dieten lekuan. Sasitza inpenetrable bat da, baiña Begoñaren arabera bizpahiru leza zeuden bertan, tapatu zituzten arte. Euretako bat 40 mtakoa (sic). XX puntu modura katalogatuko dugu, (...). Sasitzaren argazki bat hartuta.
Hurrengoa, Gordoizpe baserri ondoan dolina bat. Hara jeitsita, hondoa lokatzez blokeatuta dago; baina haren lateral batean, arrakala bat zabaldu da haize minimo batekin (1/10 gradu Beaufort-Etxebarria eskalan). 1980 hamarkadako uholdeetan, dolina hau urez asko bete ei zen, harik eta bapatean hustu zen arte. (...). Sarrerako argazkia eta krokisa.
Ostean, kotxea mugitu barik, Kurtzegana aldera egin dugu oinez. Bertan, itsasadarraren aldera jeisten den lautada batean (...) gaztetako olgeta-leku batera iritsi gara, "Enanituen" basoa, leize edo depresio bat ikusteko. Hau ere desplome "berri" bat da, urak terrenoan eginiko azpi-janaren ondorioa. Bidezidorraren zati handi bat hartzen du, gutxienez 8*3*2 m inguruko torka bat (sasitzak ez du izten osorik ikustea). Bertara jaitsita, azpi-janak etenik ez duela erakusten duen beste depresio txikiago batera iritsi gara, torkaren hondoan, 1*1*1 m ingurukoa. Lurrak pasabidea osorik oztopatzen du. (...). Argazki prekario bat (anguloak ematen zuena) eta krokisa.
Ostean, Iker eta Koldobika batu zaizkigu eta, Galder gidariari jarraituta -parajea ondo ezagutzen du, mutilak- Moruzillo ondoko errekazuloan gora egin dugu, Galderrek ura galtzen den hobi bat detektau ei du, eta Moruzillo barruko ur-korrontearekin zerikusia izan dezakeelakoan, erakutsi nahi digu. Errekazuloan sartu bezain laster, konturatu gara ur-emari handiagoa zetorrela (aurreragokoan Galderrek siku topatutako lekuan). Horretara, beste hobi bat detektatu dugu, kamino ondoan bertan, 4 bat l/stako emari bat irensten ari zena. Hobia bera harri txintxarrez beteta dago, baina ondoko motan, hormako frakturen fabore, bi arrakala zabaltzen dira, haize korrontearekin (2/10º BE), eta euretako bat penetrablea desobstruitu ezkero. Ez dakigu merezi duen, zeren eta Moruzilloarekiko konexioak argia dirudi. Edonola ere, katalogatzeko modukoa iruditu zait: (...). Sarrerako argazkia hartuta.
Hortik aurrera, errekazuloan gora egin dugu, Galderrek esandako hobi hori detektatu nahian. Puntu zehatza ezin izan dugu identifikatu, bistan da (ura goian-behean zetorrelako). Bai ostera, aurreko puntutik 30-40 metro errekan goran, emari aldaketa nabarmena: puntu horretara arte errekan 4 bat litro bazetozten, hortik gora 8 l edo gehiago izan dira; beraz, hobia hor inguruan egon behar dela ondorioztatu dugu. Izan ere, zona horretatik gora segitu dugu (arroila polit-polita da), eta emarian ez dugu berriro horrenbesteko aldaketarik ikusi.
Hortik gora segituta, ADESek lehendik katalogatuta zituen zilloak ikustea pentsatu dugu, Atxapunta/Apartola kaskoari buelta ematearekin batera, beste aldetik jeisteko. Horrela, lehenengo AB-008 Apartolara iritsi gara. Bertan, haize korronte nabarmena igarri dugu (3/10º BE), eta fitxa ikusita desobstruitzeko/esploratzeko pendiente dagoela ikusita, B plan polita izan daitekeela ikusi dugu, beste plan handirik ez dugun egunetarako.
Marautze aldera igotzen segitu dugu gero, baina mendi lepora iritsi baino lehen, sorpresa: oraindik Apartolako isuri aldean, bide bazterrean desplome handi bat gertatu da. 8*6*3 mtako torka bat, bidearen zati bat barruan hartu duena, eta hondoan kare harrizko sustratoa agerian itzi duena. Dena lurrez betea eta blokeatua dago, noski (Koldobikak miatu dituen zuloak zuhaitz handi baten sustraiaren artean gelditutako pasabide faltsuak baino ez dira izan). Halere, fenomenoaren neurria ikusita, katalogatzeko modukoa iruditu zaigu. (...). Gunearen argazkia hartuta.
Ordurako berandutxo zenez, AB-006 Marautze eta AB-005 Kañaneko zilloen ondotik pasatu gara, baina bertara sartu barik. Beherantz egin dugu, bizkor xamar, eta Amunategin zer, eta familia osoa aurkitu dugu bertan; haien artean (...) gure 2005eko informatzailea. Denak etorri zaizkigu, nagusi eta ume, berbetarako gogoz, eta noski, hortan jardun dugu zati batean; ADESen ikerketak, azpitik dituzten galerien informazioa, aerotermia sistema, txakolinaren ekoizpena, haien kobazuloa hobeto aztertzeko duten gogoa (AB-011, Koldobika eta Iker egon dira han)... gustura egon gara baina alde egin beharra genuen gu.
Erretirada bidean, beraz, oraindik Galderrek beste zulo bat erakusteko astia hartu du, Lekosaezondon (katalogoan AB-001 Lekuondo bezala katalogatua duguna). Hau neuri interesatu zait gehien, kokapena eta dimentsioak bio laginketarako oso egokia bihurtzen dutelako. Beste egun baterako!
Gaur atentzioa deitu didaten detaile etnografiko bi:
- Galderren arabera, San Pedro haitzuloaren izena ez da desegokia (nik uste nuen legez) baizik eta koban egoten diren kakalardoengaitik emana ("sanpedruak" = kakalardoak ei dira Busturin). Kontrastatu eta berretsi.
- Amunategikoen arabera, Jaun Zuriaren itsas-espedizioa San Pedro koban gelditu zen ur geza hartzeko. Horren erreferentzia zehatza aurkitu.
Horrenbestez amaitu dugu eguna. Ez da gutxi! 5 zillo berri eta XX puntu bat katalogorako, eta lehendik ezagutzen genituenen artean errebisatzeko beste zillo bi.
PD: beteranoen taldea ere ez ei da geldirik egon. 😁Arratsalde erdian irten dira Amezti IItik, eta hau izan da emaitza.